INFO

Tokiko proiektuak, burujabetzara bidean

‘Burujabetzak’ izenburupean egindako jardunaldiak burujabetzaren alorrean hausnartzeko parada eskaini zuen pasa den astean. Udalgintzatik eta herrigintzatik bultzatutako proiektuak aurkeztu zituzten, eta etorkizuneko erronkei begira jarri ziren, tokian tokitik, baina Euskal Herri osoko perspektiban.

Urriaren 19tik 21 bitarte jardunaldiak egin zituzten Hernanin. (Hernani Burujabe)

Hiru egunez borborka egon da Hernani, Euskal Herriko hamaika proiektuk eta aditu zein arituk bisitatu baitute Burujabetzak jardunaldia, Udalbiltzarekin batera antolatutako topaketa, hain zuzen ere. Burujabetzen inguruan hausnartzea izan da helburu nagusia, eta horretarako herri mugimenduen eta udalgintzaren lana nola uztartu izan zuten mintzagai.

Lankidetza publiko-komunitarioek duten garrantzia azpimarratu zuten hiru egunez, eta tokian tokiko alternatibetatik abiatu eta Euskal Herria burujabe bat eraikitzeko eman beharreko urratsen inguruan hausnartu zuten. Elikadura, energia, zaintza, etxebizitza… egungo gizartean ezinbestekoak diren gaien inguruan eztabaidatu zuten.

Pentsatzea baina, ez da aski izaten. Eta horregatik, ostiral arratsaldean jada martxan dauden proiektuek hartu zuten lur Hernaniko Kulturarteko plaza feministan, sarritan herrikideen ereduetatik bururatzen direlako norberaren herrira egokitu daitezkeen proiektuen ideiak. Ehundu Bergarako proiektua, Euskal Herria Burujabe, Bizik Ipar Euskal Herrian sorturiko dinamika, Aiaraldea Ekintzen Faktoria eta Hernaniko Bidea Elkartea aurkeztu zituzten.

Elikadura eta energia

Ander Zangitu bergararrak azaldu zuen zer zen Ehundu, eta eraldaketa sozialaerako egitasmo gisa sortu zutela kontatu zuen, «herri ekimen bezala sortu bazen ere, lankidetza publiko-komunitarioan dihardugu, eragileak, herritarrak eta udal ordezkariek batera egiten dugu lan».

Kontatu zuen pandemiaren ondotik herritarren aktibazio bat sumatu zutela eta momentuko erantzunak, erantzun iraunkor bilakatzeko asmoak elkartu zituela esan zuen: «Lau faktore garrantzitsu zeuden: herritarren beharrak, borondate politikoa udalaren aldetik, elkarlanerako sortu ziren hitzarmenak, eta pertsonak, lanerako pertsonak».

Arlo ezberdinetan aritu baziren ere, elikadura mahaian jarri zuen arreta: «Beste arloetan sortu ditugun proiektuekin ere berdina da prozedura; lehendabizi beharrak identifikatu, ondoren egitura komunitarioak sortu eta azkenik elkarlanerako markoa eraiki, izan daiteke mahai bat, izan daiteke proiektu bat... arlo bakoitzean behar denaren baitan». Elikaduraren alorrean, hiru lan ildo dituzte: ekoizleen belaunaldi erreleboa, azoka eraberritzea eta ikastetxeen zein eragileen sentsibilizazioan eragitea.

«Herri ekimen bezala sortu bazen ere, lankidetza publiko-komunitarioan dihardugu»


Baionan urria hasieran antolatu zuten ‘Euskal Herria burujabe’ ekimena, eta bertako David Lannesek eman zuen nondik norakoen berri. Hasteko, azaldu zuen Bizi bezalako talde ekologista bat, aurrez abertzale bezala ez definitua, zerk eraman zuen burujabetzaren aldeko hautua egitera: «Bizi baldintzak defendatzeko eta berreskuratzeko burujabetza behar genuela hausnartu genuen». Eta horrela, gainera, borroka guztiei «koherentzia» bat ematen ziotela azaldu zuen.

Bizin lanean abiatu zirenean, Laborantza Ganbara oraindik sortzen ari zela azaldu zuen eta azken urteetan aldaketa insituzional handiak eman direla Ipar Euskal Herrian: «Tresna berri asko ditugu, horrek erronka berriak ekarri ditu; herritarren kontrola instituzioekiko beharrezkoa da, instituzioek ez dute daturik partekatzen eta horiek behar ditugu analisi egokiak egiteko, eta azkenik, instituzioak herrigintzan oinarritzera bultzatu behar ditugu».

Energiaren alorrean duten erronka nabarmendu zuen. «Oreka energetikoa» da bilatzen dutena, hau da, produzitzen eta kontsumitzen duten energia kopurua bera izatea. Eta produzitu beharreko energia horren ekoizpena «lurralde proiektuan» lekutua izatea, horrekin batera, ateratako etekinak proiektua finantzatzen jarraitzeko izatea.

«Bizi baldintzak defendatzeko eta berreskuratzeko burujabetza behar genuela hausnartu genuen»


Transbertsalitatea oinarri

Euskararen komunitatea ahaldundu eta eraldatzeko helburuarekin sortu zen Aiaraldeko Ekintzen Faktoria. Baina azken urteetan komunikabide bat izatetik, egoitza fisiko bat duen eta herritarren bizitzak euskaraz eta euskaratik eraldatu nahi dituen proiektua da.

Beren buruei galdera bat egin zietela aitortu zuen Gartzen Garaiok: «Ondorengo belaunaldiek zergatik helduko diote euskarari?» eta galdera horri erantzun nahian hausnartu zuten balio identitarioetatik harago, funtzio eraldatzailea eman behar ziotela euskarari eta «mundu berri batean ondo bizitzeko» ateak zabaldu behar zizkiela hurrengo belaunaldiei.

Egun komunikazioan, elikaduran, hezkuntzan, feminismoan zein kulturan eragiteko egoitza sozial propioa dute Laudion, baina etengabean erronka berriei begira daude, eta 2021az geroztik pilatu dituzten bizipenekin hainbat irakaspen eta eztabaida dituzte mahaigainean: Egoitza Laudion izatea da bat,  beraien eskaintza leku bakarrera mugatzearen kezka; bigarrena, langile kopurua handitu eta bolondresen kopurua ahultzearen sintoma; eta hirugarrena, eskaintza euskara hutsezkoa izateak klase jakin bateko pertsona zuriei zuzendutako eskaintza izatea ekarri duela.

Etxean jokatzen zuen Aines del Valle hernaniarrak, berak azaldu zuen zeintzuk ziren Bidea Elkartearen helburuak eta erronkak. Hernani Burujabe udalak bultzatutako proiektu gisa sortu zen eta proiektuari «herri bultzada, atxikimendua eta narratiba bat» emateko sortu zuten elkartea, herritarren parte hartzea bermatzeko eta indartzeko asmoz Hernani Burujabe dinamikaren baitan.

Hiru erpin dituztela kontatu zuen, instituzioarena (udala), ekonomikoa, eta herritarrarena. Hernaniri eta bertako herritarren beharrei ikuspegi transbertsal batetik begiratzea dute helburu, eta jada martxan dauden hamaika proiekturi herri bultzada eta laguntza ematen diete.

«Ondorengo belaunaldiek zergatik helduko diote euskarari?»