INFO

Amiantoak eragindako ezintasun iraunkor absolutua aitortu diote Lecta taldeko langile ohi bati

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak amiantoak eragindako ezintasun iraunkor absolutua aitortu dio Papelera Uranga eta Sarrió Papel y Celulosa enpresetako langile ohi bati. Gaur egun Lecta Taldeakoak dira aipatutako enpresak eta langileak Leitzako instalazioetan egin zuen lan.

Leitzako lantokia. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak Bidelagun fundazioak egindako eskaera onartu du, eta amiantoak eragindako ezintasun iraunkor absolutua aitortu dio Papelera Uranga eta Sarrió Papel y Celulosa enpresetako langile ohi bati. Lecta taldekoak dira enpresak gaur egun eta langileak Leitzan dituen instalazioetan lan egin zuen.

Mesotelioma epitelioide gaitzak jota dago langilea, eta 1960tik 2009ra bitartean Lecta Taldeko enpresetan lan egin zuen mantentze lanetan, eta amiantoaren eraginpean egon zen, Osalanek 2023ko urtarrilaren 28an egindako Gaixotasun Profesionalaren Susmoaren Txostenaren arabera.

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak egindako aitorpen horren ondorioz, langileak lanbide-gaixotasunaren ondoriozko ezintasun iraunkor absolutuagatik pentsioa jasoko du, eta segurtasun-neurririk ezagatik prestazioen errekargua eskatzeko bidea ere irekiko da. Era berean, Lecta Taldeari kalte ordaina eskatu ahal izango dio erantzukizun zibilagatik.

Bestalde, Bidelagun Fundazioak eta ELA sindikatuak amiantoaren biktimen babesgabetasun-egoerari buruz ohartarazi nahi izan dute. Azaldu dute beharrezkoa dela erakunde publikoek behar adina baliabide bideratzea langileen osasunerako eskubidea modu eraginkorrean bermatzeko. Halaber, amiantoaren biktimena bezalako gaietan hitzetatik ekintzetara pasatzeko galdegin dute.