INFO

Iñigo Cabacas Herri Harmailaren omenaldia De Marcosi eta Bilbao Athleticen porrota Lezaman

Guardiako jokalariak 500 partida jokatu ditu talde zuri-gorriarekin eta zaleek omenaldi xume bat egingo diote astelehen arratsaldeko entrenamendu ostean. Bestalde, lehoikumeek ez dute garaipenik lortu lehen bi jardunaldietan.

De Marcosi omenaldia egingo diote zale zuri-gorriek. (@ICHHarmaila)

Oscar de Marcosek aspaldi bereganatu zituen zale zuri-gorrien bihotzak zelaian zein zelaitik kanpo beti erakutsi duen nortasunarengatik. Iker Muniainek bezala, 2009ko udan egin zuen debuta Caparrosen eskutik eta 15 denboraldi daramatza lehen taldearekin. 500 partidaren langa gainditu du eta Iñigo Cabacas Herri Harmailak omenaldi berezia egitea erabaki du. Astelehen arratsalde honetan izango da Lezaman egingo duten entrenamenduaren ostean. 18.15etan da hitzordua. «Gutariko bat» dela azpimarratu dute sare sozialetan zabaldutako deialdian.

Klubak Betisen kontrako partida atarian oroitarri bat eman zion. Arabarrak ezin izan zuen jokatu lesionaturik dagoelako, baina larunbatean Cadizen aurkako norgehiagokarako prest egon daiteke. Izan ere, taldekideekin entrenatzen hasi zen joan den astean.

San Mamesen esker ona jaso ondoren, De Marcosek futbolaren «erromantikotzat» definitu zuen bere burua eta One Club Men bat izatearen harrotasuna goraipatu zuen. Aurretik Alavesen aritu zen arren, bere txikitako ilusioa Athleticen jokatzea izan dela nabarmendu zuen.

Guardiako mutilak 34 urte ditu eta asteburuan ezagutarazi du Relevo komunikabidean egindako erreportai batean daltonikoa dela. Bere taldekide izandako Mikel Balenziagak ere koloreak ezberdintzeko arazoak dituela kontatu du.

De Marcos Athleticen historian partida gehien jokatu dituen zazpigarren jokalaria da. Susaeta 507 partidarekin, Iraola 510ekin eta Etxeberria 514rekin gainditu ditzake denboraldi honetan. Hirugarren tokian Iker Muniain dago 538 norgehiagokarekin, Txetxu Rojo da bigarrena 541 partidarekin eta Iribarrek 614 jokatu zituen.

Golik gabe, ezin irabazi

Bilbao Athleticek denboraldiko bigarren partida ofiziala jokatu zuen eta ezin izan zuten punturik batu. Lehen jardunaldian UD Logroñesen zelaian berdindu ostean (0-0), galdu egin zuten Lezaman jokaturiko lehen partidan (0-1). Utebok atsedenaldiaren aurretik egin zuen gola eta bigarren zatian, aukerak izan arren, zuri-gorriek ez zuten asmatu.

Carlos Gurpegik lehen taldearekin entrenatzen eta jokatzen ari diren Unai Gomez, Malcom Adu Ares eta Unai Egiluz hamaikakoan sartu zituen. Padilla izan zen atezaina eta atzeko lerroa Hugo Rinconek, Egiluzek, Aimanyek eta Luis Bilbaok osatu zuten. Gazte mailan gorago aritu izan da Bilbao, baina lateral bezala hasi da jokatzen. Zelai erdian Junior Bita eta Jauregizar izan ziren eta Unai Gomez pixkat gorago. Mattheus eta Adu Ares egon ziren hegaletan eta Izeta izan zen erdiko aurrelaria.

Junior Bita eta Luis Bilbao atsedenaldian kendu zituen Gurpegik eta Ibon Sanchez eta De Luis atera ziren beren ordez. Quicalak eta Iñigo Lopezek ere jokatu zuten.

Carlos Gurpegi da Bilbao Athleticen entrenatzailea. (@AthleticClub)
Carlos Gurpegi da Bilbao Athleticen entrenatzailea. (@AthleticClub)

Bestalde, Basconiak garaipena lortu zuen Derioren aurka etxean (2-1). Aimar Vicandik eta Asier Hierrok egin zituzten golak. Iribarrek ohorezko sakea egin zuen oinarrizko futbolari bultzada bat emateko Euskal Non League ekimenaren baitan. Julen Agirrezabala atezaina ere Antiguokok jokatutako partidan izan zen. Gazte mailako ohorezko taldeak ere galdu egin zuen Lezaman Alavesen kontra (1-2). Marcos Goñik egin zuen gola penaltiz.