INFO
Entrevista
MIkel Lertxundi
Eskultore eta artista

«Berriz pandemiarik etorriko balitz, gu berriz noraezean, naufrago»

Bartzelonatik gertu dagoen Garraf natura-parkean kokatuta dagoen Vallgrassa arteen zentrora hedatu du Mikel Lertxundi artistak bere unibertsoa; izadiari estuki lotutako sormen unibertsoa, alegia. Datorren urte hasiera arte Katalunian zehar egingo duen ‘bira’ antzeko baten lehen geldialdia da.

Mikel Lertxundi, bere Berriatuko estudioan, aste honetan (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Gustuko dut pentsatzea nire eskulturak gure barnean bizi diren lurraren zatiak direla, eta ikusleari laguntzen diotela bere espazio natural eta emozionalarekin topo egiten, harriaren, egurraren eta burdinaren tenperatura, kolore eta ehundurak ikusi eta sentitzeko esperientzia sentsorialaren bidez»; hala dio Mikel Lertxundik (Berriatua, 1951) Vallgrassa (Bartzelona) arteen zentro esperimentalerako katalogorako idatzi duen aurkezpenean. Naturan sakonki sustraitzen den ibilbide eta egile bat, naturagune edo espazio natural baten bihotzean. Horrela laburbil zitekeen agian Garraf natura-parkean ezarri den proposamena.

Irailaren 17an zabaldu zen erakusketa azaroaren 26ra arte egongo da ikusgai. Ondoren, eta azarotik abendura bitartean, Cardedeura joango da eta datorren urtearen hasieran Torrelles de Llobregaten (2024ko urtarrila-otsaila) erakutsiko da.

Erakusketa aretoaren irudi bat. (Mikel LERTXUNDI)

 

Estatuko eta atzerriko erakusketa gela, galeria eta azoka nagusietan erakutsi ditu bere lanak Mikel Lertxundik. Eskultura publiko ugari ditu jarrita hainbat hiri eta herritan –Bizkaian, Zarautzen, Biarritzen, Ingalaterran, Italian eta Ameriketako Estatu Batuetan– eta formatu handiko erakusketak egin izan ditu ere aire zabalean Ziortzako monasterioan (2006. urtean), Arenatzarte parkean (2009) eta Bilboko kaleetan (2019), besteak beste.
Bi liburuen egilea da –‘Lertxundi, euskaradun arte unibertsala’ 1988eko Euskadi sariaren irabazlea eta ‘Lertxundi espazioa lurra denbora’ (2019)–, eta arte interbentzioak egin ditu naturan; esaterako, Txepetxabixe harrobian (Markina-Xemein), Lea ibilbidean (Aulesti) eta Paresi inguruan (Urdaibai).

Etengabeko esperimentazioan, bizkaitar egile honentzat «eskultura egitea materialekin eta haien ingurunearekin elkarrizketan jardutea» da. «Materialen posizioa, ordena eta formen konposizioa dira nire sormen prozesuko oinarri nagusiak –esan du–, orekaren eta hari darion biziaren eta poesiaren bilaketara zuzenduak beti. Zatien eta osotasunaren arteko harmonia aurkitzean datza ariketa».

Hiru erakusketa jarraian, Katalunian hirurak, horietako bat naturagune batean. Horrek badu bere ‘zera’, ez baita oso ohikoa. Horrek ‘barne historiarik’ ba al du?

Vallgrassako Arteen Zentro Esperimentaleko zuzendari eta komisarioak, Jordi Aligue-k, gonbidatuta noa Kataluniako erakusketa hauetara. Pertsona hau eta Vallgrassa espazioa Bilboko FIG azokan [Grabatuaren Nazioarteko Azoka] ezagutu nituen. Ni naturagune batean (El Garraf parkean) arte zentro bat egoteaz harritu nintzen eta ezagutzeko interesarekin gerturatu nintzen eta haiek nire lanaz interesatu ziren. 2021. urteko FIG azokan ezagutu genuen elkar. 2013an beste artista euskaldun baten, Agustin Ibarrolaren erakusketa egina zuten zentro horretan.

Espazioaren kokagunea eta berezitasuna ezagututa, nola naturari begira egiten dudan lan, baiezkoa eman nien.   Jordi Aliguek bira baten moduan planteatu zidan erakusketa eta aukera interesgarria iruditu zitzaidan Katalunian nire lanak erakusteko: Garraf parkean dagoen Vallgrassa Arteen Zentro Esperimentalean; ondoren, azaroan eta abenduan Torrelles de Llobregateko Ateneoko erakusgelan erakutsiko dira nire lanak eta 2024ko urtarrila eta otsailean Cardedeu-n erakutsiko dira, Jordi Aliguek eta Anna Bellvehik gidatzen duten arteen eta letren beste espazio multidiziplinar batean, L'estació és allà deritzona, arteen heziketan eta zabalkundean lan egiten duena.

Atzera begirakorik ez da; lan hauetan zure ohiko materialetan sakondu duzu eta bide berrietan sartu zara?

Naturarekin dudan harremana eta hari begirako ikerketan aurkitutakoa eta garatu dudan pentsamendua erakusten duten obrak aukeratu ditut, 50 urteko (datorren urtean beteko ditut) ibilbidean sortutako bildumatik. Nire ibilbidean ikertu ditudan lau lerro nagusien erakusgarri diren dozena bat obra inguru aukeratu dut, espazioak ezagututa eta erakusketa ibiltaria dela kontuan izanda.

Badaude elementuak, ura, airea eta sua, harria, egurra eta burdina materialekin elkartzen ditudanekoak, badaude makla erako osaketak, badaude triadak edo hirukoak eta badaude (des)materializazioa esperimentatzen dudan ildokoak. Neurri ertainekoak eta txikiak dira. Baten bat zaharragoa, 1989koa, batzuk 2022koak eta besteak tartekoak.   

Mikel Lertxundi, bere lan baten aurrean. (Aritz LOIOLA / FOKU)


Gogoan dut pandemiaren aurretik egin zenuen erakusketa hura, Loraldiaren barnean, eta nola Bilboko zazpi guneetan kokatu ziren zure eskulturak. Izosaki atearen ondoan dagoena hor gelditu zen, bertako biztanleek horrela eskatuta. Badakit agian tipikoa dela galdera, baina egin beharrekoa: pandemiatik gizakiok zerbait ikasi al dugu?

Bai, 2019an, pandemia aurretik egin nituen hiru erakusketa jarraian Bilbon: bat kalean neurri handiko piezekin, ondoren neurri ertainekoekin Rekalde aretoan eta hirugarrena formatu txikikoa Juan Manuel Lumbreras galerian. Eta liburu mardul bat argitaratu genuen Maribel Aiertzak eta biok, beste sortzaile eta aditu euskaldun, japoniar eta alemaniarraren kolaborazioekin, ‘Lertxundi, espazioa, lurra, denbora’ izenburuduna. Beste sortzaile askok baino zorte hobea izan nuen alde horretatik, egin egin nituelako programatutako eta hainbeste lan eskainitako proiektuak, baina niri ere pandemiak erabat blokeatu zidan erakusketen ondorengo zabalkundea, eta liburuarena.

Eta zerbait ikasi al dugun? Musukoa jartzen eta kentzen agian? Eta batzuek eskuak garbitzen ere bai. Beste askorik ez. Tiritak jartzen dira, baina ez da oinarrizko sendaketarik ez prebentziorik planteatzen. Albistegiak ikusi besterik ez dago zer egiten ari garen planetarekin eta bera zer egiteko gai den gurekin; beraz, beste horrelakorik etorriko balitz, eta etorriko dira, berriz noraezean naufrago. Gizakiok ez dugu asko eboluzionatu onerako.   

Arteak zerbait egin dezake gizartea aldatzeko, esnarazteko?

Pertsona galderak egiten eta hausnartzen jarri ahal dute arte guztiek; ikuspegia eta iritzia hezteko eta garatzeko, pertsona esnatzeko bitartekari bikainak dira, eta pertsonaz pertsona osatzen da gizartea. Baina batzuei ez zaie komeni gizartea esna egon dadin. Nahiago dute beste kontu batzuekin entretenituta eduki jendea, eta erraz lortzen dute.

Batzuk ari gara, geure ahalmenetik, esperientziatik eta bidetik, beste zerbait eskaini nahian, beste begiratzeko, sentitzeko eta harremantzeko moduak proposatu nahian,  baina iristen gara iristen garen jende multzora. Askotan sentipena dut gu, gutxiengoa, bazter batetik goazela eta gehiengoa, gizartea orokorrean, kale nagusian zehar beste erakusleiho batzuetara begira.

Eta «sakondadeetan» jarraituz, eskultura zer da zuretzat? Badakit zaila dela, baina labur defini dezakezu?

Eskultura mundua ulertzeko eta bertan bizi izateko modu bat da niretzat. Beharren eta ezbeharren artetik ateratzeko atea, emozioen balantza orekatzeko tresna, zentzunari poesia bilatzeko bidea dira niretzat eskultura zein beste arteak.