Bere oldarkortasuna zukutu beharrik izan gabe lortu du Erik Jakak ligaxkarako txartela (22-13)
Partidaren lehen erdian Iker Larrazabalek estutu badu ere, 2-6 aurreratu da amurrioar gaztea, lizartzarrak arazo handirik gabe gainditu du lehen galbahea bere mailarik onena erakutsi gabe ere (22-13).
Azken markagailuan inolako estutasunik gabe, baina jokoan azkenaldian izandako sentsazio on horietatik urrun gainditu du Erik Jakak berarentzat horrenbeste suposatzen zuen Larrazabalen aurkako lehen galbahea. Gorenera eraman zuen joko oldarkor eta alai horrekin baino, zalantzati eta zenbait unetan baita kontserbadore ere, ofizioak, estatusak, edo arriskuak aurkariak baino hobeto kudeatzen jakin izanak eman dio lizartzarrari final laurdenetarako txartela. Hauspoak iraun dion bitartean, pilota abiadura bizian erabilita, estutu du aurkaria Iker Larrazabalek, baina azkenerako erraztasun handiak eman dizkio arnasa hartu duen Erik Jakari.
Bi tanto oso luzeren ostean 2-0 galtzen hasi den arren, partida hasieran alde polita hartu du Iker Larrazabalek jarraian lortutako sei tantorekin. Lotuta bezala ekin dio Erik Jakak lehiari, bere izaerari uko egin eta tantoak luzatu nahiko balitu bezala, eta Larrazabalen pilotakaden abiadurak arazotan jarri dute lizartzarra, pilota txar asko erantzun beharrean izan da eta.
Hala ere, ezkerrez bikain irekitako gantxo batekin sakea berreskuratu eta azkar berreskuratu du markagailuaren kontrola faboritoak, nahiz eta lehen pilotakada hori paretara baztertzea dezente kosta zaion.
Ideia argirik gabe
Erabakiak hartzerakoan pausua aurrera ematea kosta bazaio ere, hein handi batean Larrazabalek izan dituen aukerako pilotetan asmatu ez duelako, lizartzarra tantoak pilatuz joan da, erabat askatzea lortu ez arren. 14-9koa txokoan moztuta lortu ostean egindako poz keinuak bizkarreko motxila gainetik kentzeko balioko ziola ematen bazuen ere, sufritzen jarraitu behar izan du Erik Jakak, gehienbat boleaz, amurrioarrak pausua atzera ematera behartu baitute (15-12).
Dena dela, pilotakada bakoitza bihotz eta arimaz jo behar izan horrekin fisikoki ere askoz gehiago sufritu du Larrazabalek eta behera egin du nabarmen. Partida maldan behera zuela, Erik Jakak ere barruko korapiloa zertxobait askatu du azken txanpa horretan, sakean eta sake-errematean eraginkorrago aritu da eta azkenerako garaipen eroso xamarra eskuratu du, nahiz eta bere mailarik onena ez duen eman. Ezta beharrik ere.
FITXA TEKNIKOA:
Jaka: 22
Larrazabal: 13
Pilotakadak: 235. Iraupena: 52,48 minutu. Markagailua: 2-0, 2-6, 7-6, 7-7, 9-7, 9-8, 13-8, 13-9, 15-9, 15-12, 16-12, 16-13, 22-13. Sakeak: 4 (falta 1) Jakak eta 2 (falta 1) Larrazabalek. Egindakoak: 10 Jakak eta 7 Larrazabalek. Galdutakoak: 3 Jakak eta 8 Larrazabalek. Gorabeherak: Sarrera polita, 400 lagun inguru Aretako pilotalekuan. Aitor Aranguren aritu da Jakaren botilero lanetan eta Andoni Morgaetxebarria Larrazabalekin.