INFO

Urriaren lehena, Errenteriako Kilometroak jaia, ‘Erriola’ porturatzeko eguna

Iritsi da Kilometroak 23, urte luze bateko lanaren bukaera jaia: urriaren lehena egun handia izango da Errenterian, Orereta ikastolak antolatua. Festaz gozatu nahi duen orok ateak zabalik izango ditu. Jardueren eta sormenaren errioa hazi da, eta horren erakusgarri izango da askotariko egitaraua.

Kilometroak jaia aurkeztu dute Orereta Ikastolako haur, irakasle eta komunitate osoak. (Maialen ANDRES | FOKU)

‘Erriola’ leloarekin, Gipuzkoako Ikastolen jaiaren 47. edizioa ospatuko da urriaren 1ean, Errenterian. Kilometroak egunak urte osoko bidea biribilduko du, Orereta Ikastolaren 60. urteurrenarekin bat eginez.

Euskara eta euskal kultura, eskertza eta komunitatea izan dituzte zutabe urtarriletik hona antolatu dituzten ekintzetan. Kilometroak Txikia, ‘Euskaldunon Egunkaria’-ren itxieraren eta ‘Berria’-ren jaiotzaren 20. urteurrena ospatzeko astea, euskara batuaren sortzaileei eta euskara batuari berari gorazarre egiteko giza katea, 12 orduko kultur maratoia, ‘Adaxka Berriak’ ikuskizuna Ziburuko eta Hendaiako ikastolekin batera, ‘Urmuga’ jaialdiaren baitan egindako mendi ibilaldia, patatxa gaineko zuzeneko musika emanaldia eta ‘Gure Añabitarte’ kontzertua, eta, jakina, ikastolaren soinu banda bihurtu den ‘Erriola’ kanta, Jon Maia bertsolariaren hitzekin eta Janus Lester taldearen musikarekin sortua.

Ostegun honetan aurkeztu dute Kilometroak eguna, eta eskerrak eman dizkiete urteko ekintza guztiak antolatzeko bidean lagun izan dituzten eragile eta norbanako guztiei. Izan ere, hilabete guztiotan jende ugari aritu da gogotsu eta indarrez lanean, eta guztiari behar bezalako amaiera eman nahi diote urriaren 1ean.

Hamaika aukera, lau gune nagusitan banatuta

10.00etan hasiko da eguna, ekitaldi instituzionalarekin. Ibiltaria izango da: Lekuonako zubian ongietorria egin ondoren, Zumarditik eta Linotik pasa, eta Zamalbide gunean amaituko da. Bertan izango dira Jokin Bildarratz Lakuako Hezkuntza sailburua, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, Nekane Artola Ikastolen Elkarteko eta Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakaria, eta Itziar Navarro Orereta Ikastolako lehendakaria, herriko zein Gipuzkoako beste hainbat eragilerekin batera.

11.00etatik aurrera, musika, dantza, umeei zuzendutako eskaintza, tailerrak eta kale animazioa, Gipuzkoako ikastoletako DBHko ikasleen arteko erronka, jantokian bazkaria eta txosnetan ogitarteko zein bestelako jakiak, tonbola… izango dira.

Errioak daraman urak Orereta-Errenteriako baserriko baratzeak ureztatu ditu, baita olak edo fabrikak ere. Urbanoa eta ez urbanoa, Manchester Txikia eta baserria, Orereta-Errenteriaren bi errealitateak. Guneen izenek ere horixe irudikatzen dute.

Lino

1845. urtean hasi zen herriko industrializazioaren aroa, Orereta-Errenteriako lehen fabrika modernoarekin: La Sociedad de Tejidos de Lino, ‘Fabrika Handia’ gisa ezagutua. Egungo Agirre Lehendakariaren plazan zegoen, egun Ikastolaren Linoko egoitza dagoen lekuan, hain zuzen. 1850erako 500 langile zituen, ‘telariak’, asko emakumeak. Horietako bat izan zen gerora Joxepa Antoni Aranberri ‘Xenpelar’, baita bertsolari familia hartako beste hainbat kide ere.

Esmalteria

1925ean sortu zen Esmalteria Guipuzcoana eta esmalteztatutako ontziak egiten zituzten, batez ere sukalde eta komunerako tresnak. Bertako langileen %70 emakumeak ziren eta 90eko hamarkadara arte egon zen egungo Koldo Mitxelena plazan. Horregatik, herrian askok Esmalteria plaza deitzen diote. Bertan dago Orereta Ikastolaren Haur Hezkuntzako eraikinetako bat ere.

Galletera

Auzoari izena ematen dion Olibet fabrika frantsesean egiten ziren galletak txoko guztietan egin ziren ezagun. Maria galletak egiten hasi zen enpresak 1886an zabaldu zituen ateak, ‘La Ibérica. Fábrica de galletas’, herrira bainila eta gurin usaina ekarriz. Gaur egungo Gernika plazan, Galletas Olibet lantegia zegoen orubearen zati batean ireki zen geroago Lekuona okindegia. Ondoan dago martxan jarraitzen duen herriko fabrika historiko bakarra: Papresa paper-lantegia.

Errioa

Errioa da, ez ibaia. Itsasoaren gertutasunak fenomeno natural propio bihurtzen du. Mareak gora eta behera egiten du, urak bi noranzko ditu, ez du beti aldarte bera, ur gaziak eta gezak bat egiten dute. Bi urertz batzen ditu, zubiak sortzen ditu; faktorien kokaleku da, jardueren eta sormenaren hazi.

Gune nagusiez harago, jende mareak ibiliko dira herrian zehar, animazioak lagunduta. Azpiguneetan ere hitzordu andana izango dira. Besteak beste, Zamalbide, Alhondiga eta Haurren Errioa galduezineko guneak izango dira. Herrian bertan sortu bazen ere Orereta Ikastola 1963an, Zamalbideko Añabitarte baserriaren inguruan kokatu zuen bere euskal hezkuntzaren jarduera nagusia 1973tik aurrera.

Garraio publikoa erabiltzeko deia

Kilometroak Egunera garraio publikoan joatea gomendatzen dute, Euskotren, Lurraldebus edota Renfe erabilita. Renfek mozketak iragarri ditu urriaren 1erako eta beraz, Kilometroak Egunera etortzeko, Andoain eta Lezo/Errenteria eta Lezo/Errenteria eta Andoain artean baino ez du zerbitzurik emango.

Garraio publikoz etorri ezin dutenentzat, bi aparkaleku nagusi jarriko dira: Pasaiako Portua eta Txirrita-Maleo industrialdea. Autokarabanentzako gunea ere izango da Agustinak auzoan.

Eskertza eta aldarria

Orereta Ikastolak egindako lana goraipatzearekin batera, Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak lagundu duten erakunde, babesle eta eragileei, udalari eta herriko elkarteei adierazi die esker ona.

Oroitu duenez, ikastolen jaiak beti izan dira auzolan erraldoia, herri osoari irekiak. «Erronka handiak ditu esku artean ikastolen mugimenduak eta orain arte bezala gure komunitatearen bultzadaz helduko diogu esku artean ditugun eztabaida eta hausnarketei, gure izaera eta eredua erdigunean jarrita. Ikastolak gara, horrek barnebiltzen duen guztiarekin», aldarrikatu du.