INFO

65 urtetik gorako 1.715 pertsona duen Elorrion eguneko zentro bat nahi dute pentsiodunek

Elorrioko Pentsiodunen Mugimenduak 65 urte baino gehiago duten 1.715 pertsona bizi diren herri honetan eguneko zentro bat nahi du, ezgaitasun maila desberdinak duten pertsonentzat. Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu izan diote, eta oraingoan Arartekoari ere bai.

Elorrioko pentsiodunek eguneko zentro bat eskatu dute. (Elorrioko Pentsiodunen Mugimendua)

60 urtetik gorako 2.345 pertsona, 70 urtetik gorako 1.352, 80 urtetik gorako 785 eta 90 urtetik gorako 140 pertsona dituen Elorrion eguneko zentrorik ez dagoela deitoratu du Pentsiodunen Mugimenduak.

Ezgaitasun maila desberdinak duten pertsonentzako eguneko zentroa irekitzeko 1.155 sinadura bildu zituzten, premia hori zuten pertsonek bultzatuta, orain dela bi urte. Elorrioko Udalari aurkeztu zizkioten eta osoko bilkuran eguneko zentroa eraikitzea erabaki zen.

Ondorioz, Sergio Murillo Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza diputatuarekin bilera egitea lortu zuten, baina ikerkerta bat egin behar zela eguneko zentroa premiazkoa den aztertzeko erantzun zuela honek salatzen dute pentsiodunek. Diotenez, ikerketa hori egina dago eta «emaitzak ezin argiago adierazten du eguneko zentroa eraikitzea premiazkoa dela».

Gauzak horrela, Arartekoari gutun bat bidali diote orain, «Bizkaiko Foru Aldunduak gure oinarrizko eskaerari nola entzungor egiten diola, inolako arrazoizko azalpenik eman gabe», ohartaraziz.

Gutun honetan zehazten dutenez, Bizkaian 25 udalerri dira 65 urtetik gorako 1.700 biztanle baino gehiago dutenak eta Elorrio eta Sopela eguneko zentrorik ez daukaten bakarrak dira.