INFO

Datorren urtarrilaren 1ean Karabakh Garaiko errepublika desegingo dela iragarri dute agintariek

Samvel Shahramanian Karabakh Garaiko presidenteak 2024ko urtarrilaren 1ean lurraldeak errepublika izateari utziko diola jasotzen duen dekretua sinatu du, hiru hamarkada baino gehiagoren ondotik eta Azerbaijanen iragan asteko erasoaldi militarraren ondorioz. 70.000 desplazatu daude momentuz.

Karabakh Garaiko bizilagunak, Armeniara bidean, babes bila. (Alain JOCARD | AFP)

Joan den astean Azerbaijanek egindako erasoaldi militarraren ondorioz, datorren urtarrilaren 1ean Karabakh Garaiko errepublika desegingo da. Hala jaso du ostegun honetan Samvel Shahramanian presindenteak sinatutako dekretu bat.

Zehazki, dekretu horretan dioenez, «maila politikoan eta segurtasunean egoera larria» dela eta erabaki dute desegitea, «Artsajeko biztanleriaren segurtasun fisikoa eta bizi-interesak bermatzeko lehentasunetik abiatuta».

Halaber, Artsajeko Presidentetzak Telegramen duen kontuan argitaratutako ohar batean nabarmendu duenez, erabaki honek «kontuan hartzen du Errusiako baketze-tropek Azerbaijanekin lortutako akordioa, Karabakh garaiko biztanleek libre, borondatez eta mugarik gabe igarotzeko, baita armak entregatu dituzten militarrek ere».

70.000 desplazatu

Bestalde, Armeniako Gobernuak ostegun honetan jakinarazi du 70.000 desplazatu inguru iritsi direla Karabakh Garaitik ihesi. Horrela, Bakuk aurreko astean bat-bateko ofentsiba egin aurretik lurraldeak zuen biztanleriaren erdiak baino gehiagok alde egin du.

Exekutibo armeniarrak bere webgunean argitaratutako ohar labur batean zehaztu du «bizileku finkorik ez dutenek ostatu egokia jasotzen ari» direla, «laguntza-beharren analisiak aurrera jarraitzen» duela ziurtatuz.

Zhanna Andreasian Hezkuntza Ministroak asteazkenean deitoratu zuen lekualdatutako adingabeen kopurua «oso zabala» dela, eta guztien herena izan daitezkeela esan zuen. Bestalde, Narek Mkrtchian Armeniako Gizarte Gaietako Ministroak nabarmendu zuen agintariek plataforma bat jarri dutela martxan desplazatuen behar nagusiak asetzeko asmoz.

Azeriar agintariek une oro adierazi dute pertsona horiek beren etxeetan gera daitezen asmoa dutela, eta haien eskubideak errespetatuko dituztela agindu dute.

Erasoaldi militarra

Karabakh Garaia Hego Kaukason dagoen 4.400 kilometro karratuko lurraldea da, eta Azerbaijanek «berreskuratu» egin du, irailaren 19an hasitako 24 orduko erasoaldi militar batean. Ordura arte, armeniar gehiengoa zuen zonaldeak hiru hamarkada baino gehiago eman zituen armeniarren aldeko indarren kontrolpean, nahiz eta nazioarteak azeriarrek subiranotasuna zutela onartu.

Irailaren 20 iragarri zuten su-etena, baina erasoaldiak 200 hildako bauno gehiago utzi zituen Karabakh Garaian, eta 190 militar azeriar baino gehiago hil ziren.

Talde armatuen armagabetzea, militar armeniarren erretiratzea (Erevanek ukatu badu ere inguru horretan zabalduta daudenik) eta Azerbaijanen lurraldea «berriro integratzea» bilatzen ditu. Horretarako, orain arte bi bilera egin dituzte Azerbaijango ordezkariek eta eskualdeko ordezkari armeniarrek.