INFO

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEaren aurka agertu da LAB, Donostian egindako epaiketaren aurrean

LAB Asteasuko Siemens Gamesako Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientearen (ABEE) aurka mobilizatu da, Donostian egin den honen inguruko epaiketan. Izan ere, «hartutako neurria ez dela inoiz beharrezkoa izan» defendatu du sindikatuak.

LABen Siemens-Gamesako ABEEaren aurkako mobilizazioa, Donostian. (LAB)

Asteasuko Siemens Gamesaren lantokian maiatzean aurkeztu zuten Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientearen (ABEE) epaiketa Donostian izan da astelehen honetan, eta honen kontra mobilizatu da LAB sindikatua, ez delako «inoiz hau erabiltzeko beharrik egon».

Maiatzean, Siemens Gamesako Asteasuko plantako zuzendaritzak, ABEE bat aplikatzeko prozedura hasi zuen produkzio eta antolaketa arazoak zituela argudiatuz. Negoziazio epean egindako hiru bileretan, enpresak ABEEa beharrezkoa zela argudiatzeko saiakera ezberdinak egin zituen.

Langileen ordezkariek, hala ere, argi eduki dute hasieratik «ez dela inoiz ABEE hau erabiltzeko beharrik egon, enpresak bere neurrira hartutako erabaki interesatuen ondorio bat besterik ez dela izan argudiatutako lan karga jaitsiera, eta beraien erabakien ondorioak langileek ordaintzea nahi izan dutela hasieratik».

ABEEaren negoziazio epea akordiorik gabe amaitu zen, langileentzat «onartezina» delako «enpresak hartutako erabakien ondorioak ordaindu beharra, eta inolako momentutan ez delako benetan arrazoitu zeintzuk ziren enpresaren ustez ABEEa erabili behar izateko arrazoiak», argudiatu du LABek.

Horregatik, ABEEa salatu zuten eta astelehen honetan egin da honen inguruko epaiketa. «Argi daukagu hartutako neurria ez dela inoiz beharrezkoa izan. Eta epailearen aurrean hori arrazoituko dugu», jakinarazi dute.

Sindikatuak gogoratu du salmentan dagoen Asteasuko Siemens Gamesa lan zentroan langileek «borrokaren bidez» lortu zutela duela hilabete gutxi enpresaren salmentaren aurrean langileen eskubideak eta lanpostuak bermatzen dituen akordioa.