INFO

Erresonantzia magnetikoak ez ditu Altunak bere ezker sorbaldarekin dituen kezkak erabat uxatu

Amezketarrak ezker sorbaldan distentsio bat duela berretsi eta ezer berririk ez duela baieztatu du gaur egindako erresonantziak, baina minduta esnatu da eta atseden hartu beharko du hurrengo egunetan. Ondorioz ez du ostiralean Elordiren aurka jokatuko.

Jokin Altuna, burumakur, igandeko partidako irudi batean. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Finalerdietarako ligaxka besapean baina oso kezkatuta utzi zuen igandean Astelena pilotalekua Jokin Altunak eta gaur egin dioten erresonantzia magnetikoak ez ditu buruan dituen mamuak erabat uxatu. Enpresak igorritako mediku ohar laburrean irakur daitekeenez, amezketarrak «distentsio bat dauka ezker sorbaldako lepauztaiko kapsulan» eta horrek badu bere irakurketa positiboa, igandean jasotako kolpeak ez duela lehendik zuen lesioa areagotu, baina pilotariak NAIZi adierazi dionez, «gaur minez esnatu naiz eta ikusi egin behar hurrengo egunetan nola erreakzionatzen duen besoak». Momentuz atseden hartu beharko du zenbait egunetan eta, ondorioz, pentsatzekoa zen bezala, uko egin dio ostiralean Elordiren aurka jokatuko behar zuen partidari.

Lesioa ez da berria eta orain arte amezketarra moldatu da zortzigarren urtez jarraian finalerdietan sartzeko, nahiz eta eguneroko jardunerako oztopoak izan. Medikuek ohartarazi diote lesioa ez dela «ezer larria» baina bai «oso latosoa» eta denboratan izango duen mina izango dela.

Igandean, partida amaitutakoan, amezketarrak bere kezka agertu zuen eta mina ez dela berria onartu zuen ETB-ko kameren aurrean. «Bi hilabete daramatzat min hauekin, abuztuan hartu nuen kolpea Gasteizko ferian, orain arte ez dut ezer esan baina orain nahikoa agerikoa da eta nahikoa kezkatuta nabil, ze goizero minarekin  esnatzen naiz, oso deseroso, gauean ere lo egiteko garaian esnatu egiten naiz eta entrenatzen  ez dit uzten ondo. Gaur, berriz, leku berean kolpe bera hartu dut», azaldu zuen.

Altuna III.a ikasten ari da min horrekin bizitzen, baina onartu zuen partidetan ez dagoela bere %100ean eta lesioak ez diola partidak behar bezala prestatzen uzten. «Astean zehar erregulartasun batekin ezin entrenatuta nabil. Orain dela hiru aste apur bat joan zitzaidan baina Amezketan jokatu nuen astean berriz ere etorri zitzaidan eta aste honetan apenas entrenatu dut. Eskuinez oso ondo sentitzen naiz baina ezkerrarekin kezkatuta nabil. Kolpea jaso dudanean sekulako mina egin dit, medikuak esaten zidan normala dela daukadan lesioarekin mina izatea, gero beroan pixka bat joan egiten zait, baina esandakoa,kezkatuta bi aste ditut eta ea errekuperatu eta finalerdia jokatzerik dudan», gaineratu zuen gaur egin dioten probaren emaitzak jakin aurretik.

Salaberriak ere ez du jokatuko

Jokin Altunarena ez da ligaxkako azken jardunaldian izango den hutsune bakarra, aurreko asteburuan bezala, Iker Salaberriak ere uko egin baitio ostiralean Peio Etxeberriaren aurka jokatu behar zuen partida jokatzeari. Goizuetarrak eskuin eskuko kailua irekita dauka oraindik eta ez dago aste honetan jokatzeko moduan, are gutxiago jokoan ezer ez izanda.

Beasainen jokatzekoak ziren txapelketako bi partidak bertan behera geratu direnez, Aspek binakako bi partida iragarri ditu ostiralerako. Estelarrean, kaiolan jokatzekoak ziren Peio Etxeberria eta Aitor Elordi elkarren aurka ariko dira, mallabitarrak Rezustarekin osatuko du bikotea eta ultzamarrak Tolosarekin.