Athleticek irabazi du Euskal Herria Kopa, finalean Reala mendean hartuta (2-4)
Talde zuri-gorriak Euskal Herria Kopa eskuratu du bederetzigarren aldiz, finalean Reala gaindituta (2-4). B mailako txapela, berriz, txuri-urdinen bigarren taldeak jantzi du.
Bederatzigarren aldiz eskuratu du Athleticek Euskal Herria Kopa. Zuri-gorriek Reala gainditu dute Lezaman jokatutako finalean, gipuzkoarreei erreleboa hartuta txapelketaren palmaresean.
Partida polita jokatu dute talde biek, nahiz eta une batzuetan nabaritu den denboraldiko lehen urratsa ematen ari direla eta alde bietan ziurrenik titularrak izango diren futbolariak falta izan direla. Golak, behintzat, ez dira falta. Ez eta lehiakortasuna ere, Kike Zurutuza Euskal Herria Kirolako arduradunak NAIZi emandako elkarrizketan azpimarratu zuen bezela, jokalariek txapelketari ematen dioten garrantzia nabarmenduz.
Oraindik uda den legez, nekea agertu da bigarren zatian, aldaketekin taldeak zerbait freskatu diren arren. Gasolina egon den bitartean, batez ere lehen zatian, borroka ederra ikusi da Lezamako soropilean. Realak baloia bereganatu nahi izan du baina Nanclares taldekide-oiharen areara garbitasunez gerturatzea kostatu zaio. Bizkaitarrak, berriz, erosoago sentitu eta eraginkorragoak izan dira. Futbol zuzenagoaren aldeko apostua egin eta arriskua sortu dute, batez ere hegaletatik sartuta.
Lehen ordu laurdena bete aurretik heldu da lehen gola. Marianak abisua eman du aurretik, Sanadriren pasea hartu eta bere jaurtiketa gurutzatua zutoinera bidaliz. Eta minutu bat beranduago, protagonista berberak izan ditu 0-1eko jokaldiak. Gipuzkoarrak baloia berreskuratu eta bere asistentzia aprobetxatuz, Marianak, gaur kapitain besokoa zuela, berdinketa hautsi du jaurtiketa bortitz batekin.
Erreakzioaren bidea aurkitu ezinda, bigarrena jaso du Realak sei minutu beranduago. Eskuin hegaletik etorri da oraingoan bere aurkariaren gola, Nevadok baloia hutsunera bidali duenean, Aranak jaso eta erdiraketa, Azkonak buruz errematatuta, 2-0ekoa jartzeko.
Orduan ohartu da Reala gerra-deklarazioa benetazkoa zela eta aurrepausoa eman du berehala. Zelaiaren beste aldean aurretik gertatu den bezela, abisua zutoinean jo duen baloi batekin etorri da, kasu honetan Iris Arnaizek jaurtitutakoa. Hiru minutu beranduago, Eizagirrek markagailua estutu du. Aparicioren pase sakona hartu, arean kontrolatu hiru aurkarien mehatxua gaindituz eta ondo zuzendutako jaurtiketa gogor batekin sartu du bere taldeko lehen gola kapitainak.
Realaren txanda omen zen eta Natalia Arroyoren jokalariek aukera aprobetxatu dute, bigarren gola ere sartuz. Lehen zatia amaitzeko zortzi minutu besterik ez ziren falta berriro ere Apariciok pase luzea egin duenean, oraingoan Jenseren bila. Norvegiarra zentralak baino azkarrago ibili da eta Nanclaresen irteera txarra aprobetxatuta, baloia goitik bidali du atera, partida berdintzeko.
Atsedenaldirako hain denbora gutxi falta zela eta markagailua berriro parekatua zegoela ikusita, bazirudien partida bigarren zatian erabakiko zela eta jokoa zertxobait moteldu da. Baina Athleticek bala bat zeukan gordeta eta luzapeneko azken jokaldian talde txuri-urdina baino biziagoa ibili da Nerea Nevadok areara bidalitako baloian eta Paula Aranak 2-3koa sartu du.
Mariasun Quiñonesen atepean zela itzuli dira bizkaitarrak zelaira; Reala, aldiz, aldaketarik egin gabe baina suspertuta. Baloi jabetza bereganatu du berriro ere eta oraingoan Athleticen arearen inguruan egotea lortu du. Kostatu zaio, hala ere, arriskuko jokaldi garbiak sortzea.
Nekea nabaritzen hasi denean, aldaketak etorri dira eta gipuzkoarrek eskertu dituzte batez ere. Nora Sarriegi zelairatu berriak langara bota du jaurtiketa gogorra eta hurrengo jokaldian ederto ibili da Quiñones kornerrera bidaltzeko Lorena Navarroren jaurtiketa polita. Baina Reala ondoen zegoenean, bizkaitarren laugarren gola heldu da. Amaitzeko hamar minutu falta zirela, Ane Azkonak Elene Leteren akats nabarmena aprobetxatu eta behin-betiko 2-4koa sartu du.
Alaves aise gaindituta (5-0), Eibarrek osatu du Euskal Herria Kopako A mailaren podiuma. Osasuna izan da bosgarrena, Bizkerre gainditu ondoren (3-0). B mailari dagokionez, Realeko bigarren taldeak jantzi du txapela, finalean Athletic 0-2 gaindituta. Mulier, San Ignacio, Arratia eta Eibar C taldeek osatu dute sailkapena.
Real Sociedad: Lete; Emma, Aparo, Tejada, Izarne (Mirari, 76.min.); Franssi (Viles, 76.min.), Andreia, Iris Arnaiz (Sarriegi, 76.min.), Eizagirre; Amaiur eta Jensen (Lorena Navarro, 64.min.).
Athletic: Nanclares (Quiñones, 46. min.); Elexpuru, Maite Zubieta, Maddi, Nerea Nevado (Eunate, 84.min.); Itxaso; Azkona (Zugasti, 84.min.), Mariana (Amaia Martinez, 84.min.), Clara Pinedo, Arana (Gara, 76.min.); eta Sanadri (Sara Ortega, 65. min.).
Epailea: Martin Perez (Euskal Herria). Ez du txartelik erakutsi.
Golak: 0-1, 13.min.: Mariana. 0-2, 19.min.: Azkona. 1-2, 31.min.: Eizagirre. 2-2, 37. min.: Jensen. 2-4, 80.min: Azkona.
Gertakariak: Euskal Herria Kopako finala, Lezaman jokatuta. Partida hasi aurretik, joan den urtean zendu zen Jon Esturo txapelketaren sortzailea omendu dute. Bere alabak egin du ohorezko sakea, talde bietako kapitainek kamiseta bana eman ondoren.