INFO

125 zuhaitz gehiago landatuko dituzte Arbizuko Oinez Basoan

Nafarroa Oinez Fundazioak, Andra Mari ikastolak eta Arbizuko udalak sinatutako akordioari esker 125 zuhaitz landatuko dituzte Arbizuko Oinez Basoa hornitzeko eta hegazti behatokiak jarriko dituzte. Helburu ekologikoaz gain, baliabide pedagogiko gisa erabiltzeko asmoa dute.

Arbizuko Oinez Basoan 125 zuhaitz gehiago landatuko dituzte. (OINEZ BASOA)

80 haritz, 20 astigar, Galiziatik ekarritako 20 gaztainondo tratatu eta bertako 5 gaztainondo landatuko dituzte Arbizuko Oinez Basoan, hau hornitzeko asmoz. Nafarroa Oinez Fundazioak, Etxarriko Andra Mari Ikastolak eta Arbizuko udalak sinatutako akordioari esker egingo dute, Etxarri Aranatzen urriaren 8an ospatuko den Nafarroa Oinez jaiaren harira.

Nafarroa Oinez Fundazioak, Etxarri Aranazko Andra Mari Ikastolak eta Arbizuko Udalak hitzamena sinatu dute. (OINEZ BASOA)

Zuhaitzez gain, basoan integratuta egongo diren hegazti behatokiak jarriko dituzte. Akordioa sinatu dutenek ohar batean azaldu dutenez, bakoitzean 30 lagunentzako tokia egongo da, ikasgela oso bat hartzeko moduan. Baliabide pedagogiko gisa ere erabili nahi da ikasleekin bisitak eta bestelako jarduerak egiteko.

Basoaren garbiketaz eta mantentze lanez Arbizuko Udala arduratuko da eta Andra Mari Ikastolak konpromisoa hartu du landatutako zuhaitzak zaintzeko, berriak landatzeko eta behatokien eta langaren mantenu lanak egiteko.

Gainera, Andra Mari ikastolak eta Nafarroa Oinez Fundazioak, Udalarekin batera, jardunaldi bat antolatuko dute Arbizuko Oinez Basoa mustutzeko eta jendaurrean aurkezteko.

Oinez Basoa ekimena

2009an sortu zen Oinez Basoa ekimena. Patxi Lakuntzaren ideia izan zen, baliabide naturalen kontsumoak, hondakinen sorrerak eta berotegi efektuaren gasen isurketak eragiten duten inpaktu ekologikoaz jabetzean. Nafarroa Oinez antolatzen duen ikastola laguntzen duen proiektua da eta Tafallan, Tuteran, Zangozan, Baztanen, Andosilla-Sartagudan, Lesakan, Altsasun, Arguedasen eta Barindano Antzin Lizarran ere badaude basoak.

Azaldu dutenez, Oinez Basoaren helburua, batez ere, ekologikoa da: jaiak sortzen duen aztarna ekologikoa gutxitzeko asmoz, ospakizunaren lekuan ingurumen -kalitateko lekuko iraunkor bat uztea. Basoa jasangarritasunari lotutako ekimen bat da, eta jai eredu iraunkor baterantz egitea du helburu. Proiektuaren ibilbidean 51.000 zuhaitz baino gehiago landatzea lortu da.

Basoetako zuhaitzak babesteko oinezbasoa.eus helbidera jo daiteke, eta Nafarroa Oinezen webgunean ekarpenak ere egin daitezke.