INFO

Belaunaldi berriak hartu du eskaintzaz beterik datorren Mintzalasai festibalaren gidaritza

Duela 12 urte sortu zen Mintzalasai festibala, BABko hiri eremuan euskararen ahozko erabilera garatzeko. Hizkuntzaren berritze prozesua ekimen zehatzen bidez sostengatzeko nahia bere eginez, sortzaile taldeari erreleboa hartu dio elkarte eremuan sustraituriko belaunaldi berriak.

Mintzalasai festibalaren aurkezpen ekitaldia. (Guillaume FAUVEAU)

Badira 12 urte Biarritz, Angelu eta Baiona osatzen duten BAB hirigunean euskararen erabilerari bultzada emateko xedea duen Festilasai sortu zutela.

Festibalarekin batera hamaika egitasmo eman dituzte martxan geroztik euskaltzaleek Lapurdiko kostako eremuan. Batzuk soilik aipatzearren, sakeleko hiztegi kolokiala edo euskararen erabilera azkartzeko asmoz osaturiko ‘Egun 1 – Hitz 1’ bilduma sortu dituzte.

Era berean, webgune eta sare sozialetan euskararen presentzia bermatzeaz gain, hizkuntzaren erreferenteak azaleratzeko ere urratsak egin dituzte.

Sortzaile taldeak erreleboa pasa ondoren, belaunaldi berri batek hartu du gidaritza, ilusioz beterik, asteazken honetan Biarritzeko skate parkean eginiko agerraldian agerian gelditu denez.

Iazko edizioan irudikatu zuten trantsizioa gauzatu da dagoeneko. Hala, Biarritzeko Herriko Etxean dagoen talde teknikoak ekimenaren antolaketari begira zuen protagonismoa gutxituz joan da azken urtetan eta, horren ondorioz, aurten hilaren 18tik 24ra igaroko den festibala antolatzearen ardura nagusia elkarteen sareak hartuko du beregain.

Parentesi izatetik oasia sortzera

Euskal hiztunentzat parentesi modukoa zabaltzen du Mintzalasaik euskal hizkuntzaren presentzia publiko aski apala duen hirigunean.

Izan ere, «ingurumena aldatzeko dugun gaitasunaz gehiago jabetuaz» parentesi horretatik oasia sortzeko jauzia egiteko deia egin dute antolatzaileek «okindegira sartzean, autobusera igotzean, administrazioko harrera zerbitzuetan, haur parkean edota ezezagunekin harremanetan sartzerakoan» lehenengo hitza euskaraz egiteko gonbidapena zabalduz.

«Urtero parentesia linguistiko ederrak zabaltzen ditugu, baina magikoak badira ere, zabaldu bezala itxi ohi dira parentesiak. Egoera normalizatzeko bidean, dinamika iraunkorra eta urte osoko eskaintza ehuntzera pasa beharko dugu», adierazi dute Mintzalasai festibaleko antolatzaileek, Baiona eta Biarritzeko udal gobernuaren ordezkariekin batera egin duten agerraldian.

«Bizi dugun egoera diglosikoa iraultzeko, eredu berriak asmatu beharko ditugu elkarrekin, euskara norma eta inklusiorako giltza izango diren espazioak, garaiak, aukerak, ohiturak sortuz», gaineratu dute, zazpi egunez luzatuko den egitaraua aurkezteko prentsaurrekoan.

Ohiturak eta berrikuntzak

Mintzalasai festibalak baditu bere ohiturak eta jendearen aldetik erantzun ona dituzten jarduerak atxikitzeko parioa egin duten antolatzaileek.

Edonola ere, iragarri dutenez, aurten, sekula baino jarduera gehiago proposatuko dituzte «eskola garaitik bizi sozialera zubi linguistikoak eraikiz».

Hala, tailerrak, bestak, bisitak, proiekzioak, mintzaldiak, elkarteen ate irekietako jardunaldiak eta beste hainbat ekimen proposatuko dituzte «hiri eremuan ere, euskarak batzen gaituela» agerian jartzeko asmoz.

Egitarau oparo horri hasiera emanen dioten eremuan, skate parkean, egin dute aurkezpena.

Zehazki, hilaren 18an, goizeko 9.00etatik eta eguerdi artean integrazio eguna ospatuko dutelako bertan.

Ikasturtea ongi hasteko Villa Fal kolegioko sail elebiduneko seigarren mailako haurrek euskarazko jarduerekin gozatu ahalko dute goiz oso batez, hala nola skate praktikatuz edo sofrologia musikalari eta gorputzaren kudeaketari buruz programan jaso dituzten ekintzetan parte hartuz.

Arratsaldeko partean euskarak taula hartzeko parada eskainiko du, surfean hasteko ikastaroa egiten dutela Milady hondartzan. Marion lakuan, berriz, eskolen arteko herri jokoek, alde batetik, eta kirol saioek, bestetik, tiserta izerdituz euskaraz mintzatzeko parada eskainiko dute.

Hasiera dinamiko horren ostean jarduera anitzak proposatuko dituzte, publiko zabalari euskaraz antolaturiko ekimenik gustukoena hautatzeko aukera emanez. Ekimenak doan dira baina aretoen edukiera mugatua izanik, aitzinetik izena ematea gomendaturik da.

‘Bizi naizeno, je danserai la vie’ Philippe Oyhambururen ibilbidea jorratzen duen dokumentala emanen dute astearte iluntzean Le Royal zineman.

Asteazkenean, ordea, haurrei eskainitako jarduerak nagusituko dira, besteak beste objektuen bilaketa jokoa prestatu dutela goizean Baionako Euskal Museora bertaratuko diren haurrentzako.

Biarritzera itzulita, arratsaldean jolasak antolatu dituzte Uda Leku elkarteko lagunek eta ondoren festibalaren denboran irekia den planetario mugikorra bisitatzeko aukera dute haur zein helduek Euskal Kostaldeko Astronomia Elkarteko kideen laguntzaz.

Plazarak landutako proiektuaren aitzin-aurkezpena

Iluntzeko partean, ‘Zer ote da Plazara’ izenburu duen hitzaldiaren bidez euskara eta munduko hizkuntzen inguruko dinamikak pizteko sorturiko Plazara kolektibo sortzaileak azken hilabetetan garatutako lanaren berri izateko parada dute Social Bar izeneko lokalera bertaratuko diren lagunek.

Aipatu taldeak hilaren 26an aurkeztuko du bere proiektua, Europako hizkuntzen egunaren karietara.

Aurrerapen gisara, lehen trukaketa publiko eta ireki bat proposatua izanen da Mintzalasai festibalaren baitan.

Dantzariek zein ipuin-kontalariek ikusgarriak eskainiko dituzte ostegunean, eta iluntzean gastronomia osatuko du Mintzalasai festibalaren menua.

Kultura eta eztabaida izanen dira, berriz, ostiraleko egitarauaren osagai nagusiak.

Larunbatean iraganen da Angeluko La Barren lerratze kirolei lehentasuna eskaintzen dion ekimena. Glisseguna du izena eta oso bestelako jarduerak uztartzen ditu.

Hala, skate, roller, skimboard, fitness eta parkour-ekin batera, hip hop musikarekin zein joaldunen joan-jinekin gozatzeko parada izanen da.

Finean, irailaren 24an, Marion aintziran familien eta lagunarteko giroa nagusituko da. Egun osoan zehar jan eta edatekoa izanen da, eta eremu zoragarriaz gozatzeko hainbat ekimen proposatuak dira, delako haurren xokoa, graphik session edo ekarteen herrixkaren bidez.

30 bat elkarteren ekarpenaren eta 75 boluntarioren laguntzari esker posible izanen den Festilasai ekimenaren xehetasun guztiak www.mintzalasai.eus webgunean aurkitu daitezke.