INFO

Borroka herritarrak abiatzera deitu dute Barbadok eta Zelaiak, herri burujabea eraikitzeko

Borroka herritarrak artikulatu eta ziklo berri bat abiatzera deitu dute Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazte arabarrek atxilotuak izan aurretik grabatutako bideo batean.

Este navegador no soporta el elemento video.


Auzitegi Nazionalak ezarritako lau urteko espetxe zigor bana betetzeko larunbatean Gasteizen atxilotuak izan ziren Galder Balbardok eta Aitor Zelaiak bere konpromiso militantea azaldu dute bideo batean. Gazte biek borroka ziklo berri bat abiatzera deitu dute, «aniztasunetik, erantzukizunez, konpromiso eta borroka ardatz», sozialismoaren eta feminismoaren oinarrietan eraikitako Euskal Herri burujabea lortzeko.

2019ko otsailean atxilotuak izan eta Sotoko espetxean isolamenduan emandako hilabeteak gogoratu dituzte, baita Zaragozan izandako espetxealdia ere, 2019ko abuztuan fidantzapean aske utzi zituzten arte. 2021eko urtarrilean «salbuespenezko epaitegia» den Audientzia Nazionalean epaituak izan eta «armak, munizioak eta lehergailuak gordetzearen akusaziopean jasotako espetxe zigorra oroitu dute.

Euskal Herriko txoko ezberdinetatik helarazitako mezuak eta haien aurkako prozesua salatzeko bultzatutako dinamika eta ekimen guztiak eskertu dituzte gazte arabarrek. «Argi geratu da hemen herri duin bat dagoela, bere jendea zaintzen duen herri bat», adierazi dute.

Nabarmendu dute, halaber, jasandakoa ez dela haien kontrako eraso bat izan, baizik eta herri oso baten kontrakoa. Gogora ekarri dute estrategia politiko armatuaren azken urteen ostean Estatuaren errepresioak bere horretan jarraitu duela.

«Negar egin dugu, baita irri egin ere; batzuetan okertu gara eta ikasgai modura hartu dugu», adierazi dute euren ibilbide militanteaz, «borroka baten katebegi bat» baino ez direla nabarmenduz. «Borrokatzeak guzti hau dakarrelako gara garen modukoak, Martxoak 3 gara, somos los nietos de los obreros que no pudisteis matar, Ziburuko frontoian amorruz ukabila altxatu genuenak gara. Somos las que nos dejamos pegar para que no se llevaran a nuestros compañeros», azpimarratu dute.

«Langileon bizitza erdigunean»

Argi utzi dute, bestalde, borroka egin dutela eta «egingo» dutela. Etorkizunera begira jarrita, borroka esparru guztietara eramatearen aldeko apustua agertu dute gazteek. «Euskal Herria irudikatu eta eraikitzea dagokigu» defendatu dute, «langileon bizitza erdigunean kokatuko duen sistema ekonomiko baten alde».

Iraultza feministak utzitako esperientzia eta irakaspenak nabarmendu dituzte euren mezuan,  «eredu maskulino hegemonikoa erreproduzitzen dugun gizon heterosexual eta zuriok, zintzotasunez eta autokritikaz» egin beharreko bidea onartuz. «Barnera begiratu, entzun, desikasi eta ikastea dagokigu», esan dutenez.

«Esparru guztietatik bultzatuko duen borroka susperraldi baten premian gaude», iritzi diote Barbadok eta Zelaiak bideoan grabatutako mezuan, faxismoaren gorakada aipatuz. «Artikulatu ditzagun borroka herritarrak, saretu gaitezen eta goazen nazio askapen mugimendua subjektu kapitalismoa eta heteropatriarkatuari aurre egitera eta guztion batasunaz Euskal Herria feminista eta sozialista irabaztera», azpimarratu dute.