Euskaraz egiten diren futbol entrenatzaile ikastaroek hazkuntza nabarmena izan dute
2021-2022an, 53 ikaslerekin abiatu zen UEFA C lehenengo aldiz; 2022-2023 eta 2023-2024ko denboraldietan, 60 eta 85 entrenatzailek egin dute ikastaroa, hurrenez hurren. Guztira, 200 ikaslek baino gehiagok egin dituzte futbol entrenatzaile ikastaroak euskaraz azken hiru urteetan.
Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika Saila eta Gipuzkoako Futbol Federazioa 2021ean hasi ziren elkarlanean 2021-2022ko denboraldian futbol entrenatzaile izateko UEFA ikastaroak lehen aldiz euskaraz eskaintzen, eta ordutik 200 ikaslek baino gehiagok egin dituzte hizkuntza horretan.
Lakuatik gogorarazi dutenez, 2021eko uztailean jarri zuten martxan Kirolean Euskara Sustatzeko Plana 2021-2024 aldirako. Egitasmoaren oinarri nagusietako bat trebakuntza euskaraz sustatzea da, entrenatzaile eta teknikarien trebakuntza, besteak beste. «Erreferente diren figura hauen eredugarritasuna oinarrizko baldintza da ondoren gazteen euskararen erabileran eragin nahi bada», adierazi dute.
Planaren diagnostikoak agerian utzi zuen 8 eta 18 urte bitarteko gaztetxo eta gazte kirolarien artean futbola dela nagusi. Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren enkarguz Gipuzkoako futbol klubetan Aztiker enpresak 2019an egindako azterketak ere erakutsi zuen adin tarte horretako gazteen hamarretik bost futbolean ari direla.
Bada, arlo horretan eragin beharra lehentasun bilakatuta, eta Gipuzkoako Futbol Federazioaren euskara sustatzeko asmo irmoa bidelagun, 2021etik lankidetzan ari dira bi erakundeak.
Eta emaitza positiboa dela ikus daiteke. Izan ere, azken hiru urteetan euskaraz egiten diren futbol entrenatzaile ikastaroek hazkuntza nabarmena izan dute. Europa mailan entrenatzaile gisa aritzeko beharrezko baldintza diren UEFA B eta UEFA C tituluen ikastaroak euskaraz eskaintzea izan zen lehenengo urratsa. Horrela, 2021-2022ko denboraldian, 53 ikaslerekin abiatu zen UEFA C lehenengo aldiz (8 emakumezko eta 45 gizonezko); 2022-2023ko eta 2023-2024ko denboraldietan, 60 eta 85 entrenatzailek egin dute ikastaroa, hurrenez hurren. UEFA B tituluari dagokionez, goragoko maila izanik ikasketekin jarraitzen duten entrenatzaile kopurua urritzen bada ere, 28 ikaslek egin dute ikastaroa euskaraz bi urtean.
Materiala
Taldeak osatuta eta irakasleak gaituta, materialen egokitzapena izan zuten bigarren erronka, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Saila arduratu da egitekoaz, arloan adituak direnekin elkarlanean.
Era berean, materialen izaera dela eta, azken urtean ikus-entzunezko material berritzaileen egokitzapenak ere euskarara egokitu dira. Guztira 50 bideo ekoiztu dira hamar irakasle adituren azalpenekin. Hemendik aurrera, asmoa da Gipuzkoan abiatutako bidea beste federazioetara hedatzea ere.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kirol entrenatzaileei zuzendutako Hizkuntza Estrategien Modulua sortu zuen duela hiru urte. Besteak beste, Kirolene Kirolaren Euskal Eskolak eskainitako teknikari ikastaroen gaitegiaren parte bilakatu da, funtsean, eguneroko entrenamenduetan euskara sustatzeko estrategiak, baliabideak eta gomendioak biltzen dituen modulua. Gipuzkoako Futbol Federazioaren kasuan, entrenatzaile eskolako irakasleak gaitu ostean, UEFA B eta UEFA C ikastaroetako ikasleen lehen ikasgaia bilakatu da.