INFO

Nazio auzia, agenda soziala eta bakegintza, EH Bilduren erronkak ikasturte politiko berrirako

EH Bilduk ikasturte politiko berriari jarritako erronkak eta lan eremuak aurkeztu ditu ostiral honetan hedabideen aurrean. Lurraldetasunaren inguruko eztabaida izango da lan eremu nagusia; batez ere Gasteizko Legebiltzarrean eta Madrilen eztabaida hori zabaltzearen beharra azpimarratu dute.

Erakunde ezberdinetako EH Bilduren hautetsiak bildu dira ikasturte politikorako erornkak zehazteko. (Maialen Andres | FOKU)

«Erlojuak sinkronizatzeko» lan saioa izan du gaur EH Bilduk. Donostiako Miramar Jauregian elkartu dira Gasteiz eta Nafarroako parlamentuetako hautetsiak, Madrilgo Kongresuko zein Senatuko ordezkariekin batera, ikasturte politiko berrirako lan ildoak partekatu eta norantza berean jartzeko. Unai Urruzunok, Nerea Kortajarenak, Laura Aznalek eta Mertxe Aizpuruak hartu dute hitza hedabideen aurrean, instituzio bakoitzaren ordezkari gisa, parez pare dituzten erronken eta asmoen berri emateko.

Urruzunok EH Bilduren helburu nagusiak azaldu ditu eta hiru izan dira nabarmendu dituenak. Batetik, eta erronken «nukleoa» izango dena: naziotasunaren eztabaida eman eta erabakitzeko eskubidean sakontzea. Agenda soziala izango da indarra hartuko duen bigarren erronka. Azaldu du «garaiko erronkei, erantzun partekatuak» eman bemar zaizkiela, egiturazkoak diren arazoei aurre egiteko «estatu paktuak egiteko eskua zabalik» duela EH Bilduk. Gaineratu du hainbat alorretan ere aldaketak eman behar direla: «Kudeaketa politiko konkretu baten ondorioak ari gara bizitzen eta aldaketak eman behar dira hezkutzan, euskaran, energian, zaintzan, etxebizitzan, osasungintzan eta bizitzaren garestitzean». Eta hirugarren lan eremu nagusi gisa bakegintzan eta bizikidetza aipatu ditu: «Herri honek oraindik ez du justiziazko eta eskubide guztiak onartuak dituen agertokirik ezagutzen».

Erronka horiek betetzeko testuinguruari egin dio keinu Urruzunok. Hala, nabarmendu du maiatzeko zein uztaileko hauteskundeen emaitzei begiratuta EH Bildu indartuta atera dela, hainbat agertokitan «erabakigarria» izateraino; eta erabakigarri izate hori «eraginkortasun politikoan» bilakatzea dutela helburu ikasturte politiko berrian.

78ko erregimenaren eta eskuinaren krisia azpimarratu ditu alde batetik, eskuinaren partetik «eraso antolatuak» ematen ari direla nabarmenduz, eta, bestetik, Madrilen lurraldetasun ereduaren eztabaida zabal dadin Euskal Herriko zein Kataluniako indar independentisten elkarlana beharrezkoa dela esan du.

Autogobernuetan sakondu eta jauzi bat eman

Kortajarenak atzo Gasteizen izan zen osoko bilkuran ikusitakoa gogoratu du: «Misio, bisio eta anbiziorik gabeko lehendakari bat ikusi genuen». Nabarmendu du herri honek ezin duela EAJren zain gehiago egon, eta «modernizazio prozesurako jauzi bat egiteko» EH Bilduk proposamenak jarriko dituela mahai gainean. Nazio auziaren eztabaidan «herri akordio historikoa» eraikitzeko unea dela adierazi du: «Euskal Herriak nazio gisa aitortua izan behar du, eta erabakitzeko eskubidea errespetatzeko eztabaida eman behar da».

Aipaturiko modernizaziorako, bost ildo nagusiren baitan egingo du lan koalizio subiranistak: burujabetza estrategikoa testuinguru energetiko eta ekonomiko globalean; ongizate egiturak aldatu zaintzen krisiari eta erronka demografikoari erantzuteko; zerbitzu publikoak eraldatzeko hausnarketa; ezagutza sistema berritzea; eta azkenik, identitate komunitarioa indartzea segurtasunari buruzko eztabaidari helduz.

Laura Aznal, berriz, Nafarroari begira jarri da: «Gero eta gehiago gara eta indartsuagoak gara, hirugarren indarra gara Nafarroan. Gehiengo aurrerakoia ahalbidetu dugu eta erabakigarriak izango gara». Hala ere, nabarmendu du EH Bilduren konpromisoa ez dela «eratu berri den Gobernuarekin», herriarekin baizik.

Lau erronka nagusi aipatu ditu Aznalek: zerbitzu publikoak indartzea; eskubideak zabaltzea azpimarra berezia eginez hizkuntz eskubideei; autogobernuan aurrera urratsak ematea «Nafarroa subjektu politikoa delako, eta erabakitzeko eskubidea izan behar duelako herritarren bizi baldintzak hobetzeko»; eta, azkenik, urjentziaz larrialdi klimatikoari aurre egitea. Horretarako guztirako lege propioak egingo dituztela azaldu du.

Lurralde auziaren eztabaida Madrilgo atea joz

«Lurralde gatazkaren auziari atea ireki eta bide demokratiko batez eztabaida emateko aukera historikoa dugu» esan du Mertxe Aizpuruak Madrilen EH Bilduk egingo duen lanari erreferentzia eginez. Herritarren etorkizuna definituko duten eskubide sozial eta eskubide nazionalen alde jarraituko dutela aldarrikatu du: «Euskal jendarteak nahi dituen eskubide politikoak eskuratzeko egingo dugu lan».

Bi aste barru egingo den Alberto Nuñez Feijooren inbestidura saioa ere izan du mintzagai, eta errepikatu du «ezezko borobila» emango diola EH Bilduk PPren hautagaiari. Bestalde, Pedro Sanchezi gehienegoa osatzeko «oztoporik» ez diola jarriko aitortu du, baina ohartarazi dio adi entzun beharko dituela euskaldunen zein kataluniarren eskariak.