INFO

Lampedusako tragediatik hamar urtera, Mediterraneoak munduko hilerri latzena izaten segitzen du

Hamar urte dira Lampedusara itsasoz iritsi nahian ziren 368 pertsona hil zirela. Europa larritu egin zen, ordura arteko tragediarik lazgarriena izan baitzen hura. Ez zen izan, baina, erreskate mekanismoak betikotzeko akuilu: geroztik, 22.000 pertsona hil dira Erdiko Mediterraneoan.

Irudi hau duela egun batzuetakoa da. Migrazio oldeak ez du etenik. ( Alessandro SERRANO | AFP)

Arraste-ontzi batean harrapatuta ziren 500 bat emakume, gizon eta haur, itsasoan, Italiako Lampedusa uhartetik metro gutxira. Bidaiariak, eritrearrak gehienak, Tripolitik (Libia) abiatu ziren bi egun lehenago. Ilargirik gabeko zeru baten azpian, gizon batek zuzi inprobisatu bat piztu zuen, lehorrekoek antzeman zitzaten, eta, nahi gabe, su eman zion barkuan filtratu zen erregai-hondar bati.

Izuak hartuta, ontzia alderik alde zeharkatu zuten bidaiariek suak ez harrapatzeko eta, ondorioz, barkua irauli egin zen. 368 pertsona hil ziren. 2013ko urriaren 3a zen.

Zirrara eragin zuen Mediterraneoan, «munduko hilerri handienean», egun hartara arte erregistratu zen drama humanitariorik handienak. Hildakoen artean emakume bat eta haren haur jaioberria zeuden, oraindik zilbor-hestearekin lotuta.

Handik zortzi egunera, Lampedusa eta Libia arteko itsaso zabalean beste ontzi bat hondoratu zen. Orduko horretan, bidaiari gehienak Siriako errefuxiatuak ziren, herrialdeko gatazkatik ihesi. 268 biktimetatik, 60 haurrak ziren.

Arropa eta buia gisa erabilitako hodia, ontzi batean utzita. Tiziana FABI | AFP

Save the Children irabazi asmorik gabeko erakundearen arabera, Mediterraneoan hiltzen diren 100 pertsonatik 4 adin txikikoak dira. Gainera, Mediterraneoa zeharkatu nahian bizia galtzen duten haurren kopurua hazi egin da 2014tik. Heriotza guztien %1 ziren orduan; %4 dira gaur egun.

Tragedia hauek, hasiera batean, kontzientziak astindu zituzten eta Europako buruzagiek horrelakorik berriro ez gertatzeko neurriak hartuko zituztela hitzeman zuten.

Horrela, 2013ko urriaren 14an, gaur hamar urte, Mare Nostrum izeneko operazioa martxan jarri zuen Italiako Gobernuak, orduan lehen ministro zen Enrico Letta sozialdemokrataren eskutik. Bilaketa eta erreskatetarako plan humanitario horrek indarrean iraun bitartean, Europara migratzeko Mediterraneoko bide arriskutsua erabili zuten 150.000 pertsona inguruk onik zapaldu zuten helmuga.

2024ko azaroaren 1ean bertan behera utzi zuen Italiak operazio hori, eta Frontex agentziaren Triton operazioak ordezkatu zuen. Honen lehentasuna, baina, ez zen bizitzak salbatzea: mugak kudeatzeko zeregina betetzen zuen, kostaldea patruilatuz eta lehorreratzea lortzen zuten asilo-eskatzaileak ikertuz. Triton operazioaren ontziak ez ziren nazioarteko uretara barneratzen, non hainbeste pertsona hiltzen diren, soilik kostaldean behatzen zuten. 2015etik 2017ra, Triton operazioa artean indarrean zela -2018ko otsailaren 1ean amaitu zen-, inoiz baino heriotza gehiago izan ziren erdiko Mediterraneoan: 10.576, Migrazioetarako Mundu Erakundearen (MME) arabera.

Mediterraneoa zeharkatzeko erabiltzen diren itsasontzien hondakinekin egindako egurrezko gurutzeak. Tiziana FABI | AFP

NBE: «Ez da aukera bat»

Eta 2023a ari da izaten urterik hilgarriena 2017az geroztik. 2.500 lagun baino gehiago zendu dira Libia eta Tunisia Italiarekin lotzen dituen erdiko Mediterraneoko bidean.

Jakina da: hamar urte igaro dira 2013ko tragediak gertatu zirenetik eta Europak ez du bere hitza bete. Gaur, 2013ko urriaren 3ko tragediak salbuespen izateari utzi dio. MME eta Errefuxiatuentzako NBEren agentziak (Acnur) emandako datuen arabera, Erdiko Mediterraneoko migrazio bidean 22.000 pertsona baino gehiago hil dira azken hamarkadan.

Orain, migrazio-gaietarako Nazio Batuen Erakundeko (NBE) agentzia nagusiek, Lampedusako tragediaren urteurrenarekin, deitoratu egin dute nazioarteko komunitateak oraindik ez diola aurre egin migrazio politikek eragiten duten larrialdiari. «Ez dago tragediarik gabeko asterik, munduko txoko guztietan gertatzen dira, itsasoan edo lehorrean. Ikaragarri normalizatu ditugu», adierazi zuten pasa den urriaren 3an Amy Pope MMEko zuzendari orokorrak eta Filippo Grandi Acnurreko buruak. Tragediak saihestu daitezkeela nabarmendu zuten.

Zentzu horretan, berresan zuten bizitzak salbatzea ez dela «aukera bat», «legezko betebeharra» baizik, eta bilaketa eta erreskaterako operazioak itxaron gabe abiatzeko deia egin zuten. Horrela, migrazio bideetan gertatzen diren tragediak saihesteko errezeta erakutsi zien estatu europarrei: erreskate operazioak antolatu, pertsonen migratzeko aukera «kriminalizatzeari» utzi, GKEen lana ez oztopatu edo migranteen bizitza arriskuan jarriko ez duten bide seguruak bultzatu.

«Gure erantzukizuna, komunitate global gisa, bidaia arriskutsuetan daudenei laguntzea da, haiek eta haien familiek bizitza seguruagoa eta duinagoa izan dezaten», nabarmendu zuten MMEk eta Acnurrek elkarrekin egindako komunikatuan.

Bide honetatik, NBEk Errefuxiatuen Foro Global bat antolatu du abendurako, eta bertatik «konpromiso zehatzak» ateratzea espero du. «Orain, Lampedusaren hondoratzetik hamarkada bat igaro den honetan, ahalegin handiagoa egin behar dugu tragedia horiek berriro gerta ez daitezen», esan zuten.

Hotspot izeneko zentro eragilea erakusten du, Italiako Lampedusa uhartean. Alessandro SERRANO | AFP

Herritarrak: «nahikoa da»

Herritarrek ere ekarri dute gogora 2013ko hondoratzea. Lampedusaren erdialdean manifestazio bat egin zuten ehunka lagunek pasa den asteko asteartean, “Hildako ikusezinak, nahikoa da” idatzita zuen pankartaren atzean. Italiak Oroimenaren eta Harreraren Eguna ospatzen du urtero urriaren 3an.

Aurtengo zita, baina, berezia zen: batetik, urteurren borobila zelako eta, bestetik, ez zelako Lampedusara agertu Gobernu italiarreko ezein ordezkari. Are, lehen ministroa, Giorgia Meloni, herrialdearen beste muturrera joan zen, Turinera, Eskualdeen Jaialdian parte hartzeko.

Bertan izan zen, aldiz, 2013an Lampedusako alkatea zen Giusi Nicolini. «Larritzat» jo zuen «hamar urte hauetan lehen aldiz» exekutiboko kiderik uhartera agertu ez izana.

Egun horretan, halaber, Europako itsas misio bat abian jartzeko eskatu zuten herritarrek, ur arriskutsu horiek patruilatzea helburu, Mare Nostrum operazioarekin egin modura.

GKEak «Zenbat gehiago?»

Ildo beretik, Italiako Mugarik Gabeko Medikuen (MGM) programa-zuzendariak, Marco Bertottok, salatu zuenez, Mare Nostrum erreskate operazioaren amaieraz geroztik, «Italiako eta Europako agintariek ez dute neurri bakar bat ere hartu itsasoan salbamendu lanak indartzeko eta Mediterraneoko tragedia-segida modu zehatz eta eraginkorrean mugatzeko».

Bertottok azpimarratu zuen ezinbestekoa dela Europako Batasuneko estatu kidek bilaketa- eta erreskate-plan berri bat bultzatzea, «politika ausartagoak» egon arte bederen, migrazio bide seguruak bermatzeak behar bailuke helbururik behinena, bere aburuz.

«Zenbat pertsona gehiago ito behar dira norbaitek norabide egokian zerbait egin dezan?», galdetu zuen Juan Matias Gil MGMren itsasoko bilaketa- eta erreskate-lanen arduradunak. Gogorarazi zuen, halaber, Nazioarteko Zuzenbideak heriotza-arriskuan dauden pertsonak laguntzea behartzat duela.

«Giza Eskubideen gutxieneko estandarrak errespetatzen ez dituzten herrialdeekin zenbat negoziazio, zerrenda eta amarru, hitz, eslogan, aldarrikapen, memorandum eta akordio ez-moral eta ez-gizatiar egin behar ditugu migrazioa azkenean seriotasunez, heldutasunez eta, batez ere, gizatasunez eztabaidatu baino lehen?», planteatu zuen.

Bestalde, Open Armsek zehaztu zuenez, «Italian eta Europan kolore guztietako gobernuak izan dira elkarren segidan, baina Mediterraneoan jendea itota hiltzen ari da». GKE honek sinadura bilketa bat bultzatu du X sare sozialaren bitartez auzi honi buruzko ikerketa-batzorde bat eskatzeko.

Hain zuzen ere, Lampedusako tragediaren urteurrenetik bi egunera, hilaren 5ean, Italiako agintariek 20 eguneko blokeo bat agindu zuten Open Arms ontzi humanitarioaren kontra, Marina de Carrarako (Italiako ipar-mendebaldea) esleitutako porturantz nabigatzen ari zela erreskate batzuk egiteagatik. Blokeoaz gain, 10.000 euroko isuna ezarri zieten GKEari.

Olaf Scholz kantziler alemaniarra. Alessandro SERRANO | AFP

EB, kontrako bidean

Bitartean, Europako Batasuneko (EB) negoziazioak NBEk, herritarrek eta GKEek eskatzen dutenaren kontrako bidetik doaz. Hiru urtez eztabaidatzen aritu ondoren, 27 herrialdeek migrazio-ituna osatzeko akordioa erdietsi zuten hilaren 4an, Granadako goi-bilera baino bi egun lehenago.

Italiak, migrazioa ekiditeko neurri zorrotzagoen aldeko, eta Alemaniak, migranteei babes gehiago eskaintzearen defendatzaile, lortutako azken orduko akordioa ez da migranteen mesederako.

Araudia, oraindik ere Europako Parlamentuan eztabaidatu beharrekoa, gehiengo kualifikatuarekin onartu zen, Austria, Eslovakia eta Txekiar Errepublikaren abstentzioekin, eta Polonia eta Hungariako oposizioarekin.

Onartutako testuak asilo-eskaeren onarpena are gehiago murrizten du, babes eskaeren prozesatze-denborak luzatzen ditu eta EBn sartzea zailtzen.

Gainera, Giza Eskubideen alde lan egiten duten GKEek ohartarazi dute araudi berri horrek bide eman dezakeela migranteen eskubideak gehiago urratzeko. Salbamendu-lana ere zaildu dezakeela nabarmendu dute.

Hala, hamargarren urteurren honetan, Lampedusako tragediak itsasoan galduta segitzen duen bitartean, Europako agintariek bidea ireki dute, tantaka edo saldoka, 368 gorpuen (h)ondora gal daitezen datozen bizitzak ere.

Giorgia Meloni lehen ministro italiarra. Alessandro SERRANO | AFP

MELONIREN GOBERNUAK BEGIZ JOTA DU JUSTIZIA

Giorgia Meloniren Gobernuak inpartzialtasunik eza leporatu zion pasa den astean Cataniako (Italiako hegoaldea) Iolanda Apostolico epaileari, ezetsi egin zuelako Italiara migratu zuen pertsona talde bat atxikitze zentro batean atxilotzeko agindua, Gobernuak onartutako arau berrien aurka eginez. Melonik gogor kritikatu zuen magistratua, «demokratikoki aukeratutako gobernu baten neurrien aurka egiteagatik». Adierazpenok magistratuak nahiz oposizioa haserretu ditu, eta «erakunde-borroka elikatzea» egotzi diote lehen ministro italiarrari.

Cataniako Magistraturaren Elkarte Nazionalak (ANM) Iolanda Apostoliko epailea defendatu zuen, «legea errespetatuz lan egin duen pertsona zintzoa» dela esanez.

«Utzi egunero etsai baten bila aritzeari zuen erantzukizunak ezkutatzeko. Harrerako hondamendiaren erantzuleen bila bazabiltza, begiratu ispiluari: eskuinak idazten ditu argi eta garbi konstituzioaren kontrakoak diren legeak, eta gero bere lana egiten duten epaileekin haserretzen da», agertu zuen oposizioko eta Alderdi Demokratako buruak, Elly Schleinek.