INFO

Belar artifizialak ibaiak eta itsasoak kutsatzen dituela ohartarazi du ikerketa batek

Bartzelonako Unibertsitateko ikerketa batek jakitera eman du besteak beste kirol zelaietan jartzen den belar artifizialak erreka eta itsasoak kutsatzen dituela. Izan ere, mikroplastikoak isurtzen dituzte, uretara heltzen direnak.

Belar artifiziala. (Dmytro VARAVIN | GETTY IMAGES)

Bartzelonako Unibertsitateko ikertzaile talde batek frogatu du kirol zelaietan jartzen den belar artifizialak erreka eta itsasoetara heltzen diren mikroplastikoak askatzen dituela. Itsasoan dauden bost milimetro baino gutxiagoko plastikoen %15 dira modu honetan isuritakoak.

UBk ohar baten bidez jakitera eman duenez, ikertzaileek Bartzelonako kostaldean jasotako 217 ur lagin, eta Guadalquivirren jasotako beste 200 aztertu dituzte eta itsasoko laginen %62an eta erreketako %37an belar artifizialaren zuntzak aurkitu dituzte.

Mikroplastiko pilaketa kopurua kilometro karratuko 200.000 zuntzekoa da itsasoan eta 20.000 zuntzekoa ibaietako uretan. Ikerketaren arabera, erreken eta itsasoaren arteko desberdintasuna da itsasoak hamarkadak daramatzala mikroplastikoak metatzen eta errekek gutxiago pilatzen dutela.

«Aurkitu ditugun plastikozko zuntzetako bi bat datoz belar artifizialaren munduko ekoizpenaren egungo joerekin, eta normalean uretako flotatzen dute. Mikroplastiko horiek hiri handietatik gertu dagoen kostaldean biltzen dira bereziki», azaldu du ikerketaren egileetako bat den William P. De Haanek.

‘Environmental Pollution’ aldizkarian argitaratu dute ikerketa eta bertan gida metodologiko bat proposatu dute, belar artifizialari dagozkion zuntzak identifikatzeko aurrerantzean egingo diren lanetan, hobeto ikertu dadin material horiek ingurumenarengan duten eragina.

Analisiak bi zonalde konkretutan egin badira ere, ikerketaren arabera litekeena da beste hiri batzuek ere antzeko arazoa izatea, nahiz eta ingurumenera heltzen den zuntz kopurua belar motaren, erabileraren, antzinakotasunaren eta kutsadura ekiditeko hartutako neurrien araberakoa den.

«Plastikoen kutsadura eten nahi badugu, gainazal publikoetan jartzen diren plastiko berde instalazioak birpentsatu beharko genituzke, hala nola, eskoletako jolastokietan, kirol zelaietan, musika jaialdietan, kiroldegietan, lorategi pribatuetan edo terrazetan», azaldu du ikerketaren beste egile batek, Anna Sánchez-Vidalek.