INFO

Oñati da 2023ko Herri Turistiko Onena, Turismoaren Mundu Erakundearen iritziz

Nazio Batuen Turismoaren Mundu Erakundeak ‘Best Tourism Village 2023’ saria eman dio Oñatiri, hots, Herri Turistiko Onenaren saria. NBEren erakunde hau «guztiontzat irisgarria den turismo arduratsua eta jasangarria» sustatzeaz arduratzen da.

Oñatiren irudi panoramikoa. (Oñatiko Udala)

Oñati saritu du Nazio Batuen Turismoaren Mundu Erakundeak. Hain zuzen ere, ‘Best Tourism Village 2023’ saria eman diote udalerriari, Herri Turistiko Onenaren saria, alegia.

«Best Tourism Villages by UNWTO» ekimenak Oñatiri aitortza egin dio, ondasun kultural eta naturalak dituen landa turismoaren adibide nabarmena dela, landa guneetan dauden balioak, produktuak eta bizi estiloak zaintzen eta sustatzen dituela, eta berrikuntzarekin eta iraunkortasunarekin konpromiso argia duela iritzita.

2023ko edizioan, TMEko kide diren 72 estatutako 260 herriren hautagaitzak aztertu dituzte. Oñati saritzeko erabakia ostegun honetan hartu dute, urriak 19, Samarkandan (Uzbekistan), OMTren Batzar Nagusiaren 25. bileran.

Oñati Euskal Herriaren bihotzean dagoen herria da eta, Udalak ohar baten bidez azaldu duenez, ondare eta kultur balio handiko turismo lekua da, «historia eta usadio askoren gordeleku eta ingurune natural aberatsa duena». Bertako kultura eta natura babesteko duten modua herriaren nortasunaren ondorioa direla ere nabarmendu du.

Gipuzkoako udalerririk zabalena da eta Aizkorri-Aratz Natura Parkearen eremu menditsuan dago, Kantauri itsasotik kilometro gutxira eta Pirinio mendikatearen mendebaldean.

Horrez gain, bertan dago Arrikrutzeko koba, non aurkitu baitzuten haitzuloetako lehoiaren hezurdura ia oso bat. Europan, hura da animalia horren aztarnak topatu dituzten leku bakanetako bat.

Herriaren hirigune historikoa Kultura Ondasun gisa kalifikatuta dago, Monumentu Multzo kategoriarekin. Bertan sortu zen Euskal Herriko lehen Unibertsitatea, 1548an. Oñati, administratiboki, jaurerri izan zen lehenengo eta konderri ondoren.

Oñatiko biztanle gehienak hirigune historikoan bizi diren arren, lotura estua dute udalerriko 16 landa auzoekin. Ondare kultural eta naturala bertako jarduera etnologikoetan azaltzen da, tradizioetan, entretenimenduan edo aisialdian, Udalak azaldu duenez.

Gainera, ostalaritzak eskaintzen dituen produktuen bidez, bisitariek bertako sukaldaritzaz goza dezaketela gaineratu du, txakolina, Idiazabal gazta eta txokolatea dastatuz.

«Oñati ikustekoa da eta gozatzekoa», ziurtatu du Udalak: «Kalitatezko tokiko zerbitzuak eskaintzen ditu komunitatean egindako lanari eta konpromiso publiko pribatuari esker, baita garapen jasangarriarekin duten konpromisoari esker ere».