INFO

Bizkaiko erresidentzietako hitzarmena sinatu dute ELA eta UGTk, 23,22% soldata igoerarekin

ELA eta UGT sindikatuek sinatu dute Bizkaiko erresidentzietako hitzarmena. ELA sindikatuak nabarmendu duenez, soldata hileko 1.460 eurotik 1.800 eurora igoko da, alegia, hilean 340 euro gehiago, 23,22% igoera.

Bizkaiko egoitzetako langileak artxiboko argazki batean. (Oskar MATXIN | FOKU)

ELAk ostegun honetan iragarri duenez, sinatu da Lan Harremanen Kontseiluan (LHK) 5.000 langileri baino gehiagori eragiten dien Bizkaiko erresidentzietako hitzarmena. Soldata hileko 1.460 eurotik 1.800 eurora igoko da, alegia, hilean 340 euro gehiago, 23,22% soldata igoera.

Sindikatuak ohar batean azaldu duenez, ELAk (%63ko ordezkaritza du) eta UGTk (bigarren sindikatua ordezkaritzan) eta GESCA, ELBE eta LARES patronalek sinatu dute hitzarmena. CCOOk eta LABek, ostera, ez dute sinatu.

«Hitzarmena sinatuta, ia bi urteko eta 68 eguneko grebari amaiera eman zaio. Hitzarmenak KPI gehi lau puntuko soldata igoera jasotzen du hitzarmenaren indarraldian, 2021-2025. «Aldi hori amaitzen denean, soldatak %23,22 igoko dira, aurreko greban lortutakoari jarraipena emanez, eta %36tik gorako soldata igoera metatzen du hileko soldatan 2015etik», esan du ELAk.

Era berean, asteko 35 orduak finkatzen dira (urteko 1.592 ordu), eta lanaldiaren barruko 20 minutuko atsedenarekin, benetako lanaldia 1.520 ordukoa da. Bizkaiko sektoreko langileek Estatuko batez bestekoa (1.772 ordu urtean) baino 180 ordu gutxiago lan egingo dute.

«Horregatik, soldata hobekuntza eta lanaldi murrizketa kontuan hartuta, lan egindako ordu bakoitzeko balioa handitu egiten da: Estatuko batez bestekoa orduko 9,16 eurokoa den bitartean, Bizkaian ordua 15,83 eurora ordainduko da, batez beste; Estatukoa baino %73 gehiago», adierazi du ELAk.

«Nabarmendu behar da hitzarmenak erresidentzietako langileen %85 finkoak izatea bermatzen duela, eta lehen egunetik ordezkatzea langileak aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera. Gainera, berdintasun planak bultzatzea eta euskararen erabilera sustatzea adostu da», gaineratu du.

Halaber, «sektore feminizatu eta ikusezin baten borroka» nabarmendu du ELAk, «izan ere aurreko hitzarmenean 378 eguneko greba egin behar izan baitzuen. Denbora luzean, patronalek negoziatzeari uko egin diote, baina sektoreko langileen mobilizazioari eta borrokari esker, sektoreko enpresen negoziatzeko borondate eza eta Bizkaiko Foru Aldundiaren inplikazio eza aldatu dira gatazkaren konponbidean».

ELAren ustez, «urrats berri bat» da, «oso garrantzitsua, sektoreko langileen lan eta bizi baldintzak duintzeko, eta aurrerapen bat sektoreko erabiltzaileen bizi baldintzak hobetzeko».