INFO

Este navegador no soporta el elemento video.

Eskola-garraioko arazoak konpondu arte mobilizatzen jarraituko dute Etxaurren ikastolan

Ikasturteko laugarren eguna da, eta garraioaren egoera ez dela aldatu salatu du Zuhatzako (Araba) Etxaurren ikastolako gurasoen elkarteak. Seme-alabak eskolara eramateko familiak «mirakuluak» egiten ari direla azaldu dute, eta Lakuako Gobernuari eskatu diote egoera lehenbailehen konpontzeko.


Zuhatzako Etxaurren ikastolako gurasoen elkarteak, ikasturteko laugarren egunean, garraio-enpresen arazoa konpontzeko eskatu du eta, bitartean protesta eta mobilizazioekin jarraituko dutela ohartarazi dute. Haien ustez, ez Lakuako Gobernuak ez garraio-enpresek ez dute «egoera hori lehenbailehen amaitzeko asmorik».

Alde batetik, Jokin Bildarratz sailburuaren hitzak gogoratu ditu gurasoen elkarteak. Sailburuak enpresei egotzi zien familiak «bahitu» gisa erabiltzea eta haiek erabiliz Lakuako Gobernua «xantaia» egitea, Exekutiboak haien eskaerak onartu ditzan. «Jokaldiari amaiera emateko», familiei egindako kilometroengatik laguntzeko partida bat iragarri du.

«Bildarratz jauna, ez dakigu nortzuk sentitzen diren egoera honekin bahituta, baina esaten dizugu Euskal Eskola Publikoko familiei ez dizkiegula eroskeriaz edo apurrez erosten, egoera hau gasolina litro batzuen prezioa baino garestiagoa da. Benetako konponbideak behar dira eta ez adabakiak», adierazi dute. Gainera, egun hauetan komunikabideetan «aitzakiak eta eztenkadak» besterik ez dituztela ikusi esan dute.

Ikasturteko laugarren egunean, seme-alabak ikastetxera eraman ahal izateko «mirakuluak» egiten jarraitzen dutela salatu dute familiek: «Ez Eusko Jaurlaritzak ez garraio-enpresek ez dute ematen egoera hori lehenbailehen amaitzeko asmorik dutenik».

Bestalde, gogoratu dute garraio-enpresek ia %25eko igoera izan zutela iaz, «eta horietako batentzat nahikoa dela dirudiena, beste batzuentzat, ordea, ez da nahikoa». «Ez dakigu benetan iruzurrik izan den zerbitzua emateari uko egiten dioten enpresen artean; era berean, ez dakigu aurreko ikasturteko igoeraren %25a nahikoa den, baina badakigu Eusko Jaurlaritzak enpresa pribatuak azpikontratatzen dituenean zerbitzu publikoak kudeatzeko, hala nola, ikastetxeetako garraioa, jantokiak eta sukaldeak, enpresen kudeaketa txarraren ondorioak eta Jaurlaritzaren kontrolik eza Euskal Eskola Publikoko ikasleek eta familiek ordaintzen dutela beti», azaldu dute.

Kritikatu dutenez, egoera horrek familiei dakarzkien ondorio batzuk: «Taxiak eta etengabeko mesedeak ez dira dohainik ateratzen, ezta lanean berandu iristeko eta goiz irteteko aitzakiak ere. Egunerokotasuna jasanezina da». Beraz, egoera hau konpon dadila exijitu dute, eta horrela izan arte, protestekin eta mobilizazioekin jarraituko dutela ohartarazi dute.