INFO

‘Haurren aurrean helduok heldu’, euskararen erabileran eredu izateko zaintzaileentzako ekintzak

Ostegun honetan abiatuko da ‘Haurren aurrean helduok heldu’, guraso eta bestelako hezitzaileen arteko praktikak aldatzeko eta euskara gehiago erabiltzeko aktibazio ekimena da. 10 egunez, ekintzak proposatuko dizkiete, euren arteko euskararen erabileran eragiteko eta eredu izan daitezen laguntzeko.

‘Haurren aurrean helduak heldu’ ekimenaren bigarren edizioa aurkeztu dute Donostian. (Iñigo URIZ | FOKU)

Bi helburu nagusirekin jarriko dute martxan ostegun honetan ‘Haurren aurrean helduok heldu’ ekimenaren bigarren edizioa. Alde batetik, gurasoen eta zaintzaileen arteko, hau da, helduen arteko hizkuntza portaeretan eragitea eta euskararen erabilera areagotzeko aktibatzea. Bestetik, helduen hizkuntza ohiturek umeengan duten eraginaren kontzientzia piztea, eta, ondorioz, hizkuntzari dagokionez eredugarri izatea. Euskal Herri osoko ia 80 herritan egingo da, tokian tokiko batzorde eta eragileek antolatuta. Euskaltzaleen Topaguneak koordinatu du, ‘Euskarak 365 egun’ lan ildoaren baitan.

Asteazken honetan Donostiako San Telmo Museoan egin duten aurkezpenean azaldu dutenez, Euskaraldian sustatzen diren portaerak sozializatzen jarraitzea eta herritarren praktiketan txertatzea nahi dute, portaera horiek arau sozial bihurtzera hel daitezen.

Irati Iciar Topaguneko lehendakaria, Jon Zapata ekimenaren koordinatzailea eta Mikel Astarloza eta Nerea Alias gurasoak egon dira ekitaldian. Lakuako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Estibaliz Alkorta, Javier Arakama Nafarroako Gobernuko ordezkaria eta ekimena antolatuko duten zenbait herritako lagunak ere elkartu dira.

Arau sozial bat indartu nahian

‘Euskaldunok euskaldunokin euskaraz egiten dugu’ arau soziala indartu nahi du ekimenak. Hiru dira arau horren oinarri nagusiak: «Solaskideek euskara dakiten kasuetan euskaraz egiten dugu (euskaldunak euskaldunari euskaraz); lehen hitzak euskaraz egiten ditugu. Ezezagunekin zein euskaraz ulertzen duten ezagunekin; eta kideak ulertu bai, baina euskaraz hitz egiten ez badigu euskarari eusten diogu, baita elkarrizketa elebidunetan ere».

0 eta 12 urte bitarteko umeekin harreman zuzena duten eta hizkuntza transmisioan zein eredugarritasunean eragina duten helduak dira ariketako xede taldea: gurasoak zein zaintza lanetan aritzen diren bestelako senide eta herritarrak. Helduen arteko hizkuntza praktiketan eragitea da helburua. «Ez gara ari helduek umeei euskaraz hitz egiteari buruz, praktika hau ere bultzatzen dugula esan beharrik ez dagoen arren», argitu dute. «Helduak diogunean, umeekin ari diren 16 urtetik gorako herritarrei buruz ari gara».

Hamar egunez, Euskal Herri osoan

Ekimena ostegun honetatik urriaren 29ra bitartean izango da. Euskal Herri osoan egitea proposatzen dute, baina herri batzorde eta eragileen inplikazioaren arabera, eragin maila desberdina izango du ekimenak herrietan. Herriaren eremu osoan eragitea edo eremu zehatzak lehenestea ere erabaki lezakete herri batzordeek.

Eremu fisikoak, nagusiki, helduak eta umeak elkartzen diren inguru informalak izango dira: parkeak, eskola kanpoaldea, plazak... Baita ekintza bereziak antolatzen diren espazioak ere, aretoak eta kultur etxeak adibidez. Kaleko espazioez gain, ekimena etxeetara iristea ere lortu nahi dute.

Antolatuko diren ekintzen bidez, proposatzen dena da herrietan dinamika multzo bat antolatzea gurasoak sentsibilizatu, ahaldundu eta saretu daitezen. Parte hartuko duten herriek erabakiko dute zein ekintza multzo antolatuko dituzten tokian toki: hitzaldiak, tailerrak... Horrez gain, irteera, jolas eta bestelako planetan, ‘euskaldunak euskaldunari euskaraz’ dinamika gauzatuko da; ekintza horiek gune babestu, euskaraz lasai aritzeko gune, bihurtuko direlarik, ekimenaren kalitatea bultzatzeko. Eremu soziolinguistikoaren beharren arabera, guraso erdaldunek parte hartzeko xuxurlaria gisako dinamikak antolatu ditzakete zenbait ekintzatan.

Herriz herri parte hartzera animatu dute. Antolatuko diren ekintzak ekimenaren webguneko agendan kontsulta daitezke.

Gurasoen papera

Haurrengan duten eraginagatik gurasoek euskararen alorrean egin dezaketen ekarpena azpimarratu dute Aliasek zein Astarlozak, eta beraien erronka propioak ere hartu dituzte. «Oiartzunen euskaraz bizitzeko erraztasunak ditugun arren, nire kasuan, euskaraz ulertu bai, baina hitz egiten ez dutenekin euskarazko elkarrizketak mantentzea kostatzen zait. Horretan saiatuko naiz ni, elkarrizketari euskaraz eusten, besteak gaztelaniaz edo frantsesez erantzun arren», azaldu du Astarlozak.

Aliasek, bere aldetik, autokritikaren beharrari egin dio erreferentzia. «Sarritan errazagoa da parekoek egiten dutenari erreparatzea, baina nik ez diot inori zer egin behar duen esango. Nire buruari begiratu eta nik zer egin dezakedan pentsatzetik hasiko naiz», adierazi du.

Agerraldiari amaiera emateko, «haurrek etorkizunean euskaraz, eroso eta naturaltasunez aritzea nahi duten duten gurasoei» ekimenean parte hartzeko deia egin diete Aliasek eta Astarlozak.