INFO

Zortzi aldiz biderkatu da barreiatze bonben biktima kopurua, Ukrainako gerraren eraginez

Ehun herrialde baino gehiagotan debekatuta dauden barreiatze bonbek 1.172 pertsona hil edo zauritu zituzten mundu osoan 2022an, aurreko urtean baino zortzi aldiz gehiago, Ukrainako gerran bi aldeek erabili izanaren ondorioz.

Lehertu gabeko barreiatze bonba bat, Ukrainan. Errusiako zein Ukrainako armadek erabili izan dituzte halako armak gerran. (Daniel CARDE | CONTACTO | EUROPA PRESS)

Barreiatze Munizioen Aurkako Koalizioaren hamalaugarren urteko txostenaren ondorio nagusiek jasotzen dutenez, gutxienez 1.172 pertsona hil edo zauritu ziren munduan arma mota horien erabileraren ondorioz. 2010ean koalizioa urtez urteko txostenak egiten hasi zenetik jasotako biktima kopururik handiena da.

Nazioarteko kanpainaren helburua da herrialde gehiagok izenpetzea barreiatze armamentuaren aurkako 2008ko Osloko Konbentzioa. Oraingoz, 112 Estatuk bat egin dute eta beste 12k sinatu egin dute, baina nabarmenena potentzia handien absentzia da.

Barreiatze armamentu mota horrekin egindako erasoen goraldia islatu dute datuek: 2021ean baieztatutako 149 biktimak arma horien hondakinak lehertzean hil edo zauritu baziren (bat ere ez eraso zuzenetan), iaz 1.172 biktimetatik 987 arma horiek erabili ziren ekintza zuzenen ondorioz izan ziren. Kasu gehienetan (890 biktima), barreiatze bonbekin egindako ekintza horiek Ukrainan egin ziren, baina Siriako eta Myanmarreko armaden erasoetan erabili ziren.

Herrialde horiez gain, Azerbaijanen, Iraken, Laosen, Libanon eta Yemenen ere izan ziren biktimak, kasu horietan ez zuzeneko erasoengatik, baizik eta iraganean erabilitako arma horien hondakinak lehertzearen ondorioz.

Bonba horien biktimen %95 zibilak dira, dokumentuak ohartarazi duenez. Halaber, arma horien hondakinekin lotutako istripuen ondorioz hildakoen edo zaurituen %71 haurrak dira.

«Barreiatze munizioek eragindako biktima zibil berrien gorakadak arma lazgarri horiek zibilengan, eta tartean haurrengan, duten eragin suntsitzailea gogorarazteko balio du», nabarmendu zuen txostena aurkeztean Tamar Gabelnick koalizioko zuzendariak.

«Arma hauek debekatu ez dituzten herrialde guztiek berehala egin behar dute urrats hori, ez dago aitzakiarik erabiltzen jarraitzeko», gaineratu du.

Txostenaren egileak bereziki kezkatuta agertu dira AEBtako Gobernuak joan den uztailean Ukrainara barreiatze munizioak bidaltzea onartu zuelako.

Barreiatze bonben bidezko erasoetan, lehergailu txiki ugari sakabanatzen dituzte eremu zabal batean, eta horietako askok ez dute hasierako inpaktuan eztanda egiten. Hala, denbora luzez eta, pertsonen aurkako minen antzera, jomuga bereizi gabe heriotzak eta zauriak eragin ditzaketen hondakinak utziz.