895.000 pertsona bizi dira etxerik gabe Europan, gorantz doan joera herrialde gehienetan
Feantsa eta Frantziako Abbe Pierre Fundazioak eginiko urteko txostenean zehazten denez 895.000 pertsona inguru daude etxerik gabe Europan. Azpimarragarria da bizitzeko gutxieneko baldintzak dituzten etxebizitzetan bizi direnen herritar kopuruak ere gorantz egin duela.
895.000 pertsona inguru bizi dira etxerik gabe Europako Batasunean, eta fenomeno hori gero eta handiagoa da herrialde kide gehienetan. Datu hori Marseilla edo Turin hirietako biztanleek gauero aterperik gabe lo egitearen baliokidea da eta «Europako herrialdeek etxebizitza oinarrizko eskubide bihurtzeko duten ezintasunaren lekuko da», Etxerik Gabekoekin Lan egiten duten Elkarte Nazionalen Europako Federazioak (Feantsa) eta Frantziako Abbe Pierre Fundazioak egindako urteko txostenean zehazten denez.
Aurreko edizioetan, azterlanak «ezezaguntzat» jo zuen Europako etxerik gabeko pertsonen kopuru osoa. 2020ko txostenera jo behar da estimazio oso bat lortzeko. Orduan, etxerik gabeko 700.000 pertsona bizi ziren aldi baterako eta larrialdiko bizitokietan; horrek erakutsi zuen hamar urtean %70eko igoera izan zela.
Hala ere, azterlanaren egileek zehaztu dute beren balantzea etxegabetasunaren aurkako borrokan lan egiten duten herrialdeek eta elkarteek emandako «datu zatikatuetan» oinarritzen dela eta bazterkeria fenomeno horren «forma agerikoenak» baino ez dituztela kontuan hartzen.
Alemanian (83,2 milioi biztanle), adibidez, 2022an egindako lehen zenbaketa nazionalak zehaztu zuen 262.645 pertsona zeudela etxerik gabe. Eta espainiar Estatuan 28.552 pertsona artatu zirela ostatu eta jatetxeetako laguntza zentroetan (INE Estatistikako Institutuaren datuak), 2012an baino %24 gehiago.
«Joera hori alderantzikatu nahi bada, neurri politiko garrantzitsuak eta egiturazko neurri ausartak behar dira»
«Oraingoz, Finlandia, Danimarka eta Austria bezalako herrialde gutxi batzuek bakarrik lortu dute beren lurraldean etxerik gabeko pertsonen kopurua nabarmen murriztea. Joera hori alderantzikatu nahi bada, neurri politiko garrantzitsuak eta egiturazko neurri ausartak behar dira», dio testuak.
Baldintza desegokietako etxebizitzak, gorantza
Feantsak eta Abbe Pierre Fundazioak inflazioaren eragina azpimarratu dute. Europako bi hamarkadetako datuei erreparatuz «etxebizitzaren krisian» izandako eragin kaltegarria sumatzen dela adierazi dute. Azaldu dutenez, horrek «etxe xumeei» eragiten die batez ere, baina inflazioa arintzeko Gobernuaren neurriak «eskasak» izan direla eta ez direla diru-sarrera mailen arabera egokituta egon.
Era berean, ikerketak ohartarazten duenez, Europako herrialdeek gerraren ondorioz 4,5 milioi ukrainar hartzeko egindako ahaleginaren ondoren, «errefuxiatuen ostaturako finantza laguntzak murriztu egin dira», eta apartamentu publiko edo pribatuetarako trantsizioak «dagoeneko saturatuta dagoen merkatua astinduko du».
Europako etxebizitza parkeko bizitokien kalitate txarra da egiaztatu den beste kezka nagusietako bat ikerketaren ondorioetan. Oro har, etxebizitzen baldintzak hobetu egin dira azken hamarkadetan, baina «milioika pertsona baldintza ez-duinetan bizi dira oraindik».
Osasun baldintzak ez betetzeari, pilaketari, kutsatzaileekiko esposizioari, komunik ezari, sute edo erortze arriskuari edo tenperatura egokiari eusteko zailtasunari buruzkoak dira, besteak beste baldintza txar horien hainbat adibide.
Errumanian, 2020an, biztanleen %45 etxebizitza superpopulatuetan bizi zen, eta Bulgarian, berriz, %13 komunontzirik gabeko etxeetan.
Adibidez, Errumanian, 2020an, biztanleen %45 etxebizitza superpopulatuetan bizi zen, eta Bulgarian, berriz, %13 komunontzirik gabeko etxeetan. Urte berean, biztanleriaren ia bostena (%18) frantziar Estatuan bizigarritasunerako desegokitzat jo zitezkeen etxebizitzetan bizi zen.
«Etxebizitza desegokia hainbat arazo sozial, ekonomiko eta politikoren bidegurutzean dago: etxe apalenen prekarietatea, higiezinen merkatuaren desarautzea eta espekulazioa, huts egindako politika publikoak, etxebizitza sozialen parke eskasa edo egoera txarrean egotea», zehazten du ikerketak.
Hala, «baliabiderik edo gizarte zerbitzurik ezean, biztanleriaren tarte bat, etxebizitzaren kostu handiari aurre egiteko gai ez dena, degradatutako edo berritu ezin diren jabetzetan harrapatuta dagoen alokairu azpimerkatu baten gatibu dago», gaineratu du.