INFO

Independentziaranzko «ziaboga indartsua» aldarrikatu du Sortuk Donostian

Donostiako estropaden bigarren igandea baliatu du Sortuk independentziaren aldeko indarrak biltzeko. Manifestazioa egin du Bulebarretik hasita, norabide hori berresteko eta aukera berriak daudela nabarmentzeko.

«Arraun ezberdinak, baina denak traineru berean»; burujabetzaren ildo ezberdinak irudikatu dituzte Donostiako kaleetan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Donostiako Banderaren tanda guztiak amaitu ostean, arraunlariei animoak emateko oihuak jada isildu direnean, ‘Independentzia’ leloa izan da hiriko erdigunean nagusitu dena. Sortuk manifestazioa antolatu du, Bulebarretik 13.30ean abiatuta, aldarrikapen hori ikusarazi eta indartzeko.

«Gure herriak dituen erronka itzelei aurre egiteko ezinbestekoa da ziaboga indartsu bat. Bizitzak eta haren zaintza erdigunean jarriko dituen olatua ere izan behar du», aipatu du ezker abertzaleko alderdiak.

Independentziarantz bidea egiteko baldintza berriak sortu direla aurten ekarri dute gogora, besteak beste maiatzeko eta uztaileko hauteskundeen emaitzei erreferentzia eginez. Gauzak honela, aurreko urteotan azaldutako jauzi baten nahia egia bilakatzeko aukera gertuago ikusten du Sortuk.

«Erronkaz betetako lan urte politikoa dator. Uztailaren 23an faxismoari marra gorria ezarri genion Euskal Herrian. Mehatxu atzerakoien aurrean, guztion onurarako izango diren eskubideen alde borrokan segi behar da orain: zaintza sistema publiko-komunitarioaren alde, euskaldunon aurkako erasoei aurre egin eta jauzi berriak ematearen alde, etxebizitza eskubidearen alde, udalgintzatik proiektu eraldatzaileak sustatuz, aberastasunaren banaketa erradikalaren alde, trantsizio ekologiko justuaren alde zein euskal preso, iheslari eta deportatua politikoak etxeratzearen alde. Arraun ezberdinak, baina denak traineru berean, burujabetza gero eta gehiago izateak emango baitizkigu eskubide horiek denak bermatzeko tresnak», laburbildu dute, gaurko kirol ospakizunarekin bat eginez.

‘Independentziarako indarra’ izan da aurreko pankartaren leloa. Ondoan beste batzuk ikusgai ziren, Euskal Herriak «independentzia» eta «sozialismoa» behar dituela, «feminista» dela, «ekologista» ere bai...

Jende asko batu da mobilizaziora Alderdi Ederren aldean, estropadak Urgullen, kaian, Kontxako pasealekuan edo Parte Zaharreko tabernetan jarraitu ondoren. Udatiarrez beteta zegoen alde hori, eguraldi zoragarria lagun (26 gradu, eguzkia goian baino itsas haizeak arindua), eta ondorioz oihartzun berezia izan du mobilizazioak.

Ibilbideari ekin aurretik, Aritz Arzallus Sortuko Gipuzkoako arduradun politikoak hartu du hitza hedabideen aurrean: «Iaz esan genuen aldaketaren olatua eragiteko aukera Gipuzkoan eta Euskal Herrian parez pare irekita genuela. Gaur, aldiz, olatu hori abian dela diogu, eragin dugula. Orain, olatu hori biderkatzera goaz, sakoneko eraldaketaren marea bultzatzera», adierazi du.

Arzallusek nabarmendu du ziklo politiko berri baten zantzuak gero eta nabarmenagoak direla: «Ezker independentismoa inoiz baino indartsuago dago, besteak beste, iragan ikasturteko bi hauteskunde hitzorduek frogatu duten modura».

«Eragiten ari den herria»

Hauteskundeez gain, herri gogoa ere aipatu du ziklo aldaketaren froga gisa: «Herri honek dituen garaiko erronka itzelei heltzeko soluzio eta egiteko modu berriak beharrezkoak dira. Hori geroz eta herritar gehiagok sentitu eta aldarrikatzen du».

Zenbait aldarri, borroka eta proiektuak balioetsi ditu Arzallusek, hala nola zaintza sistema publiko-komunitarioaren aldekoa, euskararena, etxebizitza eskubidearena, euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak etxeratzearen aldekoa... Ondorio gisa, «hemen bada egunero egiten eta eragiten ari den herri bat; aldaketa politiko eta sozialaren alde borrokan ari den indarra. Eta Sortuk herri indar hori lantzen segitzeko borondate osoa du», nabarmendu du.