Gaztetasunaren bizitasunaren aldera erori dira Beotibarreko bi belaunaldi talkak
Salaberriak 22-14 irabazi dio partida erdi aldera min hartu duen Mikel Urrutikoetxeari eta Jon Ander Peñak ez dio batere aukerarik eman Danel Elezkano ordu erdi iraun duen partidan (22-5).
Iker Salaberriak eta Jon Ander Peñak osatuko dute Lau eta Erdiko txapelketako final laurdenetako ligaxka, belaunaldien arteko talkan Mikel Urrutikoetxeari (22-14) eta Danel Elezkanori (22-5) gailenduta. Bezperan Laudion Erik Jakak ofizioa nahikoa izan bazuen Iker Larrazabal berde bati irabazteko, gaurkoan gazteen bizitasuna erabat gailendu da, bi zaratamarrak txapelketatik at utzita. Hori bai, hortik aurrera, partida batak eta besteak ez dute batere antzik izan.
Lehen kanporaketan, 10 urte gazteagoa den Iker Salaberriak lortu du final laurdenetarako txartela Mikel Urrutikoetxeak 9-10ekoan sakea egitera joan denean ezker bikian izandako lesioak baldintzaturiko partidan. Une batez partidak hortxe amaitu behar zuela zirudien Zaratamokoaren errenak eta bere aurpegiak ez zutelako ezer onik aurreikusten, baina aldagelan Txema Urrutiak ingurua lotu eta zalantza askorekin izan bada ere, bizkaitarrak jokatzen jarraitu ahal izan du, nahiz eta batez ere desplazamenduetan eta sakeak egiterako orduan mina nabaritu.
Eta ustez zuntz haustura batekin arituta Zaratamokoak nahikoa egin duen arren, ezin izan du ezer gehiago egin partida osoan zehar oso kontzentratua aritu den iazko Promozio mailako txapeldunaren aurka. Lehen pilotakadatik, ideiak oso argi izan ditu goizuetarrak eta aurkaria alderik alde mugitzen saiatu da. Eta Urrutikoetxea hasieratik lotu xamar aritu bada ere, nafarraren estrategiari saketik gehiago asmatzea baino ez zaio falta izan, errematean, gantxoarekin batez ere, oso zorrotz aritu delako.
Eta Baikoko aurrelariaren lesioak gidoi horretan are gehiago estutzeko arrazoiak eman badizkio ere, sakean egindako hobekuntza izan da bere garaipenaren giltza nagusietako bat, 13-16 zirela Urrutikoetxeak sakez egindako falta ahaztu gabe. Partidako azken txanpa horretan, aurkariaren pilota batekin, askoz gehiago baztertu du lehen pilotakada paretara eta hortik heldu zaio garaipenaren zati handi bat.
PARTIDAKO FITXA:
Urrutikoetxea: 14
Salaberria: 22
Pilotakadak: 198. Iraupena: 61,52 minutu. Markagailua: 0-1, 4-1, 4-10, 10-10, 10-14, 12-14, 12-16, 13-16, 13-21, 14-21, 14-22. Sakeak: 4 (falta 1) Urrutikoetxeak eta 4 Salaberriak. Egindakoak: 6 Urrutikoetxeak eta 15 Salaberriak. Galdutakoak: 1 Urrutikoetxeak eta 3 Salaberriak. Gorabeherak: Sarrera erdia Tolosako Beotibar pilotalekuan. Inar Jaka aritu da Mikel Urrutikoetxearen botilero lanetan eta Fermin Escudero Iker Salaberriarekin.
Sakea lagun, Peña, uste baino errazago
Oso bestelakoa suertatu da bigarren kanporaketa eta Jon Ander Peñak uste baino askoz errazago lortu du final laurdenetarako txartela bigarren urtez jarraian. Ordu erdi apenas iraun duen lehian, tolosarrak etekin izugarria atera dio sakeari, denera 10 tanto lortu baititu lehen pilotakadarekin eta horri Elezkanok txokotik aterata egindako falta gehitu behar.
Baina sakean ez ezik, jokoan ere pilota oso bizi erabili du etxean jokatu duen pilotariak eta erabat gainditu du bere egunik onena izan ez duen Elezkanorekin. Berak aitzakiatzat erabili nahi izan ez duen arren, aurrelari bizkaitarra sukarrak jota egon da astean zehar, ez zuen aurkezpenera eta material aukeraketara joaterik izan, eta gaur bere mailatik oso behera aritu da.
Hasiera-hasieratik Peñaren sakeak itzuli ezinik aritu da, argi zuen errestoan pilota jartzearekin ez zela nahikoa, eta bere burua 1-8 atzetik ikusita, azkar xamar hartu du etsiak. Kolore bakarreko partidan, Peñak iaz lesio malapartatu haren aurretik emandako itxura ona berretsi du, hori bai, gaurkoan txikia izan den aurkari baten aurka.
PARTIDAKO FITXA:
Elezkano: 5
Peña: 22
Pilotakadak: 108. Iraupena: 30,34 minutu. Markagailua: 1-0, 1-8, 2-8, 2-9, 3-9, 3-13, 4-13, 4-20, 5-20, 5-22. Sakeak: Falta 1 Elezkanok eta 10 Peñak. Egindakoak: 1 Elezkanok eta 7 Peñak. Galdutakoak: 2 eta lau eta erdiko marraz atzetik botatako pilota bat Elezkanok eta 4 Peñak. Gorabeherak: Sarrera erdia Tolosako Beotibar pilotalekuan.Ekhi Ziarrusta aritu da Danel Elezkanoren botilero lanetan eta Gorostiza egon da Peñarekin.