INFO

Ireki dute Fagorren Herrigintza lankidetza programan gizarte egitasmoak aurkezteko epea

Fagor Herrigintza lankidetza programaren bigarren edizioa abiatu du Fagor Taldeak. Euskal Herri hobe baten alde lanean ari diren gizarte eragileen proiektuak laguntzea du xede ekimenak eta hilaren 30era bitarte egongo da proposamenak aurkezteko aukera.

Iaz Zaporeak izan zen laguntza zuen ekimenetako bat. (Fagor Herrigintza)

Astearte honetan bertan abiarazi dute Fagor Herrigintza lankidetza programaren bigarren edizioa. Fagor Taldearen ekimen honek Euskal Herria hobetze aldera lanean ari diren gizarte eragileen proiektuak laguntzea du helburu eta aurten, berrikuntza moduan, eragileek eurek erabakiko dute zein laguntza lerrotan aurkezten duten euren egitasmoa. Irailaren 30era bitartean dago proposamenak aurkezteko aukera. Euskara hutsean aurkeztu beharko dira, Fagor Taldearen webgunean.

Iaz moduan, Fagor Taldeak hiru laguntza banatuko ditu 60.000, 40.000 eta 20.000 eurokoak. «Herrigintza eta izaera komunitarioa hauspotzen duten hamaika proiektu daude martxan urtero Euskal Herrian, bateko eta besteko gizarte beharrei erantzun egokia emateko ahaleginean. Komunitatearen ahalduntzean eta indartzean sinesten du Fagor Taldeak, eta horretan ari dira gizarte eragileak uneoro», azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak, eta haien zeregina aitortzearen garrantzia azpimarratu du.

Aurten, berrikuntza moduan, gizarte eragileek eurek aukeratuko dute zein laguntza lerrotan aurkezten duten euren proiektua, alegia, zein laguntza jasotzeko aurkeztu. Egitasmoak aurkezteko epea bukatuta, aurrez ezarririko oinarrien araberako puntuaketa sistema oinarri, urri bukaeran bederatzi egitasmo pasako dira hurrengo fasera, talde bakoitzetik, hiru. Horretan, Fagor Herrigintzaren laguntzak jasoko lituzketen hiru proiektuak aukeratuko lituzkete Fagor Taldeko kooperatibetako bazkideek, azaroan. Eta abenduaren 6an argitaratuko lirateke Fagor Taldearen web orrian zeintzuk liratekeen laguntzak jasoko lituzketen hiru proiektuak.

Bigarren edizioa

Aurtengoa, bigarren aldia du Fagor Herrigintza lankidetza programak. 2022an sortu zen, «euskal gizartean erroturiko ekinbideak laguntzeko eta eurekin elkarlanean jarduteko». Haren bidez, Garapen Iraunkorreko Helburuei erantzun propioa eta berritzailea ematea helburu duten proiektuak bultzatu nahi ditu Fagor Taldeak. Asmo horrekin, Zaporeak (60.000 eurorekin), Aita Mari Itsas Salbamendu Humanitarioa (40.000 eurorekin) eta Seaska ikastolen federazioa (20.000 eurorekin) lagundu zituen 2022an.