Azken sexu erasoak gaitzetsi ditu Donostiako Udalak, eta lanerako dei egin du
Donostian izan diren azken sexu erasoen aurrean adierazpen instituzionala plazaratu du Udalak. Indarkeria hau «irmo gaitzesteaz» gain, eskerrak eman dizkie emakumeei salatu izanagatik. Egunero parekidetasunaren alde lanean jarraitu behar dela azpimarratu du erakundeak.
Donostiako Udalak «erabateko irmotasunez gaitzetsi» ditu abuztutik hona hirian salatu diren kaleko jazarpen eta sexu erasoak. Kaleratutako adierazpen instituzionalean, gainera, esker ona adierazi die kaleko eraso sexista hauek jasan dituzten emakumeei kasu hauek salatu dituztelako.
‘Irutxuloko Hitza’-k jakinarazi duenez, Ertzaintzak 35 urteko gizon bat atxilotu zuen iragan asteazkenean Donostian, gutxienez hamabost emakume kalean ukitzea egotzita. Lakuako Segurtasun Sailaren arabera, ustez, Antiguatik bizikletan zihoala egiten zien eraso emakumeei, eta ukitu ondoren bizikletan eskapo egiten zuen. Ertzaintzak eraso horietako hamabi erregistratu ditu eta Udaltzaingoak hiru, gehienak abuztutik hona.
Egoera normalizatu legez barneratuak
«Mota hauetako erasoei garrantzia kentzen badiegu egoera normalizatu legez barneratzen dira gizartean, eta ez dira onargarriak», nabarmendu du Udalak idatzian. Azaldu du hainbat zerbitzu eskaintzen dituela bai eraso matxistei aurre egiteko bai prebentzioa lantzeko, izan Emakumeen Etxean edo Gizarte Ekintzan.
«Halako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak dira», baieztatu du Donostiako Udalak. Bere ustez, ezinbestekoa da lanean jarraitzea, gizarte, mugimendu feminista eta hiriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta genero berdintasunaren alde.
Heziketa afektibo sexuala lantzea ere premiazko ikusten du, indarkeria matxistarik gabeko bizitzen alde. «Horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan egunez egun esku hartzen jarraitu behar da», egin du dei.
Hiru atxilotu Gasteizen
Bestalde, hiru gizon atxilotu zituzten Gasteizen joan den asteburuan bikoteei eraso egitea leporatuta. Horietako batek semea ere jazarri zuen, Udaltzaingoak azaldu duenez.
Larunbatean 42 urteko gizonezko bat hartu zuten gatibu, Zaramaga auzoko bizilaguna bera. Emakume baten deiari erantzunez iritsi ziren poliziak bere etxera. Adin txikiko bi semeak ere bertan ziren eta horietako batek ere erasoak jasan zituela salatu zuen.
Egun berean, 26 urteko beste gizon bat atxilotu zuten, Zabalgana auzoan. Bertara ere eraso baten berri jaso ondotik joan ziren poliziak.
Igandean, 31 urteko gizon bat hartu zuten gatibu, goizeko 6.30ean, San Anton Plazan. Polizia, bere erronda egiten ari zela, erasoaren lekuko izan zen.