INFO

Gasteizko Duatloiaren hirugarren edizioak 250 partaide izango ditu

Igande goizean ospatuko da, Buesa Arenan hasiera eta helmuga izango duen proba. Duatloiak bost kilometro izango ditu oinez, 20 kilometro bizikletaz eta 2,5 kilometro berriro oinez, eta Arabako txapelketa ere izango da parte-hartzaile federatuentzat.

Gasteizko III. Duatloiaren aurkezpena. (@ARABA)

Gasteizko Duatloiaren hirugarren edizioa igande honetan, urriaren 8an, ospatuko da, Buesa Arenatik abiatu eta helmuga ere bertan dela. Orotara 250 parte-hartzaile izango ditu.

Izena eman duten guztien artean 120 federatuak dira, 100 popularrak eta kadeteak eta, azkenik, 40 txikienei zuzendutako proban.

Antolakuntzatik gero eta emakume gehiagok hartzen dutela parte azpimarratu dute: lasterketa herrikoiari dagokionez, %32 emakumeak dira, eta federatuei dagokienez, berriz, %22.

Faboritoen artean, gizonezkoetan Urko Herran (LEA La Blanca) nabarmentzen da, 2021 eta 2022ko edizioetako irabazlea. Honen aurrean Joanes Goitisolo (Alusigma), Aimar Murua (Alusigma), Iker Ortiz de Zárate (Saltoki) eta Ander Rendo (Alusigma) faboritoari titulua kentzen saiatuko dira.

Emakumeen kategorian, lesio luze bat gainditzetik datorren Arrate Minteguiren baja dela-eta, faboritoen aukera zabaltzen da. Horien artean, Ines Moreno (LEA La Blanca), Nerea Calvo (LEA La Blanca), Lola Oiarzabal (LEA La Blanca) edo Andrea Mediero (Saltoki) nabarmentzen dira.

Gasteizko Duatloiaren hirugaren edizio honetan Hego Euskal Herriko parte-hartzaileez gain, Kantabria, Errioxa, Madril, Asturias, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa eta Andaluziako jendeak ere eman du izena.

Duatloiak bost kilometro izango ditu oinez, 20 kilometro bizikletaz eta 2,5 kilometro berriro oinez, eta Arabako txapelketa ere izango da parte-hartzaile federatuentzat.

Parte-hartzaile herrikoiek ‘Super esprint’ deritzon proba burutuko dute: 2,5 kilometro oinez, 13 kilometro bizikletaz eta beste 2,5 kilometro oinez egingo dituzte.

Proba igande goizeko 10.00etan hasiko da herrikoentzat, 11.20an txikientzat eta 12.00etan atleta federatuentzat.