INFO

Bi traineru, onenak direla erakustera, eta beste hirurak, aldaba jotzera

Bermeok irabazi du Kontxako lehen estropada. Zabala Bermeoko prestatzaileak esan du antolatzaileek emandako irudia ez dela «ona» izan. Orbañanos Hondarribiko entrenatzailearekin, Diaz Donostiarrako patroiarekin, Iriondo Orioko arraunlariarekin, eta Antepara Zierbenakoarekin ere aritu da NAIZ.

Urdaibaiko trainerua Santa Klarako uhartearen parean, Kontxako lehen jardunaldiko bueltako luzean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Urdaibaik, beste behin, aho bete hortz utzi zuen bat baino gehiago Kontxako Banderako lehen jardunaldian: ziabogan 11 segundoko galera zuen lehen txandako ontziekiko, eta bueltako luzean, denbora hori irauli, eta markarik onena ezarri zuen; Hondarribia 1.25 segundora utzita, Donostiarra 4.19ra, Orio 4.97ra eta Zierbena 7.75era.

Iker Zabala (Bermeo, 1979) Urdaibaiko entrenatzaileak hori nola egin zuten azaldu du: «Lehen txandan, kanporantz, aldeko haizea nahiko fuerte ibili zen, eta horregatik, hamabi segundoko atzerapena izan genuen. Gero, barrurantz, guk eurek baino baldintza hobeak izan genituen, eta horregatik gainditu genituen».  Horrez gain, Zabalak uste du, neurketa orokor bat eginda, haiek beste txandakoak baino «baldintza txarragoetan» joan zirela, baina «buelta gehiago ematea alferrik» dela.

Pasa den igandeko helburua «bizirik ateratzea» zela nabarmendu du Bermeoko prestatzaileak. Eta, bizirik atera ez ezik, irabazi egin zuten estropada; beraz, helburua aise bete zuten. «Kontuan izanda bigarren txandan gu bakarrik joan ginela, erreferentziarik gabe, helburua oso ondo bete genuen. Baina hankak lurrean ditugu, oraindik jardunaldi bat falta da. Irrikaz gaude Donostiara joateko eta estropada egiteko».

Zabala (Bermeo): «Akats bat egon da, eta akats hori nahita edo nahigabe egin arreb, uste dut Urdaibai kaltetua izan dela [...] Irudia ez da ona izan»

Bigarren txandako ontziak lehen txandakoen erreferentziarik gabe aritu ziren, eta hori irmoki salatu zuen Zabalak, ETBko kameren aurrean. Adierazpen horiek beroan egin zituela adierazi zuen, eta orain, hotzean, «apur bat lasaiago» dago. Hala ere, prestatzaileak uste du Urdaibai «kaltetua» izan zela.

«Akats bat egon da, eta akats hori nahita edo nahigabe egin arren, uste dut Urdaibai kaltetua izan dela. Estropada osoan aritu gara gure aurkariei ondo eutsiz, baina aurreko txandako erreferentziarik gabe. Zer gertatzen da? Donostiako antolatzaileek gogoan hartuko dute, azkenean, eurak ere kaltetuak izango direlako. Irudia ez da ona izan. Arraunlariek eta arraun munduko jendeak inportantzia handia ematen diogu estropadari, eta ikusten dugu hutsuneak daudela. Denon artean umiltasunez, ea gai garen hutsune horiek berriz ez gertatzeko», esan du Zabalak.

Hondarribia, Orio, Donostiarra eta Zierbena parez pare, Kontxako lehen jardunaldiko estropada hasi berritan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Aldi berean, Bermeoko prestatzaileak adierazi du beroan egindako kexak, hotzean, ez direla «horrenbestekoak», baina ohartarazpen bat egin du: «Kirolariek ematen duten maila ikusita, kanpoan ere merezi dute halako maila izatea».

Kontxako bigarren jardunaldiari begira, Zabalak esan du estropada «oso gogorra» izango dela, eta Urdaibai kondizio «onetan» iritsiko dela: «Moralaz topera; abantaila, txikia bada ere, gure aldekoa da».

Hondarribia, Donostiarra eta Orio konforme; Zierbena ez guztiz

Haiek dira faborito nagusiak, Hondarribiarekin batera. Beste hirurak aldaba jotzen saiatuko dira. Mikel Orbañanos (Orio, 1973) konforme atera zen pasa den igandeko estropadatik. Helburua haien txanda irabaztea zen, eta hori lortu zuten: «Helburua zen txanda irabaztea, eta aurkariek abantaila asko ez izatea. Urdaibai bezalako aurkari batek 1,25 segundoko abantaila izatea gurekiko ondo dago. Oraindik bizirik gaude».

Donostiarra izan zen hurrengo ontzirik azkarrena, ‘Ama Guadalupeko’-aren eta ‘Bou Bizkaia’-ren atzetik. «Ikusirik zer maila dagoen», Arkaitz Diaz (Donostia, 1983) Donostiarrako patroiak nabarmendu du «oso irakurketa positiboa» egiten dutela pasa den igandeko estropadaz: «Udaran ikusi da oso garesti dagoela ohorezko txandan sartzea, eta guretzat hor sartzea helburu garrantzitsu bat zen, eta lortu genuen».

Orbañanos (Hondarribia): «Kontrolatu ezin daitezkeen gauzekin burua haustea alferrik da. Horrek ez dizu uzten zure errendimendurik onena ematen»

Helburua lortu zuten, baina gogotik sufritu behar izan zuten estropadan. ‘Kaiarribako’ patroiak adierazi du «oso estropada gogorra» izan zela: «Hasieran ateratzeko ez genuen kale edo momenturik onena izan. Hondarribiak eta Oriok aurrea hartu ziguten, eta gero, atzetik aurrerako bidea egin genuen kanpotik, eta bueltan, errematatzeko aukera izan genuen».

Oriok atzekoz aurrera egin du denboraldi honetan, eta ematen du denboraldiko sasoirik onenean daudela. Jon Salsamendi entrenatzaileak estropada amaitu berritan egin zituen adierazpenetan nabarmendu zuen «banderatxo bat» irabazi zutela, orain arte ligan lortu ez dutena egin zutelako: faboritoekin txanda berberean arraun egin, eta haien pare aritu.

«Igandean hasieratik aurrean ikusi ginen, eta sentsazio onak izan genituen. Gure arraunketa hartu genuen. Hondarribiak ziabogan aurrea hartu zigun, eta Donostiarrarekin batera bukatu genuen. Estropada oso konpletoa egin genuen», nabarmendu du Jon Iriondo (Ondarroa, 1976) Orioko arraunlariak.

Hondarribiko eta Orioko traineruak lehia bizian, Kontxako estropadako bueltako bidean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Faborito nagusietatik, Zierbena izan zen estropada kaxkarrena egin zuena, eta kasik banderarako lehiatik kanpo geratu zena. Urdax Antepara (Bilbo, 1996) Zierbenako arraunlariak esan du «espero baino zorte txarragoa» izan zutela kalearekin −laugarrenetik egin zuten arraun−: «Merituzko estropada egin arren, segundo batzuk ihes egin ziguten. Lehen igandeko helburua bizirik ateratzea izan arren, ez gaude guztiz konforme beste txanda batetik aritzearekin».

«Abaniko zabala»

Zortzi segundoko aldean bost traineru egoteak banderarako lehia asko estutzen du; are gehiago, jakinda ‘Galipoek’ lehen txandatik egingo dutela arraun, eta txanda batetik besterako baldintza aldaketak erabakigarriak izan daitezkeela.

Urdaibaiko prestatzaileak adierazi du lehia «beti» izan dela estua, baina aurten zer gertatzen da? «Bost traineru daudela tarte txikian, eta kontuan hartuta Zierbena lehen txandan aterako dela. Horrek esan nahi du gure txandan haize apur bat altxatzen bada, kontuz ibili beharko dugula. Aurten ikusi da Zierbenak baduela maila gu bezain azkar ibiltzeko», ohartarazi du Zabalak.

Diaz (Donostiarra): «Udaran ikusi da oso garesti dagoela ohorezko txandan sartzea, eta guretzat hor sartzea helburu garrantzitsu bat zen»

Bide beretik, Orbañanosek ere nabarmendu du detaile txikiak kontuan hartzekoak izango direla, eta Zierbenak, lehen txandan arituko denez, «bai onerako bai txarrerako, abantaila txiki bat» izan dezakeela. «Eta, seguru, baldintza berdinetan ez direla joango». Hondarribiako prestatzaileak Urdaibai ikusten du faborito, baina ligan aurreko postuak tartekatzen joan direnez, «edonork irabaz» dezakeela dio.

Aldi berean, Donostiarrako patroiak «oso irekia» ikusten du banderarako lehia, eta ez du «inor baztertzen ezertarako». Hala ere, termometrorik onena liga denez, Diazek adierazi du Bermeo «ondo merezitako» faboritoa dela, eta hori zerbait  «objektiboa» dela. Orioko arraunlariak uste du Bermeoz gain, Hondarribia ere faboritoa dela, eta beste guztiak «zain» egongo direla: «Ea estutzen ditugun».

Bestalde, Zierbenako arraunlariak azpimarratu du «baldintzetan begira egon baino estropada biribila egitera joango» direla. Hori eginez gero, «goiko langan ibiltzeko aukera» izango dutelako. Banderarako lehiak «abaniko zabala aurkezten» duela adierazi du Anteparak, baina, «Bermeok egin zuen estropada itsu-itsuan eta arerioen erreferentziarik gabe, kontuan hartzekoa» dela nabarmendu du.

Iriondo (Orio): «Gure arraunketa hartu eta txanda irabaztera joango gara»

 

Bermeo jotzen dute denek faborito. Zabala entrenatzaileak nabarmendu du hori hasieratik «demostratu» dutela bai ligan, bai Kontxan, eta «zerbaitengatik» daudela «punta-puntan». «Ikusten da egoera txarretan ere taldeak aurpegia eman duela, eta horrek esan nahi du heldutasuna eta gaitasuna dutela estropada irabazteko». Ohorezko txanda irabaztera joango direla adierazi du Zabalak, eta gaineratu, hori «nahikoa ez bada bandera Bermeora ekartzeko, zoriondu besterik ez dutela irabazten duenari».

'Ama Guadalupekoa' «antsietaterik eta presarik gabe»

Dena ematera aterako direla ez dago zalantzarik, denek nahi baitute astindu banderarik preziatuena. Orbañanosek adierazi du «antsietaterik eta presarik gabe, eta ahalik txukunen» egitera joango direla, «dominatu ezin» dituzten gauzak «alde batera utzita»: «Kontrolatu ezin daitezkeen gauzekin burua haustea alferrik da. Horrek ez dizu uzten zure errendimendurik onena ematen».

Orioko zaleak arraunlariei hauspotzen Donostiako arranplan, Kontxako lehen jardunaldian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Iriondo Orioko arraunlariak esan du ez direla ari banderan pentsatzen: «Gure arraunketa hartu eta txanda irabaztera joango gara. Etekinik handiena atera nahi diogu taldeari, eta ahalik emaitzarik onena lortu. Estropadak jarriko gaitu gure lekuan».

Orioko herriaren ilusioa mantentzeaz ere mintzatu da Iriondo, eta aitortu du horrek asko laguntzen duela entrenamenduetan. Are gehiago, «zer udara» egin duten ikusita: «Guretzat bigarren txandan egotea mentalki oso gogorra izan da».

Antepara (Zierbena): «Baldintzetan begira egon baino estropada biribila egitera joango gara»

 

Anteparak adierazi du Zierbena bere txanda «ahalik estuen» borrokatzera joango dela, eta Bermeok aurreko igandean egin zuen estropada egiten saiatuko dela. Aldi berean, Diaz Donostiarrako lemazainak nabarmendu du haien esku dagoen guztia «ahalik hoberen betetzen, eta estropadaren arlo guztiak ondo garatzen» saiatuko direla.