INFO

Peñak sufritu egin du lehen puntua lortzeko, beste martxa bat falta zaion Elordiren aurka

Tolosarra ia partida osoan markagailuan aurretik joan bada ere, larri ibili da Elordi mendean hartzeko (19-22). Erritmo bizian jokatu dute bi pilotariek, baina pilota dezente galdu dituzte: Peñak zazpi eta Elordik bederatzi.

Peña eta Elordi Lau eta Erdiko final-laurdenetako partidan, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Jon Ander Peña eta Aitor Elordi, zerbait badira, aurrelari erasokorrak dira, eta sakean abilak. Tanto motzak ikusi dira gaur Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Erritmo handian jokatu dute tolosarrak eta mallabitarrak. Eta aldarte guztiz desberdinean zetozen biak. Peña une gozoan, sasoi onean, eta Elordi, ordea, udan kasik partidarik jokatu gabe. Inkognita hutsa zen nola irits zitekeen aurtengo Binakako Txapelketako eta Buruz Buruzko txapelduna Lau eta Erdikora. Bada, gaur ikusi da eta berak hala aitortu du, «beste martxa bat» falta zaiola.

Hala ere, irabazteko aukerak izan ditu, eta markagailua begiratzea besterik ez dago. «Ikusita udatik zer jokotik natorren eta denbora dezente partidarik jokatu gabe, nahiko konforme nago jokatu dudan partidarekin», adierazi du mallabitarrak, partida amaitu ondoren. Horri heldu beharko dio Elordik. Hutsegite batzuekin «oso haserre» dagoela gaineratu du. «Azkeneko tantoan egin dudanarekin, adibidez. Atsekabetuta nago, hortxe eduki dudala nabaritu dut», esan du Aspeko aurrelariak.

Tolosarrak ere adierazi du «pilota gehiegi oparitu» dituela, eta «bolada onak zein txarrak» izan dituela. Gaurko partidan erregularragoa izatea falta izan zaio Peñari, erregularragoa izatea eta bolada onei segida ematea, markagailua hauste aldera. «Buruz partida gogorra izan da. Markagailuan aldentzen nintzen, baina ez dut hausterik lortu».

Izan ere, partidako une askotan izan du Baikoko aurrelariak esku-eskura markagailua hausteko aukera, baina ez du ondo baliatu, hutsegiteak tarteko. Eta horrek Elordiri aukera eman dio behin baino gehiagotan markagailuan gerturatzeko.

Peñak, markagailua hausteko aukera

Tolosarra aurretik ibili da markagailuan, lehen tantoan izan ezik, eta 7-6koan. Peñari bizitasun handiarekin ikusi zaio kantxan, sakean mina eginez. Alde horretatik, Elordik ere sakea bere alde izan duenean, min asko egin dio tolosarrari sake errematean.

Biak ala biak sakatzen trebeak dira; pilotari abiadura bizia eta norabide egokia ematen. Baikoko pilotariak 8-11 tantoan izan du aukera mahai gainean kolpea emateko, eta lau puntuko errentarekin lehen atsedenaldira joateko; baina huts egin du, bolea joan egin baitzaio. Orduan, Elordik, sakea baliatuz, pauso bat aurrera egin eta, hortzak estututa, hiru tanto jarraian jan dizkio (10-11).

Mallabiarra hurbildu orduko, berriro ere aldentzen joan da Peña, sake eta gantxo zoragarri bat tarteko (12-17). Hor izan du tolosarrak beste aukera bat markagailua hausteko, baina berriro ere kale egin eta Elordik atseden hartzea eskatu du (13-17).

Hortik aurrera, partida pixka bat nahasi egin da. Denbora pasatu ahala biak joan dira tantoak egiten, eta markagailuan aldea mantentzen. Peñak beti bizpahiru tanto gehiago zituela. Bukaeran, baina, tolosarrai pixka bat aldrebestu egin zaio lehia, eta oso estu hartu du Elordik, markagailua iraultzeko aukerak izateraino. 19-21ean, ordea, gantxo bikaina egin du Baikoko pilotariak, eta azken tantoan Elordik berak oker jo dio pilotari.

Elordik hil ala biziko partida

Hurrengo astean Elordik hil ala biziko partida jokatuko du Iñaki Artolaren aurka. Galtzen badu, Lau eta Erdikotik kanpo geratuko da. «Gaurko bidetik jarraitzen badut, eta hutsegiteak zuzenduta, Artolari gauzak estu jartzeko gai naiz. Puntua atera behar da bizirik segitu nahi badut», adierazi du mallabitarrak.

Bestalde, Peñak Jokin Altunaren aurka neurtuko ditu indarrak, eta hori «seinale ona» dela esan du: «Pozik joango gara Eibarrera. Ondo nago eta bizi sentitzen naiz. Gaurko hutsegiteak murriztuta, zergatik ez? Irabaztera joango gara».

FITXA TEKNIKOA

Elordi: 19
Peña II: 22

Pilotakadak: 247. Iraupena: 56,03 minutu. Markagailua: 1-0, 1-3, 2-5, 4-5, 5-5, 5-6, 6-6, 7-6, 7-8, 7-11, 8-11, 10-11, 10-12, 11-14, 12-16, 12-17, 15-17, 15-18, 16-19, 18-19, 18-20, 19-20, 19-21, 19-22. Sakeak: 3 Elordik eta 3 Peña II.ak. Egindakoak: 12 Elordik eta 13 Peña II.ak. Galdutakoak: 9 Elordik eta 7 Peña II.a. Gorabeherak: Eneko Labaka izan du botilero lanetan Jon Ander Peñak eta Garikoitz Txapartegi aritu da Aitor Elordirekin. Lehen sakea urdin.