INFO

Basurtuko Ospitaletik haur bat eramateagatik lau urteko espetxealdia eskatu du Fiskaltzak

Lau urteko espetxealdia eskatu du Fiskaltzak 2022ko urriaren 19an Basurtuko Ospitaletik haur bat eraman zuen emakumearentzat. Zehazki, «legez kanpoko atxiloketa» delitua egotziko dio datorren maiatzaren 14an Bilbon egingo den epaiketan.

Basurtuko Ospitalea, artxiboko irudi batean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Basurtuko Ospitaletik haur jaioberri bat eramateagatik lau urteko espetxealdia eskatuko du Fiskaltzak heldu den maiatzean egingo den epaiketan, EAEko Justizia Auzitegia Nagusiak jakinarazi duenez.

Gertakaria 2022ko urriaren 19an jazo zen. Bilboko Basurtuko Ospitaletik haur jaioberri bat eraman zuen emakume batek. Horretarako, ospitaleko langile gisa jantzi zen. Haurra Santutxuko etxe baten atariko lanpasan aurkitu zuten handik ordu gutxitara.

Heldu den maiatzaren 14an egingo dute epaiketa Bizkaiko Probintzia Auziteko Lehen Atalean. Auzitegi Nagusiak azaldu duenez, epaiketa saio bakar batean egitea aurreikusten da. Fiskaltzaren eskaera lau urteko espetxealdia da, emakumeak «legez kanpoko atxiloketa» delitua egin zuelakoan.

Atxilotu zutenean jaio berriarengandik urrun izateko agindua onartu zuen akusatuak, haurraren aitak instrukzio epaileari horrela eskatu eta gero.

Honekin betera, bere kabuz erietxe psikiatriko batean artatua izatea eskatu zuen haurra eraman zuen emakumeak. Bere abokatuak nabarmendu zuenez, haurraren familiari «ez zion min gehiago eragin nahi». Gauza bera adierazi zuen Ertzaintzak atxilotu zuenean. Erietxe psikiatrikora eramatea ez zuen beharrezkoa ikusi instrukzio epaileak.