Gerard Murillo zendu da, euskal errugbiaren sustapenaren ikurretako bat
Gerard Murillo errugbiko jokalari eta teknikari ohia zendu zen atzo, asteazkena, 91 urte zituela. Euskal Kostaldea-Landak batzordeko buru eta hautatzaile izan zen eta balentrien artean, All Blacks-en aurkako garaipena dago, 1990ean. Bere hileta hilaren 17an, asteartea, egingo da, Ziburun.
Gerard Murillo (Paris, 1932) errugbi jokalari eta entrenatzaile ohia zendu da. Euskal errugbiaren sustapenean ikur izan zen, lesio baten ondotik jokalari ibilbidea modu goiztiarrean bukatu behar izan baitzuen. 91 urte zituela zendu da eta asteartean, hilaren 17an, izango da bere hileta, Ziburun.
SA Mauleon, Baionako Aviron eta Stade Dijonnais taldeetan aritu zen jokalari bezala, erdi hiru laurdeneko postuan. Frantziako selekzioarekin hiru partida ere jokatu zituen, bi ofizial (Italia eta Argentinaren aurka) eta lagunarteko bat.
Lesio baten ondotik, jokalari ibilbideea bukatutzat eman behar izan zuen eta teknikari bezala jarraitu zuen errugbiari lotuta, euskal errugbiaren sustapenean arreta berezia jarrita. Hala, Euskal Kostaldea-Landak batzordeko buru eta hautatzailea izan zen eta bera entrenatzaile zela, 1990an, Zeelanda Berriko All Blacks selekzioaren aurka balentria erdietsi zuten, 18-12 irabazita.
Euskariansen sustatzaileetako bat ere izan zen. Euskal selekzio honen entrenatzaile izan zen Anoetan, 1998an, Ulster taldearen aurkako partidan.
Euskal errugbiaren sustatzaile eta hauspoetako bat izan zen Murillo, eta zehazki Gipuzkoan nabarmendu zen bere lana, Atletico San Sebastian eta Hernani kluben hastapenetan. Hala, Hernanik sare sozialetan bere «dolumin beroenak» helarazi die Murilloren senitarteko eta lagunei.
Hernani CREk bere dolumin beroenak bidali nahi dizkio 𝐆𝐞𝐫𝐚𝐫𝐝 𝐌𝐮𝐫𝐢𝐥𝐥𝐨ren familia zein lagunei.
— Hernani Club Rugby Elkartea (@hernanirugby) October 12, 2023
Gerard besteak beste Euskarians taldeko sustatzaileetako bat izan zen eta hegoaldeko errugbiaren garapenean ere lan handia egin zuen.
Lurrak goxo har zaitzala, Gerard! pic.twitter.com/YY8Y4KfKoC
Espainiako selekzioko hautatzaile ere izan zen 1986tik 199ra bitartean, errugbi zazpian zein hamabostean. Hain justu, Espainiako Federazioak Murillo omendu zuen duela gutxi, abuztuaren 26an, hain justu ere, eta datozen partidetan minutuko isilunea gordetzea eskaria egin du.
Gerard Murilloren hiletan datorren asteartean egingo da, hilaren 17an, Ziburun.