INFO

Zabaleta horrela dagoenean dena da errazagoa

Etxarrendarrak goitik behera aginduta eta Zabalak partida oso burutsu eta praktikoa jokatuta, inolako aukerarik gabe utzi dituzte iazko txapeldun Altuna-Martija (22-13)

Jose Javier Zabaletak erabat dominatu du piloteoan. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Sanmateotako finalak errioxar pilotari bat izango du tartean, egungo txapeldunei 22-13 gailenduta, Javi Zabalak eta Jose Javier Zabaletak Ezkurdia eta Rezustaren aurka jokatuko baitute igandean. Lehen aukera zuen Logroñoko aurrelariak goi mailako torneo batean eta, gauzak zentzuz eta zuzen eginda, bere aukera baliatu du aurrelari errioxarrak, baina ezin ahaztu Zabaleta bere mailarik onenean dela, gauzak askoz errazagoak direla.

Uda ez du onena egin atzelari nafarrak, aurrean abantailak emanda, tarteka zalantzaren bat ere agertu izan du orain ez dela asko, Mastersean esaterako finalerdietatik kanpo geratu zen Elordirekin, baina gaur beste abiadura bat eman dio pilotari, erabat agindu kantxan bi eskuekin zulo handiak ireki ditu eta aurpegian ere, beste egun batzuetan izan ez duen irribarre bat agertu zaio aurpegian. Eta bere babesean, Javi Zabalak lehen partidan baino askoz gehiago gozatu du.

Finalean egoteko 17 tanto nahikoak bazituzten ere, Zabala eta Zabaletak ez dute espekulaziorako tarterik utzi lehen pilotakadatik. Partidaren bila irten dira lehen unetik eta horretarako argi izan dute zein zen euren dohainik erabakigarriena. Pilotari oso abiadura bizia eman diote biek eta piloteoan erabat nagusitu dira.

Aurrean, lehen eguneko urduritasunak ahaztuta, Javi Zabalak oso lehia praktikoa egin du, Altunarekin aurrean nahastea une oro saihestuz eta pilota oso atzean jartzen. Baina partida erabat hautsi duena Jose Javier Zabaleta izan da. Gaurkoan ezker-eskuin min handia egin du, Altunari jokoan sartzeko aukera oso urriak utziz eta Martija zailtasun handietan jarriz eta defentsan lan egitea tokatu zaion apurretan ere lan bikaina biribilduz.

Nahi eta ezin

Gauzak horrela, laster hartu dute urdinek asko lagundu dien abantaila markagailuan (4-10) eta uste baino partida erosoagoa izan dute. Utzi ditu, nola ez, Jokin Altunak ale ederrak baina haizea oso kontra zuela jokatzea tokatu zaio eta partida gogortzea lortu badute ere, iazko txapeldunek bi partidak galduta agurtu dute aurtengo Logroñoko feria.

Frontis erdian jota ziztu bizian irten den pilotakada eder batekin lortu dute Zabala eta Zabaletak finalerako txartela eman dien 17-10ekoa eta hortik aurrera partidak apur bat galduta, merezita eskuratu dute errioxarrak eta nafarrak sari bikoitza.

FITXA TEKNIKOA

Altuna III.a-Martija: 13

Zabala-Zabaleta: 22

Pilotakadak: 654. Iraupena: 68,06 minutu. Markagailua: 0-4, 1-4, 1-6, 2-6, 2-8, 4-8, 4-10, 7-10, 7-14, 10-14, 10-18, 13-18, 13-22. Sakeak: 0 Altuna III.ak eta 2 Zabalak. Egindakoak: 8 Altuna III.ak, 2 Martijak, 9 Zabalak eta 6 Zabaletak. Galdutakoak: 2 Altuna III.ak, 4 Martijak, 2 Zabalak eta 2 Zabaletak. Gorabeherak: Sarrera eta giro bikaina Logroñoko Adarraga pilotalekuan.