Nafarroa Arenak hartuko ditu Masterseko finalerdiak, hilaren 29ean, eta finala, urriaren 1ean
Udako txapelketa luze honek baditu fase finalaren datak eta eszenatokia: irailaren 29an bi finalerdiak jokatuko dira, 21.15etik hasita, eta final handia urriaren 1ean jokatuko da, arratsaldez. Ezkurdia-Mariezkurrena / Jaka-Martija eta Altuna III.a-Imaz / Peña II.a-Rezusta dira bikoteak.
San Mateotako torneoak udarari amaiera ematen zion azken urteetan. Aurten, irailaren 24ean jokatuko da Logroñoko Adarraga pilotalekuan txapelketa errioxarraren finala. Eta horren segidan iritsiko da udara osoan zehar luzatu den CaixaBank Masterseko fase finala.
Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko dira finalerdiak –biak egun berean– eta baita finala ere, gaur pilotalekuan bertan jakitera eman dutenez. Hala, lehen finalerdia Ezkurdia-Mariezkurrena eta Jaka-Martija bikoteek jokatuko dute irailaren 29an, 21.15ean hasita, eta segidan jokatuko dute Altuna III.a-Imazek eta Peña II.a-Rezustak.
Bi partida hauetako garaileek finalean ikusiko dute elkar urriaren 1ean, arratsaldeko 17.00etatik aurrera. Sarrerak salgai daude jada atari honetan. Finalerdietarako 30, 18 eta 10 euroko prezioa izango dute; eta finalerako, 40, 30, 22 eta 10 eurokoa izango dira prezioak.
Fase finala jokatu aurretik, zortzi pilotariek beste hitzordu batzuk dituzte. Hasteko, ostegunean Altsasun, Ezkurdia eta Altuna III.a –Hondarribian sekulako erakustaldia emanda– elkarren kontra arituko dira bertako jaialdiko estelarrean. Zabaleta eta Martija izango dituzte atzelari, hurrenez hurren.
Altunak Bermeon jokatuko du ondoren, ostiralean, Martijarekin batera Urrutikoetxea-Mariezkurrena II-aren aurka.
San Mateotan, berriz, Altunak Martija izango du bikotekide, baina Ezkurdiak Urzante desafioa bakarrik jokatuko du Logroñon. Elordi-Rezusta, Jaka-Albisu, Zabala-Zabaleta, Larrazabal-Imaz eta Peña II.a-Mariezkurrena II.a bikoteek osatuko dute txapelketa.