INFO

Arriskuan dagoen ondarearen Unescoren zerrendan sartzeari iskin egin dio, momentuz, Veneziak

Riaden egiten ari den urteko batzarrean, Italiari denbora gehiago ematea ebatzi du Unescoren batzordeak, Venezian kontserbazio-neurri gehiago gara ditzan, egungo plana positiboki baloratu ondoren. Hala, momentuz behintzat, ez da sartuko arriskuan dagoen munduko ondarearen zerrendan.

30 milioi turista igarotzen dira urtero Veneziatik. (Gabriel BOUYS | AFP)

Hezkuntza, Zientzia eta Kulturako Nazio Batuen Erakundearen batzordeak (Unesco), Riaden bilduta, positibotzat jo du Venezia hiria eta haren aintzira kontserbatzeko egungo plana, eta arriskuan dagoen munduko ondarearen zerrendan sartzea saihestu du.

Veneto eskualdean kokatuta dagoen Venezia hiria eta haren aintzira Unescoren Munduko Ondarearen parte dira 1987az geroztik, eta 2021ean lehen aldiz izendatu zituzten arriskuan dagoen ondarearen zerrendan sartzeko hautagai, masa-turismoaren, erreforma-proiektuen eta klima-aldaketaren mehatxupean zeudelako, nahiz eta orduan zein orain Italiako Gobernuaren neurri zuzentzaileek erabakia geldiarazi duten.

«Garaipen handia Unescon! Aho batez hartutako erabakia. Venezia ez dago arriskuan. Batzordearen txosten engainagarri baten aurka agertu dira. Gure hiria defendatzeko egin dugun lan guztia ulertu du munduak», poztu da Luigi Brugnaro alkatea X-n, Twitter zaharrean.

Genaro Sangiuliano Kultura ministroak ere ospatu du Unescoren batzordearen iritzia, eta Venezia aztergai izatera eraman zuen ekimena «datu objektiborik gabeko maniobra politiko bidegabea» dela esan du.

Eztabaidan parte hartu duten herrialeek Italiako hiriaren kontserbazioa bermatzeko Estatu Partaideak egindako ahaleginak aitortu dituzte, eta lekua babesteko Unescoren gomendiosk ezartzeko denbora-tartea 2024ko abenduaren 1era arte luzatzea proposatu dute.

Klima aldaketa eta turismoa, bi gaitzak

Venezian, 1971n hasitako serie historikoan lehen aldiz, 50.000 pertsona baino gutxiago bizi dira hirigune historikoan, 49.665 2022aren amaieran, urtebete lehenago 50.430 eta 2000. urtean 66.386, datu ofizialen arabera.

Bestalde, kale labirintikoak gainezka dituen masa-turismoaren ondorioak pairatzen ari da, urtean 30 milioi turista hartzen baititu, eta, ondorioz, lehen erabilgarri zeuden etxe asko orain apartamentu turistikoak dira.

Arazo hori saihesteko, Udalak astearte gauean onartu zuen bost euroko sarrera edo «sarbide-kontribuzioa» ordaintzea hiria bisitatzeko.

Era berean, bere kokapen geografikoagatik, Itsaso Adriatikorako hiru sarbide dituen aintzira batean, Veneziak krisi klimatikoaren eragina jasaten du, nahiz eta mareak mozten dituzten hesi mugikorren sistema bat izan duen, bere hormak ur gaziz inpregnatuz eraikinak higatzen zituzten uholde kaltegarriak eta sarriak saihesteko. San Markos basilika lehor mantentzeko metakrilatozko hesi bat jarri dute inguruan.