INFO

Inoizko sagar uztarik handiena espero du Euskal Sagardoak

Inguruko sagastietara begiratu besterik ez dago aurten sagardogileei sagarrik ez zaiela faltako ikusteko. Uzta hasi berria da eta aurreikuspenak betetzen badira, sei milioi kilo blitzea espero dute, horiekin lau milioi litro Euskal Sagardo egiteko, inoizko kopururik handiena.

Sagasti artean egin du Euskal Sagardoak aurtengo uztaren aurkezpena. (J.S.)

«Sagar urte handia» bezala izendatu dute aurtengoa Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako arduradunek. Izan ere, sagar urtea egokitu da eta, azken urteetan sagasti berriak landatzeko egin den lanari esker, sei milioi kilo biltzea espero dutela adierazi du Unai Agirrek, Jatorri Deiturako koordinatzaileak, Gipuzkoako Foru Aldundiak Villabonan duen Otalarrea sagasti esperimentalean. Bertan dago Euskal Herriko sagardo-sagar kolekziorik nagusiena.

Aurkezpen ekitaldian izan da, halaber, Maider Lopetegi, Fruitel elkarteko lehendakaria, aurtengo sagarraren ezaugarriak azaltzeko. Bere hitzetan, aurtengo sagarra ale handikoa da, euri asko egin duelako, baina horrek azukre maila gutxitu egin dio zertxobait, eta ondorioz alkohol gutxiagoko sagardoa izango da datorren urtean dastatuko duguna.

Larrialdi klimatikoak eraginik izan duen galdetzerakoan, aurten hainbesteko eraginik ez duela izan azaldu du, baina bai urtez urte uzta pixkanaka aurreratzen joaten dela ikusten ari direla. Aurten, adibidez, ohikoa baino aste bat aurrerago hasi dela azaldu du.

Lehen muztioarekin topa egin dute Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako arduradunek. (J.S.)
 

Une honetan Euskal Sagardoaren barruan 250 sagargile daude eta 500 hektarea inguru sagasti. Sagar hau guztia Jatorri Deiturako 50 sagardotegietara joaten da, Euskal Sagardoa ekoizteko. Datozen urteetan, produkzioan sartu berriak diren beste 150 hektarea gehituko zaizkie.

Sagasti berri gehienak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskainitako laguntzei esker jarri dira. Arantxa Ariztimuño Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendariak emandako datuen arabera, urtean 300.000 euro bideratzen dira sagasti berriak landatzeko.

Azken helburua, hamarkada batean sagardoaren %100 bertako sagarrarekin egitea da, hau da, ekoiztutako sagardo guztiak Euskal Sagardoa zigilua eramatea. Hala ere, sektore honetan ere eskulanaren arazoarekin topo egin dute eta, Unai Agirrek azaldu duenez, azken urteetan belaunaldi erreleboaren arazoa nabarmentzen ari da eta jendea falta da sagastiak zaindu eta sagarra biltzeko.

Astigarraga eta Ezkio-Itsaso

Egoera horri aurre egin eta sagarra eta sagardoaren kultura ezagutzera emateko, Astigarragako Sagardo Etxeak XXIII. Sagar Uzta jardunaldiak antolatu ditu asteburu honetan eta Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserri-musoean XXII. Sagardoaren Astea ospatuko dute urriaren 10etik 17ra, bertako tolare zaharra martxan jarrita. 

Astigarragako ekitaldi nagusiak igande honetan izango dira (irailak 24), eta bertan ez dira faltako sagar biltzea familientzako, sagar azoka edota sagardogintzako lanen erakusketa. Sagar muztioa egiteko aukera urriko asteburu guztietara ere luzatuko da.