INFO

Kilometroko 0,29 euro ordainduko die Lakuak eskola garraioaren aferak kaltetutakoei

Ikasturte hasieran eskola garraioaren aferak kaltetutako familiei diru-aguntzak emango dizkie Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak. Egin behar izan duten kilometro bakoitzeko 29 zentimo emango dizkie.

Eskola garraioren egoera dela eta Aiarako Etxaurren ikastolan egindako protesta. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Lakuako Hezkuntza Sailak milioi bat euro bideratuko ditu 2023/24 ikasturtearen hasieran zenbait ibilbidetan eskola garraiorik ez izateak kaltetutako 7.400 familia inguru konpentsatzeko. Familia horiek irailaren 27tik urriaren 26ra eskatu ahal izango dute kalte-ordaina, egun biak barne. Eskola garraiorik egon ez zen egun guztietan egindako kilometro bakoitzagatik 29 zentimo ordainduko dizkiete.

Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak jakinarazi du astearte honetan onartutako agindua eskubidea zuten baina eskola garraioa erabili ezin izan duten familiei konpentsazio ekonomikoa ematera bideratuta dagoela, horren ardura zuten enpresek ikasturteko lehen egunetan zerbitzu hori ez ematea erabaki ondoren, Sailarekin duten gatazka dela eta.

Bildarratzek azaldu duenez, kaltetuak izan diren 7.400 familiek ordain ekonomiko hori eskatu ahal izango dute eskaera dokumentu bat osatuz, «paper gehigarririk edo egiaztagiririk aurkezteko beharrik gabe». Eskabide dokumentua telematikoki zein fisikoki aurkeztu ahal izango da ikastetxeko zuzendaritzan.

Sailburuak zehaztu duenez, etxetik ikastetxera dagoen distantziaren arabera, eta ikastetxearen ordutegia eta jantokia erabiltzen den ala ez kontuan hartuta, familiak «epe laburrean» jasoko duen zenbatekoa ezarriko da.

Adierazi duenez, «zerbitzurik gabeko egun gutxi» izan dira, baina «eragozpenak handiak izan dira». Lakuako Gobernuak familiei erakutsi nahi die «lehentasuna seme-alabei zerbitzu egokia eskaintzea izan dela beti, eta zerbitzu hori izan ezean, familiari semearen edo alabaren joan-etorriak dakarren kostua konpontzea, kalte bikoitza jasan ez dezaten».

Halaber, zehaztu duenez, agindua irailaren 26an argitaratuko da ziurrenik, eta laguntzak hurrengo egunetik, irailaren 27tik urriaren 26ra arte eskatu ahal izango dira, biak barne.

Aparteko laguntza hauek jaso ahal izango dituzte Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleek, baldin eta Hezkuntza Sailak kontratatutako ibilgailuei dagozkien ibilbideetan eta joan-etorrietan eskola garraioa izateko eskubidea badute, eta ikasturte hasiera honetan zerbitzu hori eman ez izanak eragin badie.

Zehazki, 0,29 euro ordainduko da kilometroko eta distantziak neurtzeko ‘GeoEuskadi’ kartografian oinarritutako tresna erabiliko da.

Bilerak enpresekin

Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, eskola garraioko enpresekin adostu dute «hemendik urte amaierara bitartean aldizkako bilerak egitea, Eusko Jaurlaritzari helarazi dizkioten egoera, errealitatea eta arazoak aztertzeko, guztion artean zerbitzu hobea emateko eta enpresek izan ditzaketen beharrei erantzuteko».

Bildarratzek azaldu duenez, enpresek lan bileran adierazi diote «kezkatuta» daudela Sailak Fiskaltzara jo dezakeelako, enpresen artean itunak egin daitezkeelako susmoak dituela eta. Adierazi du zerbitzu juridikoak gai hori aztertzen ari direla, eta aitortu du orain «elkar ulertzeko giro» berri batean daudela eta zerbitzua ematen ari direla. «Hori ere kontuan hartuko dugu», adierazi du.