INFO

Lurrari lotutako bizitza baten iragaitea kontatzen da ‘All Dirt Roads Taste Like Salt’ filmean

‘All Dirt Roads Taste Like Salt’ filmarekin itzuli da Raven Jackson zinema zuzendari estatubatuarra Donostiako Zinemaldira, 71.edizioan Sail Ofizialean lehiatuz. Missisipiko emakume baten bizitza kontatzen du filmak, naturarekin estuki lotutako irudien eta soinuen bidez.

Raven Jackson zuzendari estatubatuarrak Sail Ofizialean aurkeztu du bere azken lana. (Ander Guillenea | AFP)

Raven Jackson zinema zuzendaria bigarren aldiz da Donostiako Zinemaldian, baina hau da Sekzio Ofizialean lehiatuko duen lehen aldia, ‘All Dirt Roads Taste Like Salt’ filmarekin; aurrez, 2016an, NEST sailean hartu zuen parte. Missisipiko emakume baten bizitza kontatzen du bere lan berrian, lurrari eta uraren zikoari lotutako irudiekin, eta muntaketa lan berezia du, ez baitu modu kronologikoan kontatzen.

Igande arratsaldean aurkeztu du filma, eta ondoren egindako prentsaurrekoan azaldu du film hau egiteko ez dela gidoitik hasi, argazkiak ateratzetik baizik, «prozesu organiko ederra izan da», gaineratu du. Ederra eta luze xamarra, izan ere, bost urte baino gehiago dira egiten hasi zenetik. Azaldu du berarentzat «konexioa» dela filmaren gai nagusia, eta horregatik agertzen direla horrenbeste esku eta ukitu eszena bakoitzean. «Gorputza eta gorputz ataletara iristea interesatzen zait, kontaktu hori adierazi nahi izan dut» erantzun du emakumeen gorputzek irudietan duten presentziaz galdetuta. Ikuslea ohituta dagoena baino eszena luzeagoak erabili ditu, eta adibidetzat jarri du pertsonaien harteko besarkada batek hamabost segundu inguru irauten duela.

Este navegador no soporta el elemento video.

Adele Romanski eta Maria Altamirano ekoizleek protagonistak emakume beltzak izatearen garrantzia azpimarratu dute: «Emakumezko beltzak agertzea nahi genuen, eta aldi berean pertsonaien barruko aldea erakutsi». Altamiranok adierazi du Jacksoni barrutik atera zaion zerbait izan dela pertsonaia horiek jartzea lehen planoan, eta «barrutik atera zaiona da, eta hori balioan jartzekoa» dela azaldu du.

Fikziozko film bat dela nabarmendu du zuzendari estatubatuarrak, baina bere bizitza pertsonaleko xehetasunak ere badaudela: «Banekien filmarengandik gertu egon nahi nuela, eta xehetasunetan nago. Adibidez, pertsonaia batek nire amonaren izena du, edota filmaren izenburua amonarekin izandako elkarrizketa batetik sortua da».

Intimoa eta isila

Bizitza oso bat ikusten da filmean zehar igarotzen, txikitako eszenak nerabezarokoekin nahasten dira, helduoaroko beste hainbatekin tartekatuta, «film intimo eta isila da, momentu sotilek osatzen dute». Eta pantaila handian ikusi daitezkeen pertsonaiez gain, bigarren protagonista nagusia natura bera da. Zuzendariak berak ere hala kontatu du: «Eszenetan ez da gauza bat gertatzen, baina aldi berean urtaroen aldaketa gertatzen da, uraren zikloa ikusten da…».

Modu berezian filmatu zuten, eta muntaketa ere berezia izan zen. Jacksonek azaldu du filmatzerakoan ordena ez zela «beharrezkoa», bazekielako muntaketan aldaketak izango zituela: «Muntaiak jarioa eman dio, eta horrela behar zuen». Kontatu du filmaketa garaian «presente» zegoela, bazekiela zer bilatzen zuen baina irekita zegoela edozertara.

Hitz gutxiko filma izaki, soinuak pisu berezia hartzen du filmean, Miguel Calvo arduratu da soinuaz: «Banekien isila izango zela, elkarrizketa asko ez dituela, baina filmeko soinua partitura bat bezalakoa da, badu soinu banda, baina hots asko ere propio sartutakoak dira».