INFO

Lanbide Heziketako 49.200 ikaslek ekin diote ikasturte berriari EAEn, %5,3 gehiago

Gora egin du Lanbide Heziketa hautatzen duten ikasleen kopuruak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 49.000 ikasle baino gehiagok ekin diote ikasturte berriari, aurrekoan baino %5,3 gehiago.

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Donostiako Easo Politeknikoa Lanbide Heziketako Ikastetxean izan dira ostiral honetan. (IREKIA)

Lanbide Heziketak 49.000 ikasle baino gehiagorekin ekin dio ikasturte berriari Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, aurreko ikasturtean baino %5,3 gehiago. Lehen mailako ikasleen artean igoera %9,1ekoa da, eta begirada gehiago zabalduz gero eta zortzi ikasturte atzera eginda, EAEko Lanbide Heziketaren bilakaerak %30,1eko hazkundea erakusten du matrikuletan, 2015-2016 ikasturtetik hona.

Hala adierazi du Hezkuntza Sailak ostiral honetan bidalitako ohar batean. Aipaturiko 49.000 ikasle horietatik %65 gizonak dira eta %35 emakumeak. Esparruen arabera, emakumezko ikasleen presentzia handiena esparru zientifikoan ikusten da, batez ere osasunaren eta soziosanitarioaren sektoreko zikloetan, ikasleen %77,8 emakumeak baitira. Teknologia arloan, nesken portzentajea %29,7koa da, eta industria arloko zikloetan, berriz, %12koa. Azken sektore horretan, emakumeen presentzia %34,6 hazi da azken 5 urteotan. Azkenik, lehen sektorean (Nekazaritza eta Itsas-Arrantza) emakumeen presentzia %16,3ra iritsi baita ikasturte honetan.

Hizkuntza ereduei dagokienez, ikasleen %52,7k euskara aukeratu dute (B eta D ereduak), aurreko ikasturtean baino %7,3 gehiagok. D ereduan, igoera handiagoa izan da, %15,7koa hain zuzen ere (aurreko ikasturtearekin alderatuta).

Lanbide Heziketa Dualari dagokionez, ikasturte berri honetan ikasleen %40,3k (bai Erdi Mailako zikloetako ikasleek, bai Goi Mailakoek) burutuko dute beren prestakuntza modalitate horretan, «ikastetxean jasotako prestakuntza enpresakoarekin uztartuz», Lakuaren esanetan. Horretarako, 8.247 enpresa lanean arituko dira Lanbide Heziketarekin.

Matrikula kopuruak gora egiteak irakasleak ere ugaritzea dakar. Hala, 2023-2024 ikasturte honetan Lanbide Heziketak iaz baino 265 irakasle gehiago izango ditu sare publikoko ikastetxeetan.

Moduluen Eskaintza Malgua

Hezkuntza Sailak nabarmendu duenez, joan den ikasturtean abian jartzen hasi ondoren, 2023-2024 honetan beste bultzada bat emango zaio Moduluen Eskaintza Malguari, «aurrerapauso bat eginez eskaintza partzial deitu izan zaion horretan».

Zikloetako edo espezializazio ikastaroetako ohiko prestakuntza jasotzen duten ikasleez gain, ikasle batzuek modu zatikatuagoan egiten dituzte ikasketa horiek, moduluka edo are unitate txikiagoetan zatituta. «Funtsean, langileak edo langabeak dira, eta beren kualifikazio maila hobetu nahi dute lanean jarraitzen duten bitartean; izan gaitasunak egiaztatzeko, izan Lanbide Heziketako titulazio bat eskuratzeko», azaldu du.

«Moduluen Eskaintza Malguak aukera ematen die ikasle horiei beren prestakuntza-ibilbidea diseinatzeko, eta titulua edo ziurtagiria lortzeko erabiliko duten denbora erabakitzeko», gaineratu du, eta  eskaintza hau hiru aukera edo gradutan antolatzen dela adierazi du. A graduan ikasleek modulu baten zatiak soilik hartuta ikas dezakete, gaitasunaren egiaztapen partziala eskuratuz; B graduan ikasleak Lanbide Heziketako titulu baten modulu oso bat ikasten du, amaitzean gaitasun-ziurtagiria lortuz.; eta C gradua titulu bateko edo hainbat titulutako modulu batzuek osatzen dute. «Bide honetatik, ziurtagiri profesional bat eskuratzen du ikasleak».

Lanbide Heziketa ikasteko aukerak malgutzearekin batera, «herritarrek ikas ditzaketen titulazioen eskaintza ere zabalduz doa». Aurten, Lanbide Heziketak heziketa ziklo berriak gehitu ditu bere titulazio katalogoan: ikasturte berriarekin batera 11 titulazio berri hasi dira ematen (Oinarrizko Graduko 3 ziklo berri; Erdi Mailako 3 ziklo berri; eta Goi Mailako 5 ziklo berri). Espezializazio-ikastaroen kopuruak ere gora egin du, 7 ikastaro berri ematen hasita.

Halaber, neurriak hartu dira eraldaketa digitalean aurrera egiteko. Ikasturte berri honetan, 145 espazio adimendun digitalizatu jarriko dira martxan ikastetxeetan. «Horietan, ikasleek beren ikaskuntza prozesua teknologia digital aurreratuenekin garatu dezakete. Irakaskuntzari aplikatutako ingurune digitalizatuak dira espazio horiek, hala nola gela interaktibo adimendunak, murgiltze guneak, zibersegurtasun gelak edo etxebizitza adimendunen instalazioak, Lanbide Heziketako berrogeita hamar bat ikastetxetan kokatuak», dio Lakuak.

Lanbide Heziketaren eta unibertsitatearen arteko pasabidea

Era berean, Lanbide Heziketaren eta unibertsitatearen arteko pasabideen programa gero eta zabalagoa dela ohartarazi du. Zubi hauen bidez, goi-mailako prestakuntza ziklo bat egin duten ikasleei kreditu kopuru jakin bat aitortzen zaie unibertsitatean, hautatutako unibertsitate graduak egindako Lanbide Heziketako zikloarekin duen antzekotasunaren arabera.

Lanbide Heziketako goi-mailako 75 heziketa-ziklok unibertsitateko 59 gradutarako lotura bideak eskaintzen dituzte ikasturte honetan. Guztira, Lanbide Heziketako zikloen eta unibertsitate graduen arteko 264 pasabide daude. Lotura bide horiek unibertsitate kredituak aitortzen dituzte, 3 kreditutik 66 kreditura bitartean. Goi-mailako ziklo askok unibertsitate gradu baterako baino gehiagorako pasabidea eskaintzen dute.

Sailak emandako datuen arabera, Lanbide Heziketaren enplegagarritasuna, batez beste, %89koa da, eta heziketa ziklo askok enpleguaren %100 lortzen dute. Gainera joan den ikasturtean kultura ekintzailea 20.343 ikaslerekin landu da, eta 70 enpresa sortu dira, ikastetxeek beren ikasleekin bultzatuta. Azken 15 urteetan 1.193 enpresa sortu dira, eta horietatik 893k jardunean jarraitzen dute.