INFO

Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna aldarrikatu eta erabilera sustatu, Oinezen helburuak

Euskararen erabilera sustatuta eta hizkuntzaren ofizialtasuna Nafarroa osora hedatu behar dela izango dira igande honetan Etxarri Aranatzen ospatuko den Oinez-aren aldarrikapen nagusiak. Antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko gomendatu eta egitarau zabala prestatu dutela nabarmendu dute.

Etxarriko Nafarroa Oinezen antolatzaileak euskararen alde «Hotsein» egiteko aldarria egiten, asteazken honetan Iruñean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Etxarri Aranatzen ospatuko dute igande honetan Nafarroa Oinez, larunbatetik ekitaldiak izango badira ere. Ibilbidearen eta egitarauaren aurkezpena egin dute asteazken honetan Iruñean eta «festa gozatzeko eguna izateaz gain, aldarrikapenak zabaltzeko eguna ere izango dela» gogoratu du Iñigo Orella Andra Mari ikastolako zuzendariak. Aldarri horietako bat euskararen erabilerari bultzada ematea izango da. Bigarrena, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan zabaldu behar dela, euskaldun guztien hizkuntz-eskubideak lurralde osoan errespetatuak izateko.

«Ikastolen izaera publikoa aldarrikatzearekin batera, gure kalitatezko hezkuntza-proiektu eraldatzailea plazaratu nahi dugu Oinez festan ere, aniztasunari eta inklusibitateari garrantzi berezia emanez», nabarmendu du Izaskun Errazkin gurasoak.

Ia hiru kilometroko ibilbidea

Ibilbide osoa Etxarriko lurretan kokatuta dago. Ia hiru kilometroko luzera du eta hiru gunetan banatuta egongo da: Utzubar Txiki, Arluzepe eta Batzeta.

Ibilbidearen batzordeko arduradun Josu Mendinuetak azaldu duenez, plastikoaren kontsumoa gutxitzeko asmoarekin, gune guztietan iturriak izango dira bertatik ura hartu ahal izateko. Dena den, txosnetako barretan ere ura erosteko aukera izango da. Ildo honetan, Etxarrira joaten direnei euren edalontzia eramateko eskatu diote. Dena den, han ere salduko dituzte eta jasotzen den dirua Oinez Basoa ekimenera bideratuko da.

Nola joan?

Antolatzaileek garraio publikoa erabiltzea gomendatzen dute. Izan ere, Renfek ordutegi berezia eskainiko du iganean Iruñetik. Gasteiztik heltzeko aukera ere badago eta Etxarriko geltokia ibilbidetik 200 metrora dago. Oinezen webgunean ikusi daitezke ordutegiak.

Autobusez joaten direnentzako ere, aparkaleku bereziak izango dira Zumurdiñeta industria eremuan, bigarren eta hirugarren guneen artean. Hau ere ibilbidetik 200 metrora dago.

Autoz joaten direnentzako aplikazio berezi bat prestatu dute biderik egokiena zein den erakusteko oinez23.koiote.es helbidean. Dena den, Etxarrira Irurtzundik, Altsasutik, Ataundik edo Lizarragatik etorrita sartu ahal izango da eta aparkalekuak izango dituzte guztietan.

Autokarabanek ere aparkatzeko gune propioa izango dute Etxarriko erdigunetik oso gertu. Asteburu osoan egongo da zabalik eta egitarau osoaz gozatzeko aukera ezin hobea dela nabarmendu dute antolatzaileek.

Mugikortasun urria dutenek ere aparkaleku bereziak izango dituzte, zirkuituaren alboan.

Egitaraua

Hiru guneetan aukera zabala eskaintzen duen egitaraua prestatu dute, jardueren batzordeko arduradun Maider Ansak azaldu duenez. Horrela, besteak beste, Trikiteens, Nafarroa 1512, Gozategi, Alerta Gorria, Trikidantz, Alarma Morea, DJ Bull eta The Potes arituko dira. Gainera, aurtengo Oinezen abestiaren musikagile Joseba Tapia zuzenean ikusteko eta entzuteko aukera izango da.

Zuzeneko musikaz gain, Oinezera hurbiltzen diren guztiek Erronka jarraitu ahal izango dute. Euskara eta ohitura osasuntsuak sustatzeko asmoz, Nafarroako hamaika ikastolatako ehundik gora ikaslerentzat prestatutako jolas erraldoia da. Gunez-gune, hainbat kirol ekintza, oztopo, trebetasun-proba eta abar izango dituzte.

Oinez Basoa

Festaren ardatzetako bat ingurumenarekiko eta iraunkortasunarekiko konpromisoa izango da. 2009ko Nafarroa Oinezen sortu zen lehen Oinez Basoa, Arbizun, eta osasuntsu jarraitzen du, Orellak nabarmendu duenez. Aurten, ekimena indartuko dute Arbizuko Udalarekin sinaturiko hitzarmenari esker.