Zer da nafar sentimendua 10.000 kilometrotara jaiota? ‘Nafar haziak’ dokumentala, erantzun bila
Izaskun Barberrek zuzendutako ‘Nafar haziak’ dokumentala aurkeztuko dute ostegun honetan Iruñean. Bertan, Ortzadar taldeak Argentinako Nafar Etxeetara egindako bidaia baten bidez «nafar sentimendua» definitzen saiatuko dira. Ikusten duenari «klik bat egingo dio buruan», aurreratu du Barberrek.
Ostegun honetan estreinatuko da, Iruñeko Golem aretoan, ‘Nafar haziak’ dokumentala, Iruñeko Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak ekoitzi eta Argentinan 2022an filmatutako filma. «Posible al da urruneko kultura bat besarkatzea eta zure egitea?». Dokumental honek galdera honi erantzuna bilatuko dio.
Ortzadar-eko kide izandako Izaskun Barberrek zuzendu du lana, Rut Etxarterekin batera eta Argentinan, 10.000 kilometrotara bizita, «nafar sentimendua» zer den aztertzea bilatu dute. Barberrek, NAIZekin hizketan, ez du asko aurreratu nahi izan, baina «bakoitzak ondorio bat» atera dezakeela iritzi du. «Askok ez dute esperoko herrialde urrun batean nafar sentimendua horrela bizitzea eta klik bat egingo dio buruan».
Hego Amerikako herrialdera bidaiatu zuen folklore taldeak, nafar kultura zabaldu asmoz. Lehen aldiz 1994an «Ortzadarreko aita» eta dokumentaleko protagonistetako bat den Terentxo Arana txistulariaren eskutik. Gero, krisi ekonomikoarekin, eten egin ziren bidaia hauek, baina azken urteetan berreskuratu egin dituzte. Buenos Aires, Rosario, Bolivar eta Mendozan dauden lau Nafar Etxeak bisitatu zituzten eta haiekin eraman zituzten dantza, musika eta gastronomia tailerrak, baita hitzaldiak eta dantza emanaldiak ere.
Film dokumentalean Ortzadarrek bertan egin dituen tailer eta ikuskizunak ikusi daitezke, baina lanaren «ideia nagusia harremanak eta nortasuna dira», nabarmentzen du Barberrek.
Eta denetatik topatu dute. «Haiekin enpatizatu nahi izan dugu. Hangoak izanda nola egiten duten bere hain urrun dagoen kultura bat. Badaude nafar hazirik ez dutenak eta nafar sentitzen direnak ere. Beste batzuek bai, badituzte arbasoak».
«Badaude nafar etxe pila bat», gehitzen du Ander Zudairek, Ortzadarreko kideak. «Ez genuen espero nafar bizipen hori topatzea. Sanferminak ospatzen dituzte, dantzak, txistua jo... Hainbat kanta dituzte guk ezagutzen ez genituenak eta haientzako garrantzitsuak direnak».
2022koa ez zen Argentinara egindako lehen bidaia izan Nafarroako kultura sustatzeko hainbat ikastaro, hitzaldi eta jarduera egiten. Mota horretako azken bidaia 2018ko otsailean egin zen, eta bertan zen Zudaire ere. Orduan, lau dantzari eta Ortzadarren musikari bat Rosariora joan ziren urte horretako Nafarroako dantza eta musika ikastaroa egitera, eta Argentinako Nafar Etxeetako kideekin egon ziren.
2024an mende erdi beteko du Ortzadar elkarteak, 1974an euskal folklorea eta kultura tradizionala aztertzea, ikertzea eta zabaltzeko helburuarekin jaioa. 2018ko otsaileko topaketaren ondorioz, taldeko zenbait kidek bost hilabeteko bidaia bat egin zuten Argentina osoan, 2018ko amaieratik 2019ko hasierara, Euskal Etxeekin lankidetza estuan, eskolak eta hitzaldiak emanez eta horien hainbat jardueratan parte hartuz. Azken bidaia horretan sortu zen Argentinara dantzari-talde oso batekin bidaiatzeko ideia, fanfarrearekin batera.
Argentinatik ere gerturatu ziren Iruñeko sanferminetaraino, eta bertan hasi ziren ostegun honetan ikusi ahal izango den dokumentalari forma ematen.
Bi saio Golem aretoan
Film dokumentala Golem Baiona zinemetan bi emanalditan estreinatuko da. «Lan gehienaren ostean, gozatzeko unea», Barberren hitzetan. Lehenengoa ostegun honetan, urriaren 19an, izango da, 20:00etan, euskarazko bertsioan. Bigarrena, urriaren 20an (ostirala), 20:00etan, gazteleraz. Bi saioetarako sarrera doakoa izango da, baina beharrezkoa da dagoeneko zinemetan eskuragarri dauden gonbidapenak aldez aurretik eskuratzea.
Hortik aurrera lana webgunean eskegitzeko asmoa dute, baita kolektibo eta entitateen esku jarri «nafar sentimendu» honen istorioa ahalik eta gehien zabaldu asmoz.
Proiektua Arkaitz Zudaire Lopezek Argentinako bidaia berdinean egindako argazki-erakusketa batekin osatzen da. Argazki horiekin, gainera, laster inprimatu eta eskuratu ahal izango den argazki-liburu bat prestatzen ari dira.