Lehen zati kaskarra garesti ordaindu du Ordiziak Burgosen eta esku hutsik itzuli da (52-24)
Lehen minutuan entsegu bat jaso ostean, goierritarrak 40-10 joan dira atzetik atsedenaldira eta bigarren zatian erreakzionatzen saiatu badira ere (40-24), garaipenetik oso urrun geratu dira (52-24).
Aurreko bi asteetan lehia oso estuetan txanponaren bi aldeak ezagutu ostean, porrot mingarri bat jaso du igande honetan Ampo Ordiziak Burgosen, bertako Aparejadores taldearen aurka 52-24 galduta. Etxean oso talde sendoa da gaztelarra, duela bi aste antzeko jipoi bat eman zion Alcobendasi, baina goierritarrek gaur erraztasun handiegiak eman dizkiete gaur, batez ere defentsan, eta garaipenetik oso urrun geratu dira.
Minutu bakarra behar izan dute etxekoek partida osoan zehar galdu ez duten markagailuaren aginte makila bereganatzeko entsegu bat eta ondorengo gauzatzearekin (7-0). Lander Mujikaren zigor kolpe bati esker ordiziarrek aldeak murriztu badituzte ere, hamargarren minuturako bigarren entsegua jasoa zuten. Haizearen konta aritu behar izan badute ere, lehen zatiaren erdira arte nolabait eutsi diote Federico Gallorenek eta Victor Gavinen entsegu batekin eta Lander Mujikaren gauzatzearekin 15-10 ere gerturatu dira, baina pozak gutxi iraun die, 13 minututan hiru entsegu eta bi zigor kolpe lortu baitituzte Burgosekoek atsedenaldirako partida ia ezinezko utzita (40-10).
Erreakzio antzua
Aldageletatik bueltan, izan dute goierritarrek susperralditxo bat eta Asier Hernandez eta Julen Goiaren entseguekin eta Lander Mujikak ostikoz ere asmatuta, 14 puntura gerturatu dira partida amaierarako 20 minuturen faltan. Partida egon zitekeela uste izan duena erabat oker egon da, bost minutu baino ez dituzte eta behar izan etxekoek beste bi entseguekin erantzun eta lehia erabat berriro hausteko.
Porrota barneratuta, indarrak berreskuratzea besterik ez dago, hurrengo larunbateko Altamirako zita ez da eta edonolakoa. Taldearen 50. urteurrena ospatuko da egun horretan eta Cisnerosen aurkako partidaren aurretik ekitaldi politak antolatu dituzte. Arratsaldeko 15.00etan herriko plazan elkartu eta Bonberenea txarangarakin zelaira kalejiran joateko deia egin diete zaleei.