INFO

Zazpi herrialdez osatutako herria irudikatu da Vueltak zeharkatutako errepideetan

Ikurrinak eta erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarriak nabarmendu dira larunbat honetan Zuberoa eta Nafarroako errepideetan, Vuelta bertan dela. Larraineko mugan, gainera, agerraldia egin du Gure Eskuk, behingoz ireki dezaten eta Euskal Herriak erabaki dezan exijitzeko.

Ikurrinak Vueltaren ibilbidean. (GURE ESKU)

Euskal Herrian da txirrindularitzako Espainiako Itzulia (nazioartean Vuelta aski ezaguna) larunbat eta igande honetan. Eta Frantziako Tourren gertatu zen bezala, ikurrina andanak eta erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarriak lagun ditu bidean, bai eta muga behingoz libre uzteko mezuak ere.

Belaguan bukatzekoa den etapa Bearnon abiatu aurretik, agerraldia egin dute Zuberoako Larrainen Gure Eskuk eta Nafarroa Berriz Altxa ekimenak. Josu Etxaburuk mezu hau zabaldu du: «Batzuentzat muga dena guretzat ez, eta egunerokoan zabalik eduki nahi dugu, geure herritik libre mugitzeko, geure artean ez baitugu mugarik nahi».

Zuberoa eta Nafarroako errepideetara ateratzeko deia egina dute bi herri ekimen hauek. Zergatiak azaldu ditu Etxaburuk: «Berriro ere argi esango dugu: zazpi lurraldez osatutako herria gara, ez dugu gure artean mugarik nahi eta geure etorkizun politikoa libre eta demokratikoki erabaki nahi dugu».

«Gainera gaur hemendik, Larrainetik, pasako da etapa. Paso hau egunerokoan itxita daukate eta gaurko bakarrik egongo da zabalik, lasterketa igaro dadin. Guk erabaki nahi ditugu bai geure artean bai bi estatuekiko harremanak eta horregatik, oraingoan ere harro esaten dugu: Euskal Herriak erabaki!», nabarmendu du.

Jando Iriarte Larraineko alkateak ere hartu du hitza. «Ez da sekula izan mugarik gure artean, gure anai-arreba nafartarrekin beti harremana izan da eta horrek segitu behar du. Gure esku dago hemen erabakiak hartzea, hori behar da izan beti, gure iritzirik gabe ezin dira herri honetan gauzak erabaki. 

Errepideetara ateratzeko gonbita igande honetarako ere luzatua da. Vueltako 15. etapa Iruñetik abiatuko da eta Iruñerria, Lizarraldea eta Sakanan barrena ibili ondoren Lekunberrin amaituko da. Bazkaria antolatu dute bertan, etapa amaiera aurretik jakina, Gure Eskuk eta Nafarroa Berriz Altxak.