INFO

Poema forma hartu duten 36ko Gerraz geroztiko istorioak bildu ditu Irazuk ‘Zakur zaunkak’-en

‘Zakur zaunkak’ bigarren poema liburua kaleratu du Iñaki Irazuk, «ekoizpen soziala» dela nabarmentzen badu ere. 20 olerki narratibok osatzen dute, 36ko Gerratik gaur egun arteko istorioak kontatzen dituztenak: gerran jipoitutakoen, ume desagertuen eta torturaren ingurukoak, besteak beste.

Iñaki Irazu, ‘Zakur zaunkak’ eskuetan duela, asteazken honetan Donostian. (Iñigo URIZ | FOKU)

36ko Gerra abiapuntu hartuta, Euskal Herrian gertatzen diren eta pertsona jakin batzuen inguruko istorioak kontatzen ditu, 20 olerkitan, Iñaki Irazuk kaleratu berri duen ‘Zakur zaunkak’ liburuan. Susa argitaletxearen eskutik atera du jendartera eta bere bigarren poema bilduma da.

Asteazken honetan Donostian egindako aurkezpenean Leire Lopez Ziluaga editoreak Irazuk idatzitakoaren forma nabarmendu du, begi-kolpean atzematen lehenengo gauza dela uste du eta. Poemen lerro gehienak bi kolpetan doazela azaldu du, bi hitzek edo, gehienez jota, lauk, osatzen baitituzte.

Honekin ados agertu da Iñaki Irazu, «tipi-tapa» bat bezalakoa dela gaineratuz, eta «binarismo» horretan gelditu da. Poemak irakurtzerakoan «biko hori jarraitu» daitekeela aurreratu du, hitz homonimoak bi zentzutan erabiltzen dituelako, txuriaren eta beltzaren arteko harremanagatik edo, izenburuan bertan ikus daitekeen «joko binarioa» dela eta.

Edukiaren aldetik «hotza» dela uste duen arren, bidezidorrei eta lerro ez zuzenei heldu die autoreak, «abenturarako eta barruan sartzeko dei» bat bezala, bidezidorrak askatu egiten duela defendatzen baitu.

36ko Gerrarekin hasten diren narrazioak dira ‘Zakur zaunkak’ liburuak bildutakoak. Bilduma irekitzen duen ‘Hanka bat lurrean’ olerkian, esate baterako, gerran guardia zibilek jipoitu zutenetik hanka bat lurrean lo egiten duen aitona batez ari da. ‘Demetrio’, bestalde, Ediporen mitoak ezkutuan dakarren «jakitearen arriskuaz» ari da.

Gogoeta eginez, denborak aurrera egiten duen arren, gertatutakoa «ez dela hor geratzen» azpimarratu du autoreak. «Lehengoak dirau orainean eta orainak irauten du etorkizunean», esan du, Xabier Leteren ‘Negu hurbilak’ poema aipatuz. Hizkuntzak poesian jokatzen duen «paper berezia» ere azpimarratu du.

Liburuaren izaera narratibora bueltatuz, «gizakiak adierazten dituen istorioak antzekoak» direla esan du, eta mito batzuk zenbait kulturatan errepikatzen direla jarri du adibide bezala. Poema bilduman kontatzen duenarekin ere antzeko zerbait gertatzen dela uste du.

Leire Lopez Ziluaga editoreak, bestalde, istorio hauek «kontalari lasaiaren tonua» erabiliz adierazita daudela gailendu du. Oroimen kolektiboan oinarritutako «politikak, gerrak edo izaerak markatutako bizitzen» kontakizunak, funtsean, «irakurlea harrapatzen» dutenak.

Azal zintzoa

Azala Alain Urrutiak egindakoa da eta ilunantzean dagoen baso bat irudikatzen du. Iñaki Irazurentzat «gustokoa baino gehiago» liburuaren edukiarekiko, «barruan agertzen den mamiarekin» duen «konkordantzia», «armonia» eta «zintzotasuna» da azpimarratzekoa.

«Ilunabar edo egunsentia ikusten dugu, baina hotza da, ez da amapola zelai bat zeru urdin batekin, hori ondo legoke beste liburu batean», laburbildu du autoreak. Leire Lopez Ziluagak, aldiz, edukiari aipamena eginez, «oroimenaren baso» gisa definitu du Urrutiaren irudia.