Artxandako aparkaleku proiektua kritikatu du EH Bilduk eta alternatibak aztertzeko eskatu du
Aburtoren gobernuak Artxandan parking bat egiteko duen proiektua kritikatu du Bilboko EH Bilduko udal tadelak. Plan berezia egin gabe, «berdeguneak kenduta eta zuhaitzak moztuta» egingo dela salatu dute, eta alternatibak badaudela nabarmendu dute.
Artxandako Plan Berezia egin gabe inguru natural horretan parking bat egiteko lizitatutako obrak kritikatu ditu Bilboko EH Bilduko udal taldeak ostegun honetan emandako prentsaurreko batean.
«Udal gobernuak etxea teilatutik hasi du» eta «espazio desberdinen erabilerak zehazteko beharrezkoa» den plan berezirik gabe jarri du abian aparkalekuaren proiektua.
Maria del Rio bozeramaileak eta Karlos Renedo zinegotziak azaldu duenez, «berdeguneak kenduta eta zuhaitzak moztuta» eraikiko dute iragarritako parking-a. «Gainera, disuasio aparkaleku bihurtzeko arriskua duen aparkalekua» da, «herritarren eskaeren aurkakoa» berdegune gehiago eskatzen baitute eta «mozketari ez esan diote argi eta garbi».
Proiektua mugikortasun jasangarriaren aldeko helburuen aurkakoa ere bada, salatu dutenez. Zinegotzi independentisten esanetan, «ibilgailu partikularren erabilera lehenesten du», inguruko bizilagunek eskatzen duten bezala «Bilbobusen maiztasunak eta funikularraren zerbitzua hobetu beharrean».
Beste aukera batzuk aztertzeko eskaera
«Zalantza handiak ditugu, hirigintza ikuspegitik, berdeguneen erabilera parking erabilerara alda ote daitekeen are gehiago parking-a Sondikan egingo dela kontuan hartuta», erantsi dute.
Del Rioren ustez, «ez du inolako zentzurik Artxandako bihotzean aparkaleku bat eraikitzea planteatzeak», eta «behin-behinean erabil daitezkeen alternatibak badaudela gogoratu du, Nogaroko eraikinak duen aparkalekua aipatuz. Hori dela eta, beste aukera batzuk aztertzeko eskatu dio Aburtoren gobernuari.
Nabarmendu duenez, Europako funtsekin finantzatu behar den proiektua da, eta «beraz, premiaz hartu behar dira akordioak, hori bai berdeguneak zainduz, zuhaitzak moztu gabe eta mugikortasun jasangarria sustatuz».