INFO

Berdintasun handiko bi estropadetan Hibaika eta San Pedro gailendu dira; Santurtzi, azkena

Emakumezkoetan Euskotren Ligara igotzeko lehiak bizi-bizirik segitzen du: hiru segundoan iritsi dira ontziak. Kaikuk egin du bigarren eta Zumaiak hirugarren. Gizonezkoetan San Pedrok irabazi du, atzekoz aurrera eginda, Bueu izan da bigarren, Ares hirugarren, Lapurdi laugarren, eta Santurtzi azkena.

San Pedroko arraunlariak garaipena ospatzen, Santurtzikoak, etsita, atzean dituztela. (Oskar Matxin EDESA | FOKU)

Santurtzi Eusko Label Ligako ontziak egin du azkena kanporaketetan. Hori da Bermeoko erlojupekoko titularra. 'Itsasoko Ama' zen faborito nagusia kanporaketei begira, baina gaur, lehen estropadan, kolpe galanta jaso du.

«Ikusten ari gara zer gertatu den. Gaur azkenak egin dugu, eta jipoi bat izan da», hori adierazi du ETBko kameren aurrean Markel Elorza Santurtziko arraunlariak. Ezinezkoa ez, baina oso-oso zaila dute Santurtzikoek, lau traineru aurretik dituztelako, eta bakarrik birentzat dagoelako lekua.

Emakumezkoen zein gizonezkoen estropadak oso parekoak izan dira. Gizonezkoetan zortzi segundoko aldean sartu dira traineru guztiak, eta emakumezkoetan hiru segundoan.

Gizonezkoetan, San Pedrok irabazi du erlojupekoa, estropada biribila eginda. Atzekoz aurrera egin dute, eta lehen ziabogatik aurrera, denborarik onenak markatuz hasi ziren, minutuak aurrera joan ahala. 'Libia' ontziak oso bideratuta du, bihar, Portugaleten, kanporaketetako lehen bi kosketan geratzea.

«Ilusioa eta presioa maila berean» sentitzen dutela nabarmendu du Iñigo Tamariz San Pedroko arraunlariak: «Gaur bezala eginez gero, han [Eusko Label Ligan] izango gara. Asko okertu behar da edo oso gaizki egin behar dugu postua galtzeko. Hala ere, edozer gerta daiteke».

KAE 1 ligako txapeldunaren atzetik, Bueuk egin du bigarren. Galiziako Ligako txapeldunordeak bere herrikideak baino hobeto jardun dira, eta Ares Galiziako txapelduna atzean uztea lortu dute.

Laugarren egin du Lapurdik. Joseba Fernandezen taldeak zail izango du lehen bi sailkatuen artean sartzea. Esan ohi da kanporaketetako lehen estropadan laugarren eta bosgarren geratzen direnak, ez dutela aukerarik lehen bi postuetara ailegatzeko.

Gizonezkoetan Santurtzi hasi da indartsuen lehen biran denborarik onena markatuta. Aukeran, azkarregi, estropada igaro ahala, azkeneko posturaino jaitsi direlako. San Pedrok lehen ziabogan bigarren denborarik onena egin du, eta bigarren luzetik aurrera, erreferentziak haien aldekoak izan dira. Bigarren, hirugarren eta azken biran denborarik onena markatu du Asier Carballedaren taldeak.

Hibaika, Kaiku eta Zumaia, bizirik

Espero zen moduan, berdintasuna handia izan da emakumezkoen erlojupekoan, eta aurten Euskotren Ligan lehiatu den traineruak irabazi du. Natalia Tubio Hibaikako patroiaren aldeko apustua egin du Iñaki Mendizabalek. Denboraldi osoan zehar Zuriñe Alberdi eta Galiziako patroia tartekatu ditu Mendizabalek. Logikak dio bihar Alberdiren txanda izango dela. Baina ikusi behar.

«Oso estropada parekoa izan da. Beti saiatzen zara egiten duzun lanean konfiantza izaten. Lehenak geratu gara, beraz, ondo atera da lana. Ez da izan estropada ohiko bat Bermeo izateko» nabarmendu du Tubiok. Itsasoa bare zegoen gaur, kasik olaturik gabe, eta oso haize gutxi.

Hibaika atera da lehenik, ondoren Kaiku eta azkena Zumaia. Lehen ziabogan Errenteriako ontzia, eta ‘Bizkaitarra’ denbora berean heldu dira, eta ‘Telmo Deun’ segundo batera.

Oso estua zegoen estropada, eta Tubiok esan duen moduan, «konfiantza izan du egiten ari ziren lanean», arraunketa mantenduta eta presa alde batera utzita. Horri esker, lehen hiru puntuak poltsikoratzea lortu dute, eta lehen pausoa ematea hurrengo urtean Euskotren Ligan segitzeko. 

Kaikuk eta Zumaiak, ordea, ez dizkie gauzak erraz jarriko. «Hemen lanak oraindik ez ditugu bukatu, juntu-juntu gaude hirurak, bihar erabakiko da. Bi egunetako lana da, gaur elkarrekin bukatu dugu, eta bihar irabazten duenak, aukera asko izango du igotzeko», adierazi du Kike Manterola 'Telmo Deun' traineruko prestatzaileak.

Portugaleteko estropadari begira jarri da Jone Garcia de Andoin Kaikuko patroia: «Etxe ondoan gaude, ezagutzen dugu eta dena ematera joango gara».

Tiranek, plazari uko egin dakioke

Mikel Olazabal ETBko esatariak adierazi du Tiranek agian Euskotren Ligan duen plazari uko egingo diola. Zurrumurruak daudela adierazi du, eta zuzenean taldekoei galdegin diela. Tiraneko hiru-lau arraunlarik ez dute begi onez ikusten bertan jarraitzea, eta oso ezkor omen daudela. Hori gertatuko balitz, Tiranek utzitako tokia, kanporaketetan bigarren egiten duenarentzat izango litzateke. 

Emakumezkoak

Denborak

1. Hibaika 10:51.38
2. Kaiku 10:53.34
3. Zumaia 10:54.44

Sailkapena

1. Hibaika 3 puntu
2. Kaiku 2
3. Zumaia 1

Gizonezkoak

Denborak

1. San Pedro 20:12.40
2. Bueu 20:14.76
3. Ares 20:16.34
4. Lapurdi 20:19.06
5. Santurtzi 20:20.72

Sailkapena

1. San Pedro 5 puntu
2. Bueu 4
3. Ares 3
4. Lapurdi 2
5. Santurtzi 1