INFO

Parlamentu britainiarreko bi langile atxilotu dituzte Txinarentzat zelatatzea leporatuta

‘The Sunday Times’ egunkariaren arabera, Britainia Handiko agintariek Legebiltzarreko bi langile atxilotu zituzten martxoan, Sekretu Ofizialen Legea urratzea leporatuta, dirudienez Pekinentzat espiatzeko. Isilpeko informazioa zuten Westminsterreko goi diputatuekin harremana izan dutela uste dute.

Rishi Sunak lehen ministro britainiarra (ezkerrean), Joe Biden presidente estatubatuarrarekin eta herrialde honetako Janet Yellen eta Antony Blinken agintariekin, baita Justin Trudeau lehen ministro kanadarrarekin ere, New Delhin, G20 gailurrean. (Ludovic MARIN | AFP)

Britainia Handiko Parlamentuko bi langile atxilotu zituzten joan den martxoan herrialdeko agintariek. Txinarentzat espiatzeko Sekretu Ofizialen Legea hautsi izana egozten diete, ‘The Sunday Times’ egunkariak igande honetan argitaratu duenez.

Informazio horren arabera, parlamentuan lan egindako bi pertsona hauek harreman estua izan zuten urtetan isilpeko informazioa maneiatzen zuten Alderdi Kontserbadoreko diputatu entzutetsu batzuekin. Ustezko zelatariak iragan martxoaren 13an atxilotu zituzten.

Susmagarri nagusia 20 eta 30 urte bitarteko gazte bat da. ‘The Sunday Times’-ek dioenez, urte batzuk eman zituen Txinan bizitzen. Tom Tugendhat Segurtasun ministroarekin eta Alicia Kearns Kanpo Arazoetako Batzordeko presidentearekin ere kontaktuak izan zituela jasotzen du, besteak beste, ‘Sky News’-ek.

Edinburgon hartu zuten gatibu, Scotland Yard Londreseko Poliziak baieztatu duenez. Beste susmagarria, 30 urte baino gehiagoko gizona, Oxfordshire konderri ingelesean atxilotu zuten.

‘The Sunday Times’-ek zehaztu duenez, biak aske atera dira fidantzapean, urrian beste agerraldi bat egin arte. Bitartean, ikerketak aitzinera segitzen du.

Parlamentu britainiarreko iturriek jakinarazi dutenez, Txinaren aldetik ez dute aitzinetik «sekula» halako jarrerarik ikusi.

Lehen ministroen bilkura

Rishi Sunak lehen ministro britainiarra Li Qiang Txinako bere homologoarekin bildu da, asteburu honetan New Delhi Indiako hiriburuan egindako G20 liderren gailurraren testuinguruan.

Downing Streeteko bozeramaile batek jakinarazi duenez, bilkura horretan, hagitz kezkatua dagoela adierazi dio lider kontserbadoreak Liri, balitekeelako Txinak «Britainia Handiko parlamentuko demokrazian esku hartu izana».

Alex Chalk Justizia ministro britainiarrak ziurtatu duenez, Txinarekin zerikusia duen guztia «garai bat definituko duen» erronka bat izanen da.

Txinari buruzko parlamentu arteko aliantzako presio taldeak azaldu du «izututa» daudela «ustez Txinaren izenean jarduten duen norbaiten aldetik Britainia Handiko Parlamentuan egindako infiltrazioen txostenekin».