INFO

Lakuako ordezkaritza Japonian da industria-sektorearen berri eman eta lankidetza sustatzeko

Japonian da Arantxa Tapia Lakuako Ekonomiako sailburua, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industriaren eta enpresen berri eman, eta lankidetza sustatzeko asmoz. Adierazi du 376 enpresek Japoniara esportatzen dutela «erregulartasunez»; automobilen osagaiak dira esportazioen %70etik gora.

Arantxa Tapia sailburuak Japoniara egin du bisita lankidetza indartzeko. (Irekia)

«Euskadi-Japonia misioa» deitu zion Iñigo Urkullu Lakuako lehendakariak industria eta enpresa arloko agenda bat eratzeko asmorari, misio horri jarraika Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta ingurumen Sailaren sailburua Japonian da. Azpimarratu du garrantzitsua dela Arabako,  Bizkaiko eta Gipuzkoako merkatua Japonian ere finkatzea: «Euskadi bere potentzialaren azpitik esportatzen ari delako eta merkatu horrek eskaintzen ditone aukerak esportazioen, tokiko inbertsioen edo lankidetza-akordioen bidez gauzatu eta zabaldu daitezkeelako».

Japonia da 2021-2024rako Lakuaren nazioartekotze-estrategian lehentasunezko herrialdeetako bat, eta Asiako eremu osoa da enpresen nazioartekotze-estrategian lehentasuna. Horregatik, 2022an, SPRI taldeari atxikitako Basque Trade and Investment Agentziak merkataritza-ordezkaritza bulego bana inauguratu zuen Tokion (Japonia) eta Seulen (Hego Korea).

Tapiak azaldu du EAErentzat merkataritza balantza negatiboa bada ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 376 enpresek Japoniara esportatzen dutela «erregulartasunez», aluminioa eta bere manufakturak. Ibilgailu automobilen osagaiak direla esportazioen %70 baino gehiago. Inportazioak, aldiz, burdina eta altzairua galdatzean eta ibilgailu automobiletan oinarritzen dira.

EAEko enpresen interesa duten sektoreak automobilgintza, energia berriztagarriak, gailu medikoak, makina-erreminta eta informaziaoren eta telekomunikazioaren teknologiak dira. Tapiak adierazi du EAEko enpresen presentzia oraindik «mugatua» dela: «Gaur egun zortzi enpresa daude Japonian, bederatzi merkataritza-ezarpen eta bi produkzio-ezarpen dituztenak. Automozioaren sektorea nabarmentzen da, eta ondoren fabrikazio aurreratuko teknologiena eta energiarena».

MIE eta Fukushima lankidetza-akordioak

Tapiak azaldu duenez, azken urteetan, enpresa eta erakundeen arteko «harreman bikaina garatu da Euskadiren eta Japoniaren artean». Pandemian ere harremena ekonomikoak bultzatu direla gaineratu du. Eta horren ondorioz, Lakuak 2023 urtea «Euskadi-Japonia Urtea» izendatu zuen.

Energia alorreko hogeita hamar enpresa baino gehiago joan dira Japoniara egun hauetan, energia berriztagarrien negozioak ardatz hartuta, bereziki off shore eta hidrogenoan, baita automozioaren sektorearen deskarbonizazioan ere.

Astelehenean, urriak 16, Tokioko erdiguneko Conrad hotelean Bussines Lider Summit jardunaldia egingo da, SPRI Taldeko Basque Trade and Investment Agentziak antolatuta, EAEko industriak energiaren eta automobilgintzaren sektoreetan dituen gaitasunak erakusteko eta praktika batzuk Euskal Herriko eta Japoniako enpresen artean partekatzeko. Iñigo Urkullu lehendakaria izango da jardunaldiaren buru, eta Japoniako Gobernuko Ekonomia eta Industria Ministerioaren presentzia instituzionala izango du.

Gastronomiaren eta txakolinaren sustapena

Basque Week-ek erakusleiho gisa ere balioko du elikagaiak eta edariak sustatzeko, bereziki kontserba eta txakolina, Caprice programaren barruan. Europako tradiziotik eta kulturatik datozen Kantauriko kalitatezko zenbait produktu (antxoak, hegaluzea, piparrak eta txakolina) ezagutzera bideratutako esperientzia da Caprice programa.

Kasu honetan, Estatu Batuetara eta Japoniara lau produktu eraman dituzte, janaurreko gisa kontsumitu eta goza daitezkeenak. Datozen egunetan dastaketak egingo dira Toshima City Centerren banaketa kateetako profesionalentzat.