INFO

Noemi Ostolaza izango da Lakuako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari berria

Noemi Ostolaza Arkauzek ordezkatuko du Monika Hernando Lakuako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzan.

Noemi Ostolaza Arkauz izango da Lakuako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendari berria. (IREKIA)

Astearte honetako Gobernu Kontseiluan onartuko du Lakuak Noemi Ostolaza Arkauz Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendari izendatzea. Orain arte, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko kabineteko zuzendaria da Ostolaza.

Ostolaza (Orio, 1974) Pedagogian lizentziatua da. Bere jaioterriko zinegotzi izan zen 2003 eta 2015 urteen artean, eta aholkularia Gipuzkoako Foru Aldundian 2003 eta 2011 artean.

2013 eta 2020 artean Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko aholkularia izan zen, eta kabineteko zuzendaria ere izan zen.

Iragan maiatzaren 28an egin ziren udal eta foru hauteskundeetan, Orion EAJren zerrendaburua izan zen Noemi Ostolaza. Jeltzaleek inoizko emaitzarik kaskarrenak lortu zituzten kostaldeko herrian, 3 zinegotzi eskuratuta, eta EH Bilduk gehiengo osoa eskuratu zuen, hamar ordezkarirekin.

Zuzendari berriak Monika Hernando ordezkatuko du. Hernando Bilboko Udalera pasako da, Bizkaiko hiriburuko Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazio Zuzendaritza bere gain hartzeko.

2013tik izan zen Hernando Lakuako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendari, iragan astean uzten zuela jakin zen arte. Aurrena Lehendakaritzaren organigramaren baitan egon zen kargu hori eta 2020tik, aldiz, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren baitan.